Euskal Zinema Dokumentalaren IX. Asteak bost lan eskainiko ditu

Erredakzioa 2023ko ira. 26a, 08:58

Bost dokumental eskainiko ditu Vital Fundazioaren asteak.

Urriaren 2tik 6ra bitartean, bost dokumental ikusteko aukera izango da Gasteizen eta Kuartangon.

Vital Fundazioak antolatzen duen Euskal Zinema Dokumentalaren IX. Asteak iazko zinema dokumentaleko produkziorik onenak aurkeztuko ditu, urriaren 2tik 5era bitartean. Gasteizen eta Kuartangon izango dira emanaldiak. "Lurraldeko gainerako tokietan ere kalitatezko kultura jarduerak antolatzeko konpromisoa indartu nahi dugu", nabarmendu dute Vital Fundaziotik. Emanaldiak egunero izango dira, 19:30ean, eta sarrera librea izango da eserlekuak bete arte. Jardunaldi bakoitzari hasiera emateko dokumentala aurkeztuko da, eta ondoren, emanaldia egingo da.

Inaugurazio eguna, urriaren 2an, Fermin Muguruzaren Bidasoa 2018-2023 lanari eskainiko zaio. Frantziak, 2018ko udan, Bidasoako mugako pasabide batzuetan ezarri zuen polizia kontrolari eta itxierari buruzkoa da dokumentala. Etorkinen sarrera saihestea zuen helburu itxierak, eta urtebetean hamar heriotza eragin zituen. Dokumentalak, ibaiaren alde bateko eta besteko zenbait aktibistari ahotsa emateaz eta aurpegia jartzeaz gain, bizia galdu zutenak ere gogoratzen ditu, izena, adina eta ametsak jarriz, hildakoen zifra hotzen atzean ezkutatzen diren historia eta pertsonak ezagutzera emanez.

Asteartean, Iratxe Fresneda zuzendari duen Tetuan lanaren txanda izango da. Bizitza errealeko esperientzietan oinarrituta, Fresnedak bidaia pertsonal batean barneratuko gaitu, non iragana eta oraina esperientzia bisual ikaragarrian eta sentsorialean uztartuko diren; Danubioren ertz lasaietatik Madrilgo bizitza asaldaturaino, elkarri lotutako lau istorio elkartuko dira, eta Tetuaneko misterioetan galduko dira. Hilaren 4an, Sergio Azkarateren Amaiur lana ikusteko aukera izango da. Dokumental horretan, mendiarekin eta naturarekin erlazionatzeko modu desberdinak erakusten da.

Josu Martinezen Mirande, film bat egiteko zirriborroa izango da protagonista urriaren 5ean, ostegunean. XX. mendearen erdialdean, Jon Miranderen prosak erakutsi zuen euskara gai zela literatura landua eta unibertsala sortzeko. Denek onartzen dute haren garrantzia. Baina gai tabua da oraindik ere. Arrazista, pedofiloa, nazia, misoginoa, moralik gabea… zela esaten da berari buruz. Martinezek hitza eman dio.

Ostiralean, IX. edizioari amaiera emateko, Euskal Zinema Dokumentalaren Astea Gasteizetik kanpora irten eta Kuartangora iritsiko da. Bertan, Aitor Lopez de Aberasturiren Bidean Jarraituz aurkeztuko da. Bingen Mendizabal konpositoreak Bernardo Atxaga idazlea ardatz duen dokumental baten soinu banda egiteko enkargua jaso du. Enkargu berri horrek gogora ekarriko dio 80ko hamarkadatik gaur egunera arte zineman eta musikan izandako ibilbidea. Hainbat lekukotasunen bidez, bizi izandako zurrunbilo artistikoa eta zinemaren eta musikaren munduan bidea ireki zuten izen handi guztiak errepasatuko ditu.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago