'20.000 especies de abejas' ez da Oscar Sarietara joango

Erredakzioa 2023ko irailaren 20a

Esti Urresola zuzendaria eta Sofia Otero aktorea. Argazkia: BTEAM Pictures

Espainiako Zine Akademiak J.A. Bayonaren 'La sociedad de la nieve' filma hautatu du Oscar Sarietan Espainia ordezkatzeko. Esti Urresolaren '20.000 especies de abejas' eta Victor Ericeren 'Cerrar los ojos', berriz, lehiatik kanpo gelditu dira.

Arabako zinemagintza 2024ko Oscar Sarietara iristeko zorian izan da, baina, azkenean, Espainiako Zine Akademiak ez du 20.000 especies de abejas filma aukeratu. Irailaren hasieran, Akademiak nazioarteko zinemaldirik ospetsuenera aurten bidaliko dituen hiru filmen aurreselekzioa iragarri zuen: Esti Urresola laudioarraren 20.000 especies de abejas, Victor Erice bizkaitarraren Cerrar los ojos eta J.A. Bayona katalanaren La sociedad de la nieve.

Hiru film horiek ziren aurreselekzio prozesuaren azken fasera iritsi zirenak. Akademikoek horietako bat aukeratu dute, boto bidez, Espainia ordezkatzeko Oscar Sarietako Nazioarteko Film Onenaren kategorian; eta gaur jakitera eman dute behin betiko erabakia: J.A. Bayonaren La sociedad de la nieve.

Aurrerago, AEBetako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak erabakiko du zeintzuk izango diren behin betiko izendapenak, mundu osotik aurkeztutako ehunka filmen artean. Abenduaren 21ean jakinaraziko dute hamar pelikulaz osatutako shortlist-a, eta urtarrilaren 23an, berriz, bost lan finalistak. Oscar Sarien 96. edizioa 2024ko martxoaren 10ean izango da, Hollywoodeko Dolby Theatre antzokian, Los Angeles hirian.

Erleak Zinemaldira

Zinema aretoetan zein jaialdietan lortutako arrakastaren ostean, eta Oscar Sarietara bidea itxita, Urresolaren lana euskal zinemari eskainitako Zinemira saila irekiko du irailaren 22an Donostiako Zinemaldian.

Euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez filmatutako pelikulak Coco neska transexualaren istorioa kontatzen du. Besteak beste, Sofia Otero, Patricia Lopez Arnaiz, Ane Gabarain, Itziar Lazkano, Martxelo Rubio, Sara Cozar, Miguel Garces, Unax Hayden eta Andere Garabieta aktoreek parte hartu dute; eta lantalde artistiko zein teknikoa ia soilik emakumeek osatu dute, horien artean Izaskun Urkijo arte zuzendari gasteiztarrak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago