Munduko artzain txakurren selekzioen txapelketan bigarren postua lortu du Oscar Murgiak

Erredakzioa 2023ko irailaren 19a

Oscar Murgia bere txakurrarekin. Argazkia: O.M

Arabarrak hogeita zortzigarren postua eskuratu du maila indibidualean.

World Sheep Dog Trials munduko artzain txakurren txapelketa irailaren 13tik 16ra egin da, Ipar Irlandan, Gil Hall estatuan, eta 30 herrialdetako 240 txakurrek parte hartu dute. Artzain Txakurren Nazioarteko Elkarteak (ISDS) antolatuta, aurten, askoren harridurarako, Espainiak eta Portugalek osatutako selekzioak bigarren domina eskuratu du, 880 punturekin, Irlandako lehen sailkatuengandik lau puntu eskasera. Oscar Murgia arabarra izan da selekzio horren parte, Sergio Perello eta Anita Hermesekin batera.

Murgiak ALEAri azaldu dionez, antolatzaileek Portugal eta Espainia batu zituzten taldekako lehiaketan parte hartu ahal izateko bost txakur behar direlako. Pozik agertu da taldeak egindako lanarekin: "Orain arte ez genuen ezer pintatzen, eta iaz Europako txapeldunak izan ginen eta aurten txapeldunordeak; sinestezina da". Murgiak aipatu duenez, Euskal Herrian euskal artzain txakurraren inguruan badago kultura handia, "baina Espainia mailan ez dago horrenbesteko tradizioa, alde horretatik artzaintzaren kultura ez dago oso zabalduta, eta oso selekzio berria gara. Duela hamar urte hasi ginen talde bat sortzen eta urte hauetan asko aurreratu dugu denbora gutxian". Selekzio bezala egiten duten hirugarren munduko txapelketa izan da.

Taldekako txapelketaz gainera, Murgiak hogeita zortzigarren postua lortu du maila indibidualean. "Ez nintzen finalera sartu ardi madarikatu bat tokatu zitzaidalako, baina zorian egon nintzen. Batzuetan irabazten duzu zuk eta beste batzuetan ardiek". Halere, txapelketaren oso balorazio positiboa egin du arabarrak, eta berarekin eraman dituen Ketzal eta Spott border collie txakurren lana goraipatu du. "Artzain txakurren txapelketen mundu honetan, jendeak berehala erosten eta saltzen ditu txakurrak; aldiz, nik hazitako txakurrak eramaten ditut beti. Grazia egiten die nik nire txakurrak erabiltzea". Izan ere Murgian border collie txakurren haztegia eta txakurrak trebatzeko zentroa du Murgiak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago