Astelehen honetan, Gasteizko Udaleko, Arabako Foru Aldundiko eta Arabako Batzar Nagusietako ordezkariek omenaldia egin diete diktadura frankistak gure lurraldean errepresaliatutako pertsona guztiei. Ekitaldian frankismoaren biktimen kolektiboetako ordezkariek eta senitartekoek parte hartu dute, baita Eusko Legebiltzarreko eta Jaurlaritzako ordezkariak ere.
Vox alderdi ultraeskuindarrak uko egin dio omenaldian parte hartzeari, Arabako Batzar Nagusietan lehen aldiz ordezkari bat lortu ostean izandako lehen aukeran. Jonathan Romero Voxeko ordezkaria izan da ekitaldira joan ez den batzarkide bakarra.
Omenaldian, minutu bateko isilunea egin ondoren, lore eskaintza egin dute In Memoriam monolitoaren aurrean, Probintzia plazako Argi basoa eskultura multzoan.
Aldundiak eta Batzar Nagusiek urtero antolatzen dute ekitaldia irailaren 18an, 1936ko egun horretan fusilatu baitzuten Teodoro Olarte Arabako Foru Aldundiko Kudeaketa Batzordeko lehendakaria. Batzorde hori osatzen zuten Fronte Popularreko 15 kideetatik 9 hil zituzten tropa frankistek: Olartez gain, Daniel Diaz de Arcaya, Antonio Diaz Moreno, Modesto Manuel Azcona, Serviliano Etcheverry, Primitivo Herrero, Casto Guzman, Guillermo Lopez Ozaeta eta Jose Placer Martinez de Lezea.
Beste sei horietatik, Eduardo Lafuente Bizkaiko gerra-frontean hil zen, eta bost baino ez ziren bizirik atera, kartzela, erbestea eta Erantzukizun Politikoen Auzitegiaren isunak jaso ondoren: Julio Garcia, Juan Cruz Ruiz de Azua, Jose Maria Belaustegigoitia, Jose Castresana eta Jose Larreina.