Bi ertzain ez dira agertu Tubacexeko auzipetuen epaiketara

Erredakzioa 2023ko ira. 18a, 13:00

Tubacexeko langileek elkarretaratzea egin dute epaitegien aurrean. Argazkia: LAB

Hiru gazteren aurkako epaiketa azaroaren 27ra atzeratu egin dute, bi ertzainek lekuko gisa deklaratzeko jakinarazpena berandu jaso dutelako.

Astelehen honetan egitekoa zen Tubacexeko greba mugagabearen testuinguruan egindako protesten harira auzipetutako beste hiru gazteren aurkako epaiketa. Hala ere, Aiaraldea.eus hedabideak argitaratu duenez, azaroaren 27ra atzeratu egin du epaileak, "administrazio hutsegite" baten ondorioz lekuko gisa deklaratu behar zuten bi ertzain bertaratu ez direlako; izan ere, jakinarazpena ez zaie garaiz iritsi.

Guztira hamabi ertzain zeuden deituta lekuko moduan deklaratzeko, baina huts egin duten bi lekuko horiek "funtsezkoak" direla ebatzi du epaileak, eta, hortaz, bertan behera utzi du gaurko hitzordua. Antza denez, horietako batek irudiak grabatzeko ardura izan zuen epaituko diren gertakarien egunean.

Azkenean epaiketa egin ez den arren, dozenaka lagun bildu dira 08:30ean Gasteizko Justizia Jauregiaren aurrean, auzipetuen absoluzioa eskatzeko Langile borroka ez da delitua! lelopean sindikatuek deitutako elkarretaratzean.

Epaitutako hiru gazteetako bakoitzarentzat lau urte eta zazpi hilabeteko espetxe zigorra eskatu du Fiskaltzak, Tubacexeko greba mugagabearen 43. egunean Saratxoko piketean jazotako gertakariengatik.

Urriaren 11n, beste epaiketa bat

Bestalde, gaur egitekoa zen baina azkenean azaroaren 27an izango den epaiketaz gain, Tubacexeko bi langile epaituko dituzte urriaren 11n, asteazkenean. Kasu honetan, Fiskaltzak 14 hilabeteko espetxe zigor bana eskatu du auzipetu bakoitzarentzat, desordena publikoak eta agintaritzaren kontrako delituak egotzita.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago