Ura Bere Bidean Korala, euskal musikaren festa handia

Erredakzioa 2023ko ira. 14a, 19:00
Idoia, ETS, Maren eta Gatibu izango dira Buesa Arenan. ALEA

Irailaren 23an, Ura Bere Bidean Korala abesbatzen jaialdiaren estreinaldia hartuko du Buesa Arenak. Idoia, ETS, Maren eta Gatiburen kontzertu akustikoek jantziko dute festa.

Fair Saturday fundazioak bultzatutako Ura Bere Bidean proiektuak ekimen berria dakar ikasturte honetan: Ura Bere Bidean Korala. Eta estreinaldi esklusiboa Gasteizen izango da irailaren 23an, larunbatean. 2022ko edizioko abestiak bertsio koralean iritsiko dira Buesa Arenara.

Hiru ordu baino gehiagoko ikuskizuna euskal musikaren arrakasta handien ingurukoa izango da, 70. hamarkadatik gaur egunera arteko abestiekin eta ikus-entzunezko proposamen zirraragarri batekin.

Ikuskizuna bi zatitan egingo da. Arabako 19 abesbatza, hiru ikastetxe eta Bilboko Abesbatza izango dira oholtza gainean 20:30etik aurrera, baina lehenago, 19:00etatik aurrera, Idoia, ETS, Maren eta Gatiburen kontzertu akustikoez gozatu ahal izango dute bertaratutako milaka lagunek.

500 ahots inguruk hamasei bat euskal kanta garaikide eskainiko dituzte, Fernando Velazquez euskal konpositore ospetsuak berregindako partiturekin. Ekitaldi osoan zehar, publikoaren parte-hartzea bilatuko dute, kantutegi zein pantaila erraldoien bitartez. Gainera, Nerea Garmendia izango da zeremonia-maisua, giro hurbila, dibertigarria eta kolektiboa sortzeko asmoarekin.

BECen urtero egiten den Ura Bere Bidean ohiko kontzertua bezala, besteak beste La Voz, Benidorm Fest eta Goya Sarietan eskarmentua duen Iñaki Irastorza eszena eta argi zuzendariak diseinatuko du bertsio korala. Musika zuzendaria, aldiz, Alberto Saez Puente izango da.

Sarrerak salgai

Sarrerak eskuragarri daude jada www.ubbkorala.eus webgunean, 15 edo 23 euroko prezioan, eta Buesa Arenako leihatilan ere eskuratzeko aukera izango da. Aurreikuspenen arabera, datozen egunetan agortuko dira sarrerak, eta 3.000 pertsona inguru bilduko dira ekitaldian.

"Musika lan moderno ezagunak zabaltzea, euskal koru-errepertorioa aberastea, hautatutako abestiak errotzea, musika ekoizpenaren gero eta azelerazio eta globalizazio handiagoaren aurrean, eta lurraldeko koru-ekosistemari balioa ematea" izango dira Ura Bere Bidean Koralaren helburu nagusiak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide