Nola kudeatu euskara enpresa batean?

Erredakzioa 2023ko ira. 13a, 18:14

Lazarraga Sariak banatzeko ekitaldia, 2022an. Argazkia: BAI EUSKARARI

Bai Euskarari Elkarteak Arabako Enpresen Topaketa antolatu du irailaren 21erako, Lazarraga Saria irabazi duten hiru enpresaren esperientziak eta euskara kudeatzeko praktika onak ezagutzeko helburuarekin.

Arabako alor sozioekonomikoan euskararen alde egindako lanaren errekonozimendu gisa, 2010etik Lazarraga Sariak banatzen ditu bi urtean behin Bai Euskarari Elkarteak. Azken urteetan saria irabazi duten enpresen artean daude EBA S.L., Electra Vitoria eta Uriarte Industrial.

Aurten ez da sari banaketarik izango, hurrengoa 2024an izango baita, baina enpresa horien esperientziak ezagutzeko eta enpresa batean euskara kudeatzeko praktika onen inguruan hausnartzeko aukera eskainiko du Bai Euskarari Elkarteak. Horretarako, irailaren 21ean, ostegunean, Arabako Enpresen Topaketa antolatu dute.

Egitaraua 09:00etan hasi eta 11:00ak arte luzatuko da, EBA S.L. sozietatearen egoitzan, Gasteizko Zabalgana auzoko Ozeano Barearen kaleko 21. zenbakian, Gasteizen:

  • 08:45 - 09:00: Harrera
  • 09:00 - 09:15: Jardunaldiaren aurkezpena, Bai Euskarari Elkartearen eskutik
  • 09:15 - 10:00: EBA S.L., Electra Vitoria Orona eta Uriarte Industrial enpresen praktika onen azalpena
  • 10:00 - 10:30: Aldaialde ikastetxearen obrara bisita
  • 10:30 - 11:00: Agurra eta mokadutxoa

Bereziki Arabako enpresa bateko kide diren eta euskara kudeatzeko praktika onen berri izan nahi duten lagunei zuzenduta dago ekimena. Izen-ematea zabalik da jada, Bai Euskarari Elkartearen webgunearen bitartez edo honako formulario honen bidez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago