Hezkuntzak "euskara gehiago" behar duela aldarrikatu dute

Erredakzioa 2023ko ira. 12a, 18:39

Aldabe gizarte etxean egin dute agerraldia. Argazkia: Euskalgintzaren Kontseilua

'Hezkuntzak euskara gehiago behar du' goiburu, sinadura bilketa abiatu dute hezkuntza komunitateko eragileek Euskalgintzaren Kontseiluaren ekimenez.

Abiatu da urte politiko berria, eta horrekin batera, eztabaidaren erdigunean da Hezkuntza Lege berria. Testu horren eztabaida hasiko da berriro datozen egunetan, eta abagune hau baliatu nahi du Euskalgintzaren Kontseiluak lege horrek "euskara gehiago" izan dezan bermatu nahi duen sinadura bilketari ekiteko. "Hezkuntza sistema funtsezko elementua da gutxitutako hizkuntza baten normalizazio prozesuan: transmisioa bermatzeko bidea da, belaunaldi berriei euskara ematekoa", gogoratu dute gaur arratsaldean Gasteizko Aldabe gizarte etxean eginiko agerraldian.

Nabarmendu dutenez, euskararen normalizazio prozesua "ezinbesteko osagaia" da gizarte kohesioa, justizia soziala eta elkarbizitza indartzeko. "Euskararen normalizazioan egiten den urrats bakoitza urrats bat da demokrazian sakontzeko. Azken hamarkadotan urratsak egin dira euskararen normalizazioan, eta hezkuntza komunitatea izan da horien zutoin nagusietako bat". Halere,  euskarak egoera gutxituan jarraitzen duela gogoratu dute, eta beraz, berdintasuna helburu, euskarak "neurri proaktiboak" behar dituela. "Horregatik, ikasle euskaldun eleaniztunak sortzerako orduan arrakasta gehien izan duen hezkuntza-eredutik abiatu behar da etorkizuneko arautegia; alegia, euskara ikas- eta irakats-hizkuntza duen eredutik. Beraz, euskarak behar du izan hezkuntza-sistemako hizkuntza normalizatua".

Babes zabala

Kontseiluak hezkuntza komunitateko eragile nagusiekin egin du lanketa: sindikatuekin, irakaskuntza sareetako ordezkariekin, guraso elkarteekin, adituekin… Iazko abenduaren 3an hezkuntzako, kulturako eta euskararen munduko 200dik gora aditu eta profesionalek sinatutako proposamen plazaratu zuen. Eta gaur, ikas-komunitateko hainbat guraso, langile, ikasle eta irakasle ditu alboan, Euskal Herriko Ikastolak, EHIGE, Hik Hasi eta HEIZE hezkuntza-eragileek eta STEILAS, LAB eta ELA sindikatuez gainera.

Azaldu dutenez, sinadura bilketa honen bidez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritar guztiei zabaldu nahi diete hezkuntzak euskara gehiago behar duela adierazteko eta aldarrikatzeko bidea. Zehazki, hiru puntu hauek lege berrian jaso daitezen eskatuko zaie Legebiltzarreko kideei: 1. Euskara ikas- eta irakats-hizkuntza izango duen eredu orokortu inklusiboa. 2. Euskal kultura ardatz izango duen euskal curriculuma. 3. Hezkuntza ez-arautua osorik euskaraz garatzea.

Sinadura bilketa hilabetez luzatuko da, irailaren 12tik urriaren 15era arte. 16 urtetik gorako herritarrek sinatu ahal izango dute, bi modutara: presentzialki, sinatzeko jarriko diren mahaietan, zein www.euskaragehiago.eus webgunean online. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago