Euskara EITBren eta ikus-entzunezkoen erdigunean jartzea exijitu dute

Erredakzioa 2023ko irailaren 11

Ekimenaren aurkezpena, larunbatean Eusko Legebiltzarraren aurrean. Argazkia: @AldatuGidoia

30 eragile baino gehiagoren babesarekin aurkeztu dute Aldatu Gidoia herri ekimena, Eusko Jaurlaritzari eta EITBri kultura eta ikus-entzunezkoen politikak "errotik" aldatzea eskatzeko. Manifestazioa egingo dute Gasteizen 2024ko maiatzaren 18an.

"Euskara behingoz erdigunean jartzea nahi dugu", aldarrikatu dute Aldatu Gidoia euskararen alde egitasmoaren aurkezpen agerraldian, larunbatean Eusko Legebiltzarraren aurrean. Izan ere, 31 bat eragilek bat egin dute Eusko Jaurlaritzari eta EITBri eskatzeko kulturan eta, bereziki, ikus-entzunezkoen politiketan eskaintza "duina" egiteko.

"Euskarak fikzioa behar du. Estrategiak eguneratzea eta EITBz haragoko euskararen aldeko hizkuntza politikak abian jartzea eskatzen dugu. Onartezina deritzogu instituzioetatik euskara, euskarazko fikzioa eta euskarazko bikoizketa baztertzeari audientzia aitzakiatzat erabilita", kritikatu dute. "Premiazkoa da egungo kultura politikak errotik aldatzea eta euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza osatzea".

Horretarako, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren urteko aurrekontuaren %5a euskarazko ikus-entzunezkoetara bideratzea eskatu dute, hau da, biztanleko 9 euro urtean. Bestalde, EITBren kasuan, urtean edukietara bideratutako diru-partidaren %75 euskarazko eduki eta programetara bideratzea exijitu dute. Gainera, EITBren euskarazko bikoizketa urtean 1.500 orduko produkzio mailara itzultzea galdegin dute.

Ekoizpena areagotzeaz gain, Eusko Jaurlaritzari zinemako zein streaming plataformetako euskarazko estreinaldiak promozionatzeko eskaera luzatu diote: "EITBn euskarazko kulturari lehentasunezko tokia ematea eta sareko euskarazko sortzaileak ikusgarri egitea. Erakundeek bideojokoetan ere euskararen presentzia bermatu behar dute".

Horrekin guztiarekin batera, EITBk "Euskal Herri osorako jardutea" eskatu dute, baita "Euskal Herria, euskara eta euskal kultura ardatz" izatea ere.

Mobilizazioa eta sinadura bilketa

2024ko aurrekontuetan beren eskariak aintzat har ditzaten, Eusko Jaurlaritzarengana eta alderdi politikoengana joko dute datozen asteetan, eta mobilizazio bat antolatuko dute 2024ko maiatzaren 18an, larunbatean, 17:30ean Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzaren aurrean, Lakuan. Bide batez, sinadura bilketa bat abiatu dute Change.org plataforman.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago