EITB Saria jaso du Tokikomek Gasteizko FesTVal jaialdian

Erredakzioa 2023ko irailaren 9a

Tokikomeko ordezkaritza Festval jaialdiko itxiera ekitaldian. / Argazkiak: FESTVAL

Larunbat iluntzean ospatu da aurtengo Festval jaialdiaren itxiera gala, hainbat sari banatuz.

Hamaika aurpegi ezagun izan dira astean zehar Gasteizen ospatutako Festval jaialdian. Telebista aurkezleak, aktoreak, zuzendariak eta orokorrean estatu mailako telebista kate gehienetariko protagonistek esku artean dituzten proiektuak ezagutarazteko asmoz bisitatu dute telebista munduko jendea biltzen duen jaialdia. 

Jaialdiari itxiera emateko, ohi dutenez, itxiera gala ospatu da Principal Antzokian eta oholtzatik igaro dira saritu ezberdinak. Joan Ramon Mainat saria jaso dute Sonsoles Onega, David Broncano, Jose Mota eta Carlos Soberak. Constantino Romero saria berriz Jose Maria Garcia aurkezleari egokitu zaio. Festval 2023 saria telesail eta telebista progama ezberdinei banatzeaz gain, Gorka Ortiz de Urbinak ere jaso. Baina ez da Zeledon izan Principal antzokian gure lurraldeko ordezkari bakarra. Izan ere, Tokikomek jaso du aurtengo EITB saria.

Iban Arantzabal Tokikomeko presidenteak jaso du saria. FESTVAL

TOKIKOMeko zuzendariak, Alaitz Artolazabalek, eta presidenteak, Iban Arantzabalek, jaso dute saria. Biek ere pozez eta eskertuta hartu dute saria. Alaitz Artolazabalek nabarmendu duenez, “EiTB bezalako enpresa handi batek TOKIKOMen txikitik egiten dugun ahalegina aitortu izana oso berri pozgarria da, honelako jaialdi batean euskara hutsezko hedabideak aitortzea pozgarria den bezalaxe”. Iban Arantzabalek, bere aldetik, azpimarratu du “globalizazioaren aroan, zero kilometroko komunikazioak inoiz baino garrantzi handiagoa duela gizarte demokratiko eta kohesionatua bermatzeko, eta zeregin horretan ezinbestekoa dela euskal hedabideen arteko lankidetza. Tokian tokikoak komunitate biziak dira eta komunikazio gertuko eta fidagarriak behar dituzte”.

Jasotako sariarekin, EiTBk TOKIKOMen 10 urteko ibilbidea nabarmendu nahi izan du, eta euskal esparru komunikatiboaren alde egindako lana aitortu. Toki komunikabideen lanaren garrantzia azpimarratzeaz gain, TOKIKOMek elkarlan eredu berriak garatu ditu, tartean EITBrekin berarekin, sektorearen hedapena sustatu eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago