'20.000 especies de abejas' filma Oscar Sarietara bidean

Erredakzioa 2023ko irailaren 8a

Patricia Lopez Arnaiz eta Sofia Otero, filmaren fotograma batean. Argazkia: Gariza Films

Esti Urresolaren '20.000 especies de abejas' filma aurre-hautatu du Espainiako Zine Akademiak Oscar Sarietan Espainia ordezkatzeko, 'Cerrar los ojos' eta 'La sociedad de la nieve' filmekin batera.

Arabako zinemagintza 2024ko Oscar Sarietara irits daiteke, Esti Urresola zinemagile laudioarraren eskutik. Izan ere, Espainiako Zine Akademiak nazioarteko zinemaldirik ospetsuenera aurten bidaliko dituen hiru filmen aurreselekzioa iragarri du: Esti Urresola arabarraren 20.000 especies de abejas, Victor Erice bizkaitarraren Cerrar los ojos eta J.A. Bayona katalanaren La sociedad de la nieve.

Hiru film horiek iritsi dira aurreselekzio prozesuaren azken fasera. Laster, akademikoek horietako bat aukeratuko dute, bozka bidez, Espainia ordezkatzeko Oscar Sarietako Nazioarteko Film Onenaren kategorian; irailaren 20an jakitera emango dute behin betiko erabakia. Aurrerago, AEBetako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak erabakiko du zeintzuk izango diren behin betiko izendapenak, mundu osotik aurkeztutako ehunka filmen artean.

Oscar Sarien 96. edizioa 2024ko martxoaren 10ean izango da, Hollywoodeko Dolby Theatre antzokian, Los Angeles hirian.

Euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez filmatutako pelikulak Coco neska transexualaren istorioa kontatzen du. Besteak beste, Sofia Otero, Patricia Lopez Arnaiz, Ane Gabarain, Itziar Lazkano, Martxelo Rubio, Sara Cozar, Miguel Garces, Unax Hayden eta Andere Garabieta aktoreek parte hartu dute; eta lantalde artistiko zein teknikoa ia soilik emakumeek osatu dute, horien artean Izaskun Urkijo arte zuzendari gasteiztarrak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago