⛅ EGURALDIA

Antzera ibiliko da

Erredakzioa 2023ko irailaren 8a

Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Azken egunotako eguraldia luzatuko da datozen 72 orduetan ere, baina ekaitzak sortzeko aukera gehiago egongo dira, batez ere larunbatean. 

Lan astearen amaieran ere zerua hodeitsu agertuko da tarteka, erdi eta goi mailako hodeiekin. Arratsaldean bero hodeiak pilatu daitezke, baina horietatik euria askatzeko probabilitatea txikia dela iritzi dio Euskalmetek. Azken egunotako joeran mantenduko da Eolo, hegotik ufa eginez, zenbaitetan gogotsu. Tenperaturei dagokienez, gaur Gasteizen 17 eta 30 gradu arteko aldea egongo da, AEMETen arabera.

Asteburuan halako giroak segida izango du: larunbatean zerua tarteka hodeitsu egongo da, erdi eta goi mailako hodiekin. Oraingoan bai, pilatutako hodeien ondorioz ekaitzak egongo direla iragarri dute, bereziki goizean goiz eta egunaren amaieran. Bide beretik joango da igandea ere, hodeiekin eta ekaitzak izateko aukerarekin. Tenperaturetan ere ez da demaseko aldaketarik espero: larunbatean 18 graduan hasi eta 30 gradura igoko dira. Igandean, berriz, 16 eta 29 gradu artekoa izango da aldea. 

Bidali eguraldiari buruzko zure argazkiak erredakzioa@alea.eus helbidera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago