Hasi da Arabako Pintxoaren Aste Nagusia

Erredakzioa 2023ko ira. 4a, 18:00

Pintxoaren Astearen aurreko edizio bat. Argazkia: alava.pintxos.eus

Miniaturazko gutizia gastronomikoak astelehenetik igandera bitartean dastatu ahal izango dira Gasteizko zein lurraldeko ostalaritza establezimenduetan. Irailaren 12an finala izango da, showcooking formatuan.

Martxan da 2023ko Arabako Pintxoaren Aste Nagusia. Irailaren 4tik 12ra bitartean, astelehenetik igandera, Gasteizko eta Arabako hainbat ostalaritza establezimendutan. Egitasmoak bi fase izango ditu: astelehenetik igandera, lehiaketarako proposatutako pintxoak dastatzeko aukera izango da; datorren asteko asteartean, berriz, finala jokatuko da.

Lehenengo fasean, miniaturazko gutiziak probatu ostean, gogokoenen aldeko botoa eman ahal izango da Arabako Pintxoaren Astearen app-aren edo alava.pintxos.eus webgunearen bitartez. Halaber, plataforma horietan ekimenari buruzko informazio guztia topatu ahal izango da, tartean parte hartuko duten establezimenduen eta pintxoen zerrenda.

Zazpi egunetan jasotako puntuazioaren arabera, sailkapena osatu eta erabakiko da zer pintxok jasoko duen Arabako Pintxoaren Aste Nagusiko Herritarren Saria, 500 eurokoa.

Aldi berean, epaimahai profesional eta anonimoa establezimendu batetik bestera ibiliko da proposatutako pintxoak dastatzen. Epaimahai horrek prestatuko du finalera igaroko diren hamar hautagaien zerrenda.

Bukaerako faseari dagokionez, finala irailaren 12an jokatuko da, asteartean, showcooking formatuan, 17:00etatik aurrera La Peña Vitoriana tenis klubean. Bertan, sukaldariek haien pintxoa aurkeztuko dute gastronomiaren munduan prestigio handia duten profesionalek osatutako epaimahaiaren aurrean. Sarrera librea izango da.

Epaimahaiak aukeratuko ditu pintxo irabazleak, hainbat ezaugarri kontuan hartuta: zaporea, originaltasuna, errezeten aurkezpena eta tabernako zerbitzuaren testuinguru barruko bideragarritasuna. Sari banaketa 19:00etan egingo da: Urrezko Pintxoaren irabazleak 2.000 euro jasoko ditu; Urrezko Pintxoaren irabazleak 1.000 euro; eta Brontzezko Pintxoaren irabazleak 500 euro.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago