Harrimena lantzeko ariketak

"Urteak bete arren, ohartu naiz ez diodala harritzeari uzten"

Anakoz Amenabar 2023ko ira. 4a, 06:00

Harriduraren inguruko gogoeta sustatu nahi du Zelaietak. Argazkia: Erlantz Anda

Irailaren 8tik aurrera, proposamen berri batekin dator ALEAra Edu Zelaieta; ohiko zutabeak alde batera utzita, astero testu bat eta irudi bat aurkeztuko du 'Harrimena lantzeko ariketak' atalean. 

Zerekin harritzen gara? Zerekin ez? Landu ote daiteke harrimena? Atal berriarekin, gogoeta eragin nahi du Edu Zelaieta Anta (Gasteiz, 1973) ALEAren kolaboratzaileak.   Horretarako, ezohiko testu eta argazki bat aurkeztuko die irakurleei, umoretik, hausnarketarako txoko bat: Harrimena lantzeko ariketak. "Funtsean, harridura humanoa eragin dezaketen kontuak izango ditut hizpide; ohiko zarata mediatikotik urrun, literaturatik hurbil".

Hurrengo astetik aurrera, abentura berri bati ekin behar diozu ALEA aldizkarian?

ALEA jaio zenetik, aldizkariaren proiektuan kolaboratzen aritu naiz (eskerrik asko, bide batez, urte hauetan guztietan emandako aukeragatik!). Oraingoan, zuk diozun bezala, ezberdina izango da nire parte hartzea, abenturatik ere izango duena, bai. Izan ere, orain arte aldizkarirako egiten nituen zutabeak alde batera utzi eta bide berri bat esploratuko dut ikasturte honetan: Harrimena lantzeko ariketak.

Zer aurkituko du irakurleak astero 'Harrimena lantzeko ariketak' atal berri horretan?

Funtsean, harridura, esan dezagun, humanoa eragin dezaketen kontuak hartuko ditut hizpide; ohiko zarata mediatikotik urrun, bizitzaren gaineko literaturatik hurbil. Horretarako, testu bat eta irudi bat proposatuko ditugu astez aste. Aurrerapen modura esango dugu irule gisa (ez idazle, ez irakasle) sinatuko dudala atala. Harilkatzaile. Harrikatzaile.

Ezohiko testua aurkeztuko duzu, eta ezohiko irudiak lagunduta gainera.

Irudiak adimen artifizialak emango dizkigu. Behin testua hari bihurtuta, galdetu egingo diot makinari. Asteko gaiaz, eta euskaraz. Joko moduko bat izango da, nire eskuen kontrola aise gaindituko duena (ez dakit zein marraztuko digun, gure zein ispilutatik ariko den adimentsu), eta, jakina, umore kutsua izango duena: nork eta nik adimen artifiziala erabiltzen! Inguruko batzuk dagoeneko harritzen hasiko dira hau irakurtzearekin. Seguru!

"Zerekin harritzen gara? Zerekin ez hainbeste? Ba al du harridurak agenda publikorik edo hegemonikorik?"

Irakasle batek ariketak jarri behar zituen, noski...

Honekin, berriz, ez dira hainbeste harrituko, ez. Deformazio profesionalak bizi nau segur aski… Hala baitio printzipio didaktiko nagusi batek: eginez ikasten da hobekien eta gehien, arituz. Eta, noski, hortik ariketak proposatzearena… Dena den, literaturan bada, izenburuan nahiz mamian, ariketak proposatzen dituen aski lan ezagunik: Raymond Queneau-ren Estilo-ariketak, adibidez. Zoritxarrez desagertzeko arriskuan bide den Igela argitaletxeak aspaldi argitaratu zuen euskaraz.

Harrimena, harridura... zer dela eta?

Uste dut, galderari zintzo erantzuteko, arrazoi bikoitza azaldu behar dudala: nire izaera eta (akaso horri komeni zaion) aldarrikapen politikoa.

Batetik, urteak bete arren, maiz suposatzen dugunaren kontrara, ohartua naiz ez diodala harritzeari uzten. Nahita ere ez dudala lortzen, alegia. Harridura, lehenik eta behin, emozioa baita, zerbaitek gogo-gorputza nolabait mugitzea. Teoria hori badakit-edo, baina praktikan ezustean harrapatzen nau maiz aski. Oraindik ere… Beraz, nolabait, nire baitan aldatu ezin dudan horren aliatu egitea erabaki dut.

Bestetik, modu aldarrikatzaile batean adierazteko, harriduraren politizazioa dago. Zerekin harritzen gara? Zerekin ez hainbeste? Ba al du harridurak agenda publikorik edota hegemonikorik? Landu ote daiteke harrimena? Irule harritu eta harritzaile honen ariketek gogoeta eragin nahiko lukete bigarren alderdi horretan ere.

Fernando Pessoa izango duzu bidelagun ezta? Nora eramango gaitu?

Hala da, bai. Gauza harrigarri asko dituen pertsonaia da Pessoa. Pertsonaia diot, nire ustez, puskaz gehiago dakigulako eraikitako Pessoaz mundualdian izandako Pessoaz baino. Oraindik eraikuntzan dagoen pertsonaia ere bada neurri batean: urtero ateratzen dira, nahiz eta idazlea 1935ean hil zen, haren lanak moldatuta edota haren inguruko interpretazioak. Adibidez, 1982an aditu talde batek argitaratu zuen lehen aldiz Livro do desassosego. Geroztik, liburu horren hamalau edizio ezberdin omen daude portugesez.

Halakoa da, izan ere, O banqueiro anarquista-ren egilea. Haren gorputza aspaldi hilagatik ere, oraindik ere bizirik dirauena. Bazterrak erraz harritzen dituena.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago