⛅ EGURALDIA

Euria ate-joka

Erredakzioa 2023ko irailaren 1a

Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Gaur goiz garbi eta beroa izango dugu, baina biharko abisu horia ezarri dute euriteengatik.

Behin lainoa altxatuta, goiz garbia izango dugu gaur, baina arratsaldetik aurrera bero hodeiak pilatuko dira, eta horrek zaparrada trumoitsuak eragin ditzake. Haizea ere gogorrago bilakatuko da orduan, ipar osagaian finkatuz. Tenperatura nahiko altuak iragarri ditu AEMETek: Gasteizen 14 eta 32 gradu arteko aldea kalkulatu dute.

Asteburuan giro hori mantenduko da. Zerua oso hodeitsu edo estalita egongo da, eta sarritan euri ertaina egingo du. Zenbait lekutan are handiagoak izan daitezke. Horregatik, Jaurlaritzak larunbaterako abisu horia ezarri du EAE osorako: metro koadro bakoitzeko orduko 15 litro ur pilatu daitezke. Zenbait lekutan 20-60 l/m² pilatu daitezkeela ohartarazi dute.

Igande goizean egoera mantenduko den arren, arratsaldetik aurrera hobera egingo bide du, eta hodeitzak zein euriak gutxituko dira. Hurrenez hurren, larunbat eta igandean 15-24 eta 16-29 gradu arteko aldeak espero dira hiriburuan.

Bidali eguraldiari buruzko zure argazkiak erredakzioa@alea.eus helbidera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago