Droga trafikoan aritzen zen talde bat desegin dute Ertzaintzak eta Guardia Zibilak

Erredakzioa 2023ko abu. 30a, 12:00

Sei pertsona atxilotu eta 58 kilo kokaina, 12 kilo speed, 176 kilo marihuana, 24 kilo haxix eta 6.310 estasi pilula atzeman dituzte. Hamabi miaketa egin dituzte Bizkaian, Kantabrian eta Gasteizen.

Qilab/Arizko operazioa burutu dute Ertzaintzak eta Guardia Zibilak, Terrorismoaren eta Krimen Antolatuaren aurkako Inteligentzia Zentroak (CITCO) koordinatuta. Polizia oharraren arabera, Espainiako Estatuko iparralde osoan substantzia estupefazienteen —batez ere kokaina, speeda, marihuana, haxixa eta estasi pilulak— trafikoan aritzen zen "talde kriminal baten egitura osoa" desegin dute, eta "aurtengo kolperik handienetako bat" izan da.

Operazioan, guztira hamabi miaketa egin dituzte Araba (Gasteiz), Bizkaia (Bilbo, Barakaldo, Gamiz-Fika) eta Kantabriako (Potes eta Castro Urdialesen) hainbat etxebizitza eta trastelekuetan.

30 eta 73 urte bitarteko sei gizon atxilotu eta espetxeratu dituzte, Errioxan epailearen aurretik igaro ostean. Gehienek narkotrafikoaren ondoriozko zigor-aurrekariak zituzten, eta oraingoan erakunde kriminaleko kide izatearen, droga trafikoaren, kapitala zuritzearen eta armak legez kanpo edukitzearen delituak leporatu dizkiete.

Guztira, 57.849 gramo kokaina, 12.319 gramo speed, 176.471 gramo marihuana, 24.117 gramo haxix eta 6.310 estasi pilula atzeman dituzte legez kanpoko merkatura iritsi baino lehen. Harrapatutako drogak, faltsutu ondoren eta legez kanpoko merkatuan dosi, gramo eta unitatetan salduta, 17 milioi eurotik gorako balioa izango luke.

Horrez gain, operatiboaren barruan 78.536 euro konfiskatu dituzte eskudirutan, baita bi eskopeta, jaurtigairik gabeko bi pistola, gama altuko bi ibilgailu, kokaina eta speeda faltsutzeko aitzindariak, telefono mugikorrak, material informatikoa eta aztertu beharreko askotariko dokumentazioa ere.

Lau hilabeteko ikerketa

Apirilean abiatu zen ikerketa, Errioxan, Guardia Zibilak pertsona bat atxilotu zuenean droga trafikoaren akusaziopean, purutasun handiko 9 kilogramo speed atzeman ostean. Lehen ikerketen arabera, ustez, pertsona hori substantzia estupefazienteen garraiorako erakunde kriminal bateko kide zen; konfiskatutako droga Euskal Herrian finkatutako talde batekin lotu zuten.

CITCOk koordinatutako operazioaren barruan, egiaztatu zuten Ertzaintzak ere talde horren gaineko ikerketa martxan zuela, eta, horrenbestez, operazioa elkarlanean garatzea erabaki zuten.

Operazio-basea Bizkaian

Ustezko erakunde kriminalaren operazio-basea Barakaldo eta Gamiz-Fika (Bizkaia) herrietan kokatu zuten ikertzaileek. "Erakundeak hierarkia sendoa eta ondo egituratua zuen, eta oso ongi definitutako rolak zituen droga kopuru oso handiak eskuratu, garraiatu, ezkutatu, faltsutu eta, ondoren, banatze aldera", dio polizia-oharrak. "Erakundeko bost kideek segurtasun neurri handiak hartzen zituzten hauteman ez zitzaten. Zaintzak eta kontra-zaintzak egiten zituzten, eta garraioaren aurretik zihoazen ibilgailuak erabiltzen zituzten. Gainera, suzko armak zituzten beste sare kriminal baten erasoa edo segurtasun indarren jarduna saihesteko eta neutralizatzeko".  

"Horri esker, Euskaditik Estatuko iparraldeko gainerako probintzietara droga trafikoko eragiketak antolatu eta arrakastaz burutu ahal izan zituzten, azken kontsumitzailearengana iristen ziren beste maila batzuk hornitzeko, bezeroak fidelizatzeko, negozioa hedatzeko eta banaketa handitzeko", azaldu dute operazioaren arduradunek.

Zenbait hilabetez ikertzen aritu ondoren, behar beste froga eta zantzu bilduta, Guardia Zibilak eta Ertzaintzak egiaztatutzat jo zuten ikertutako pertsonak "eskala handiko etengabeko droga trafikoarekin" lotuta zeudela. Horrela, interes guneetan sartu eta miaketak egiteko baimen judizialak eskatu zituzten.

BIDEOA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide