Aurten ere, Araba Bizirik-eko kideak Val di Susan antolatu duten Climate Social Camp klima eta gizarte ekintzaileen nazioarteko topaketan izan dira, uztailaren 26, 27 eta 28an, Hormigoia gelditu, ura defendatu lelopean izan diren jardunaldietan.
Taldeko kideek azaldu dutenez, lurraldea defendatzeko ekimenak indarra hartzen ari dira Italiako lurralde osoan, eta horregatik hainbat mugimendutako kideek kanpamentuan parte hartu zuten; hala nola, Florentziatik gertu dagoen Coltanoko base militarraren aurkako borroka, Sizilia eta Italiako penintsula lotzeko zubi bat eraikitzearen kontrako mugimendua edo Milan eta Cortina d 'Ampezzo artean ospatu nahi dituzten 2026ko neguko joko olinpikoen aurkako borroka.
Hilaren 27an, mahai-inguru bat egin zen, eta bertan Araba Bizirik-ek, Soulevement de la Terre, Askapena, "El Sur Resiste" karabana eta mugimendu kurduarekin batera parte hartu zuten. "Bertan, lurraldearen eta uraren defentsa, sistema kapitalistaren aurkako borrokaren funtsezko alderdiak izan behar direla argi gelditu zen", azaldu dute. Bisitaren bigarren hitzordua, Venaus-en, Val di Susan, uztailaren amaieran urtero ospatzen den Festival Alta Felicitá jaialdia izan zen. Aurten, uztailaren 29tik 31ra ospatu da eta milaka pertsona bildu ditu bailararen aldeko eta abiadura handiko trenaren eraikuntzaren aurkako aldarrikapen nagusi.
Egungo gerra-testuingurua kontuan hartuta, aurtengo jaialdia gai ekologikoan eta klima-aldaketan zentratu da, Turingo Climate Social Camp erakundearen ikuspegiarekin bat eginez. Estilo ezberdinetako musika kontzertuetaz gain, jaialdian zehar hamaika hitzaldi, mahai-inguru eta liburu aurkezpen eman dira gai ugarirekin. Gerra ere oso presente egon da hainbat eztabaidatan, baita NATOk gaur egungo gatazken gorakadan mundu-gerra baterantz jokatzen duen papera ere.
Jaialdiaren bigarren egunean, urtero egin ohi den moduan, abiadura handiko trenaren obretara martxa bat egin zuten, kasu honetan, San Didero eta Chiomontera. Horiek dira Italiako estatuak, bailaran, AHTren lanak hastea lortu duen bi leku bakarrak, obren eremua etengabe okupatuz, hesituz eta militarizatuz. "San Diderora abiatu zen martxa, ehunka poliziak gau eta egun zaintzen duten obra gunera sartzen saiatu zen, hesia apurtu eta botaz, eta bertan liskarrak eta tentsio momentuak eman ziren poliziarekin", gogoratu dute taldekideek.
