Donostiako Musika Hamabostaldia Arabara ere heldu da, Musika Aitzaki zikloaren eskutik, eta gaur bertan izango da lehenengo kontzertua Ekoran. Ostean, Araia, Laudio eta Argantzunera ere helduko da.
Arabako Aldundiarekin lankidetzan garatzen den ekimenaren barruan, honako hitzordu hauek izango dira: Nacho Castellanos kontratenorraren errezitala Bercijanako Andre Mariaren Ermitan (Ekora), abuztuaren 4an, 20:00etan; Trío Arriagaren emanaldia, abuztuaren 10ean, Schubert eta Xostakovitxen lanekin, Araiako San Pedro elizan; abuztuaren 11n Cristina Cordero biola-jotzaileak eta Juan Barahona pianistak osatutako bikotearen txanda izango da, Prokofieven Romeo eta Julieta balletaren inguruko proposamen guztiz bereziarekin, Laudioko kasinoan; eta hilaren 12an Naroa Intxausti sopranoaren eta Arkaitz Mendoza pianistaren errezitala, Argantzungo elizan.
Ibilbidearen lehen zati horren ondoren, abuztuaren 18tik aurrera, Musika Aitzaki zikloak beste hamar kontzerturekin jarraituko du, horien artean honakoak: David Sagastume kontratenorra, Juan de la Rubia organista, Gerhard Kuartetoa, Judith Jáuregui pianista eta Iruñeko Ganbera Abesbatza. Baina hitzordu nabarmenetako bat, urtero bezala, Arantzazuko Santutegikoa izango da. Oraingo honetan Vivaldiren musika erlijiosoari eskainia izango da kontzertua, Conductus Ensemble euskal talde koral eta instrumentalaren bitartez.