Ilarduia eta Larreara, gazta onenen sariak

Erredakzioa 2023ko abuztuaren 2a

La Leze gaztandegiko Eli Gorrotxategi. Argazkia: ALEA

Great Taste sarietan nabarmendu dituzte La Leze eta Patxi Lopez de Uralde.

Lautadako gaztagileek sariak pilatzen jarraitzen dute txapelketa desberdinetan. Oraingoan, Great Taste lehiaketa ospetsuan nabarmendu dituzte Ilarduiako La Leze gaztandegia eta Larreako Patxi Lopez de Uralde, Ordiziako Joseba Insausti eta Markina-Xemeingo Santamañerekin batera.

Elikaduraren Oscar sari moduan ezagunak diren hauek 1994tik banatzen dituzte Londresen, eta mundu osoko milaka elikagairen artean aukeratzen dituzte. Produktuak kategoria desberdinetan sailkatzen dituzte, eta hainbat dastaketa itsu egiten dira baloratzeko; 500 adituk baino gehiagok parte hartzen dute, eta zaporea oinarri duen munduko saririk handiena dela diote adituek.

La Lezek (Ilarduia) gazta naturalarekin bi izar eta gazta ketuarekin izar bat jaso ditu, Joseba Insaustik (Ordizia) gazta ketuarekin bi izar jaso ditu, Santamañek (Markina-Xemein) gazta naturalarekin bi izar jaso ditu, eta Patxi Lopez de Uraldek (Larrea) gazta naturala eta ketuarekin izar bana. Lau gaztandegi hauek bakoitzak bere larreetan bazkatzen duten etxeko latxa artaldeko esne gordina erabiliz egiten dute gazta, eta guztiak Idiazabal jatorri izendapenaren barne daude. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago