Arratoi eta labezomorroak, edukiontzi faltaren ondorio

Erredakzioa 2023ko abuztuaren 1a

Benito Ginea kaleko edukiontziak. Argazkia: Judimendikoak auzo elkartea.

Kendutako edukiontziak "berriz jartzea" eskatu dute Judimendiko auzokideek, "garbiketa eta desinfekzio" lanekin batera.

Judimendikoak auzo elkarteak "garbitasun falta eta utzikeria" salatu du, auzoko zenbait edukiontzi kentzearen ondorio. Horrek zaborraren pilaketa areagotu duela esan dute, eta hainbat atari eta lonjatan "labezomorroak eta arratoiak" agertu direla. "Duela hilabete bat kendu zituzten zenbait edukiontzi gure auzoko kaleetatik, ulertzen ez dugun erabaki batengatik, eta berdin jarraitzen dugu", salatu dute auzokideek.

Elkartearen arabera, edukiontziak kentzearekin batera, "zikinkeria, usain txarrak eta arazo higienikoak" areagotu dira, eta falta diren edukiontziak "berriz jartzea" eskatu dute, egun dituzten arazoak konpontzeko. Gelditu diren edukiontziak zabor guztia biltzeko nahikoa ez direla nabarmendu dute. "Era berean, espaloiak garbitzea eta desinfektatzea eskatzen dugu, behar berezia duten guneetan batik bat, eta izurriteen kontrako neurriak lehenbailehen hartuta".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago