Azazetako parke eolikoari hasierako onespena eman dio Aldundiak

Erredakzioa 2023ko abu. 1a, 09:57
Arabako Mendiak Askek egindako protesta. Argazkia: Mendiak Aske

Hiru hilabeteko epea izango da hasierako dokumentua eta ingurumen-azterketa estrategikoa jendaurrean aurkeztu eta administrazioei kontsulta egiteko.

Azazetako parke eolikoak beste pauso bat eman du. Bertan 40 megawatteko (MW) potentzia duten zortzi haize-sorgailuz osatutako parkea eraikitzeko hasierako onespena eman dio Arabako Aldundiak. Parke horrek Bernedo, Arraia-Maeztu, Dulantzi, Iruraiz-Gauna eta Donemiliaga udalerriei eragingo die.

Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialak (ALHAO) astelehen honetan argitaratu du Josean Galera Ingurumen eta Hirigintza diputatuaren agindua, parke horri hasierako onespena ematen diona, Aixeindar sozietateak sustatuta. Sozietate hori 2019an eratu zuten Energiaren Euskal Erakundeak ( %40) eta Iberdrolak (%60).

Orain, hiru hilabeteko epea ireki da hasierako onespenaren dokumentua eta ingurumen-azterketa estrategikoa jendaurrean jartzeko eta eragindako administrazioei kontsulta egiteko. Proiektu honek herritarren eta inguruko udal erakundeen oposizioa piztu du. Izan ere, 2022ko ekainean, Aixendarrek Aldundiari eskatu zion esku har zezala, "eragindako udalerriek ez baitzuten akordiorik" parkea instalatzeko hirigintza-plana nork bere gain hartzen zuen erabakitzeko. Aldundiak, orduan, hiru hilabeteko epea eman zuen udal horietako batek plana onartzeko konpromisoa har zezan, eta akordiorik lortu ez zenez, foru-erakundea izan zen azaroan plana izapidetzen hasi zena.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide