Zuriñe Martin eta Irati Prol

"Neska gazteentzat saskibaloiak esparru segurua izan behar du"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2023ko abu. 27a, 06:00

Amarauna sareko kideak dira Zuriñe Martin Laguna eta Irati Prol Godoy. Argazkia: MIKEL BURUAGA/ALEA

Ez dago pareko proiekturik Euskal Herrian. Saskibaloiko kirolariek sortutako sarea da Amarauna Basket Fem, eta emakumeen aurkako indarkeriaren kontra diharduten jokalari guztiak dira sare horren partaide eta bultzatzaile: "Batek bakarrik ezin du indarkeriaren aurka jo, baina denon artean bai", azpimarratu dute.

ALEAren onena 2023: urtean zehar ALEAn argitaratutako eduki onenen aukeraketa, oporretan (berr)irakurtzeko: irakurrienak, interesgarrienak, gertukoa ezagutzeko proposamenak... 

Arabako emakumezkoen saskibaloian jasaten diren indarkeria egoerak agerian jarri eta desagerrarazi nahi dituen taldea da Amarauna Basket Fem. Zuriñe Martin Laguna eta Irati Prol Godoy izan dira elkarrizketa honetan proiektuari aurpegia jarri dioten emakumezkoak, baina oso argi utzi dute asmoa "zabala eta partekatua" dela, elkar ezagutzen duten eta ezezagunak diren emakumezko kirolarien artekoa. Txikitatik saskibaloian aritu dira biak, eta ezinbestekoa ikusten dute normalizatuak diren jarrerak behingoz desagertzea: "Eskola batean edo institutu batean ez genituzke normaltzat hartuko, baina kirolean iruditzen zaigu ez dutela horrenbesteko garrantzirik".

Zerk eraman zaituzte Amarauna proiektua sortzera?

Z.M.L.: Oso modu xumean sortu zen Amarauna, duela urte eta erdi inguru. Saskibaloi jokalariak gara, eta partida baten ostean elkartu  ginen batzuk; gure artean solasean hasi ginen saskibaloian pairatzen ditugun indarkeria egoeren inguruan. Atera dugun ondorio nagusia izan da zerbait egin behar dugula honekin bukatzeko, eta horrek animatu gaitu horrelako proiektu bat aurrera ateratzera.

Zer izaera du Amaraunak?

Z.M.L.: "Amarauna" gutako bati bururatu zitzaion izena da; asmoa zen izen bat topatzea helburu guztiak barne biltzen dituena. Amaraunaren esanahia da armiarma baten sarea, eta gure helburuetako bat da emakumeen artean saretzea eta taldea sortzea saskibaloian indarkeriaren aurka jotzeko. Batek bakarrik ezin du guztiarekin, baina denon artean bai.

Taldearen garrantzia azpimarratu nahi duzue, elkarlanaren balioa. Horregatik elkarrizketa argazki gabe egitea nahi zenuten.

Z.M.L.: Bai. Hori da. Ez dugu taldea pertsonifikatu nahi, ez daude kide finkoak, animatzen diren neska guztiak ongi etorriak dira, batzuk modu batean parte har dezakete eta beste batzuk beste modu batean, baina denon lana da, ez bakarrik hirurena edo laurena.

I.P.G.: Nahiz eta, adibidez, gurekin lanean ez aritu, indarkeriaren aurka jokatzen duten kirolari guztiak dira Amaraunaren parte. Sare bat da Amarauna nahiz eta indarkeriaren kontra dihardugun jokalari guztiak agian ez gara gure artean ezagutzen.

Ez duzue funtzionamendu arautua?

I.P.G.: Ez. Izan ere, gure helburua kontzientzia sortzea da, eta horren ondorioz, norbait modu independentean ari bada lan horretan Amaraunaren parte da; ez gara pertsona finkoak.

"Whatsappetik ia egunero hitz egitea zure jokalariarekin? Hori ez da normala"

Saskibaloira mugatzen da zuen lana?

Z.M.L.: Jorratzen dugun gaia eraman daiteke edozein kiroletara, tamalez, baina guk esparru bat zehaztu behar genuen, eta guk ezagutzen dugun eta kontrolatzen dugun esparrua saskibaloia da, gure kirola delako txikiak ginenetik, eta horregatik Arabako saskibaloian zentratu gara.

Lantegi bat egin berri duzue Txagorritxu auzoko jaietan emakumeek saskibaloian sufritzen dituzten indarkeria desberdinak identifikatzeko. Zergatik da beharrezkoa horrelako lantegi bat?

I.P.G.: Oso normalizatuta dagoelako. Izan ere, ni ere tailerrean bertan hasi nintzen pentsatzen duela gutxi arte zenbait indarkeria mota oso normalizatuak nituela, nahiz eta ni horren inguruan ikasten egon. Zer pentsatu horrelako teoriaz busti ez diren jokalariez?

Zeintzuk dira normalizatuen dauden erasoak?

I.P.G.: Pilo bat daude. Batzuk agerikoagoak dira, baina asko daude. Lantegian azaldu genuen bost motako indarkeriak daudela, eta haien artean oso desberdinak direla; denok horietako bat jasan dugu noizbait gure bizitzan, eta, gu ez bagara izan, gure ondoko batek jasan ditu.

"Sarritan gertatu izan da entrenatzaileak irudi intimoak partekatzeko eskatzea"

Emakumeak izateagatik espezifikoak dira eraso batzuk?

I.P.G.: Guk badakigu gizonezkoak pairatzen ari direla eta pairatu dituztela indarkeriak saskibaloiaren barruan edo kirolaren barruan, baina indarkeria mota batzuk oso-oso lotuta daude emakumea izatearekin, eta horiek sexu erasoak dira; kontakturik gabekoak daude eta kontaktuarekin.

Maiz gertatzen dira?

I.P.G.: Batez ere kontakturik gabeko sexu erasoak ematen dira. Sexuarekin lotutako komentarioak izan daitezke, sare sozialen bitartez edo aurrez aurre ere. Adibidez, Instagramen atera genuen kasu bat: "Banana bat jaten ari nintzen eta nire entrenatzaileak sexualizatu egin ninduen". Ematen du txorrada bat dela, baina ez da; lasai-lasai nago banana bat jaten, eta agian hemendik aurrera ez dut banana bat jango zure aurrean, edo ezkutatuko naiz banana bat jateko… Halako komentarioak oso ohikoak dira.

Z.M.L.: Gainera, normalizatzen ditugu. Kontua da kirol esparrua ere hezkuntza esparrua dela, baina  esparru ez-formala da, eta horrexegatik normalizatzen ditugu horrelako egoerak. Eskola batean edo institutu batean ez genituzke normaltzat hartuko, baina kirolean iruditzen zaigu ez dutela horrenbesteko garrantzirik. Azkenean, kirola beste hezkuntza esparru bat da, eta ez ditugu kontuan hartzen horrelako jokabideak.

Arabako saskibaloi taldeen eta kluben aldetik ahaleginik egin al da indarkeria mota horiek ekiditeko?

Z.M.L.: Gutxi, oso gutxi. Behartuak daude protokolo bat izatera, baina orain arte, egia esan, adin txikikoak babesteko proiektuak ez dituzte aurrera eraman.

I.P.G.: Badakigu batzuk protokolo horiek egin egin dituztela, baina gero ez dituzte aurrera eraman. Gu jokalariak izan gara hainbat taldetan eta inoiz ez digute esan halako protokolorik existitzen denik, eta "edozer gertatzen baldin bazaizu honela jokatu behar duzu". Orduan, zertarako balio dute protokoloek?

Z.M.L.: Eta nahiz eta jakin protokoloa existitzen dela, txikitatik ez badakigu identifikatzen gertatzen ari zaiguna, zertarako protokoloak?

Erasoetan patroi bat dago? Nola jokatzen dute erasotzaileek?

Z.M.L.: Dinamika bat errepikatzen da. Gure Instagram kontuan azaltzen dugu grooming-a zer den, adibidez, oso ohikoa delako.

Zer da 'grooming'-a?

Z.M.L.: Nagusi batek, bere desio sexualak asetzeko, adin txikiko bati egiten dion manipulazio psikologikoa da. Nagusi hori beti egon behar da botere posizio batean, kasu honetan, saskibaloian, entrenatzaile-jokalari. Eta fase batzuk ditu grooming-ak: lehenengo, bere biktima aukeratzen du, ahulena normalean; gero konfiantza sortzen du jokalari horrekin, harreman estu bat sortzen du eta lagunak egiten dira poliki-poliki; errefortzu positiboak egiten dizkio: minutu gehiago jolastea, adibidez. Eta lortu duenean, entrenatzailea izateaz gainera, laguna ere izatea, orduan gertatzen dira gertatu behar ez diren gauzak.

"Kezka dago jokalarien artean, egoera berdinak behin eta berriz errepikatzen direlako"

Saihestu behar dira entrenatzaileen eta jokalarien artean kirol kanpoko harremanak?

Z.M.L.: Saihestu baino, mugatu. Egia da zelaitik edo kantxatik kanpo harreman ona izatea oso inportantea dela taldearentzat, baita jokalarien eta entrenatzaileen arteko harremanak onak izatea ere, baina nagusiak jakin behar du noraino izan horrelako harreman bat adin txikikoekin. Ez dago arazorik bazkaria edo afaria egiten bada, baina afaria bukatu edo bazkaria bukatu ondoren, joan zaitez!

Testuinguru horretan, taldeak entrenatzaile gabe ere funtzionatu dezake.

Z.M.L.: Jakina. Eta jokalariei esparru hori bakarrik egoteko utzi behar zaie.

I.P.G.: Sare sozialetan entrenatzailearekin dagoen harremana ere mugatu behar da. Ez da normala Whatsapetik egunero edo ia egunero hitz egitea zure jokalariarekin; hori ez da normala, arraroa da, baina oso normalizatua dago, edo Instagrametik harreman bat izatea…

Hori gertatzen baldin bazaizu zure irakaslearekin?

Z.M.L.: Whatsapetik hitz egitea zure matematikako irakaslearekin? Jende guztiak eramango lituzke eskuak burura, baina kirolean ez da gertatzen, normalizatua dagoelako; baina ez da egoera normala, ezin du izan.

Horrelako egoerek ez dute inoren arreta piztu?

I.P.G.: Ez. Jokalariak izan gara ohartarazi ditugunak, eta hau gertatu da hogei urterekin hasi garelako konturatzen zer gertatu zitzaigun hamasei urte genituenean. Gure artean hitz egin dugu geroz eta arraroagoak iruditzen zitzaizkigun egoerez, baina beste maila batean ez dugu ikusi jendeari argia piztu zaiola.

Kezka al dago jokalarien artean?

I.P.G.: Bai, badago. Hausnarketa egin dugu tailerretan, adibidez, eta konturatu gara nola errepikatzen diren egoera berdinak behin eta berriz. Gogoratzen ditugu hamabost edo hamasei urte genituen urte horiek… eta pasada bat izan zen.

Erasoen lekukotzak iristen zaizkizue. Zaila da biktimek hitz egitea?

Z.M.L.: Sare sozialetatik zaila da pertsona batek gugana jotzea, ez gaituztelako ezagutzen, ez dakite nortzuk garen, ezezagun bati oso gauza intimoa kontatzen ari zara… Horregatik oso garrantzitsua da tailerretara hurbiltzea, hor gertatzen delako guk nahi dugun saretze hori, hor ikusi eta ezagutzen dugu elkar.

I.P.G.: Bi lantegi egin ditugu orain arte, eta oso ondo funtzionatu dute, baina batez ere dagoeneko helduak direnean etorri dira, behin lanketa eta hausnarketa egin dutenean. Oso zaila da neska gaztetxoak etortzea.

Nola irits daiteke kirolari gazteago horiengana?

Z.M.L.: Horretan gabiltza. Guri gustatuko litzaiguke horrelako lantegiak egitea klubetan, eskoletan, hori izango litzateke onena. Honekin amaitzeko ikastolen eta kluben parte hartzea ezinbestekoa da, batez ere klubetan; baina denak  inplikatu behar dira: gurasoak, familiak, teknikoak, entrenatzaileak eta, noski, jokalariak.

Eraso baten aurrean zer egin dezake kirolari batek? Nora jo dezake?

Z.M.L.: Lehen gauza da Zure Taldekoak Gara Eusko Jaurlaritzaren zerbitzuarekin harremanetan jartzea, kirol esparruan halako kasuei arreta ematen dien zerbitzuarekin. Modu anonimoan egin nahi baduzu, errespetatuko dute, eta errespetu osoz tratatuko zaituzte, beti errespetatzen dituzte hartzen dituzun erabakiak. Guk, berriz, zubi lana egin nahi dugu, jokalariengandik hurbilago gaudenez, gugana jo dezaketelako, baina ez gara profesionalak. Jokalariek Amarauna ezagutzea nahi dugu, gu ere jokalariak garela, guri ere horrelakoak gertatu zaizkigula; eta jakitea laguntza emango diegula, beharrezkoa bada entzutea, entzungo diegu, laguntza psikologikoa behar badute, lagunduko diegu bilatzen, edota laguntza juridikoa.

Bost indarkeria mota definitu dituzue saskibaloian. Bakoitza zer den azalduko duzue?

I.P.G.: Fisikoa izango litzateke jokalariari kalte fisikoa eragiten dion edozein ekintza; izan daiteke jotzea, bultza egitea edo askotan gertatzen dena, derrigortzea jokalaria muturreko ariketa fisikoa egitera, partida gaizki jokatzeagatik adibidez. Indarkeria psikologikoan, berriz, sartuko lirateke mehatxuak, irainak, mespretxuak eta indarkeria sexistarekin lotutakoak, gorputzarekin lotutako komentarioak, kilo gehiegi dituzula edo ez zarela depilatzen…

Z.M.L.: Arduragabekeria ere erasoa da, eta jokalariaren osasuna ez bermatzea da adibidez; lesionatuekin askotan gertatzen da presionatzen dituztela ahalik eta azkarren prest egoteko.

I.P.G.: Kontakturik gabeko sexu erasoa da edozein sexu harreman, komentario, begirada, sare sozialetatik sexuarekin lotutako elkarrizketa izatea, irudiak partekatzea edo entrenatzaileak irudi intimoak partekatzeko eskatzea. Asko gertatzen da. Sexu abusuak, ukituak ere gerta daitezke.

Saskibaloian indarkeria babesten duen giroa dago? Ez da esparru segurua?

I.P.G.: Oraindik ez da emakumeentzako leku segurua. Ez da. Bestela ez ginateke hemen egongo. Guk nahi duguna da neska gazteentzat kirol hau esparru segurua izatea.

Z.M.L.:  Egia da gero eta neska eta emakume gehiago daudela kirolean, eta gero eta emakume entrenatzaile gehiago daudela, baina oraindik entrenatzaile gehienak gizonak dira, gehienetan haien artean lagunak, eta elkarri babesa ematen diotenak.

Zer urrats egin behar dira saskibaloia esparru segurua izateko?

I.P.G.: Onartu berri dute lege bat, eta, horren arabera, entrenatzaile guztiek gradu bat izateko beharra izango dute hemendik aurrera. Bada, indarkeria matxistaren inguruko formakuntza sartu beharko litzateke gradu horretan, umeekin lan egiten duten guztiei erakutsi beharko zaie nola landu harremanak adin txikikoekin, mugak non dauden, derrigorrezkoa behar luke indarkeria matxistarekin formakuntzak. Orain, derrigorrezkoa da sexu delituen agiria eskatzea entrenatzaile guztiei, baina inork ez badu salatu, behin eta berriz errepikatuko da; horregatik oso garrantzitsua da, baita ere, salaketa jartzea. 

Amarauna Basket Fem
Arabako emakumezkoen saskibaloian jasaten diren indarkeria egoerak agerian jarri eta desagerrarazi nahi dituen taldea:
Instagram: @amaraunabasketfem
Twitter: @amaraunabf
E-maila: amaraunabf@gmail.com

Zure taldekoak gara
Kirol arloan sexu abusu eta jazarpenaren aurkako Eusko Jaurlaritzaren arreta zerbitzua: 
Telefonoz (ahotsa eta Whatsappa): 688671000. 
E-maila: zuretaldekoakgara@euskadi.eus

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago