ALEAren onena 2023: urtean zehar ALEAn argitaratutako eduki onenen aukeraketa, oporretan (berr)irakurtzeko: irakurrienak, interesgarrienak, gertukoa ezagutzeko proposamenak...
Hay dragones (Serendipia) liburua kaleratu berri du Miguel Gutierrez-Garitano (Gasteiz, 1977) idazleak. Aurreko liburuan ez bezala, hiri galduak beharrean, gerraren eta gorroto historikoen zurrunbiloan bahitutako arima galduak aurkitu ditu 2016an Irakeko gerra frontera egindako bidaian.
Gasteizen aurkeztu duzu liburua, Rafa Gutierrez-Garitano anaiarekin batera...
Bai. Kostatu zait Rafa eramatea, askotan argazkilariek publikoki ez agertzeko joera dutelako. Bera ere nirekin batera egon zen Iraken, eta argazki apartak egiten ditu. Ez dut esaten, ez, familiakoa izateagatik: bere lana ikustea besterik ez dago. Aurkezpenean ere dokumental labur bat pasatu dugu. Izan ere, Rafa argazkiekin ari zenez, Mosulen zenbait irudi bideoan hartzeko moduan egon nintzen. Hamabost bat minutuko laburra da, aparteko mezu sozialik gabe; izan ere, irudi horiek ez zeuden pentsatuta dokumental bat egiteko. Aitzitik, Irakeko soldaduekin batera bizi izan nuen gerraren soinu paisaia baino ez da, jendeak ikus dezan gerra korrespontsal baten errealitatea.
Zer jaso duzu liburuan?
2016an egindako bi bidaiatan oinarritzen da. Lehen zatian fronte kurduan zehar egindako ibilbidea jaso dut. Funtsean, kurduek Estatu Islamikoarekin mantentzen zuten limes-ean egindako egonaldia izan zen, gerra frontea egonkortua zegoenean. Ia mila kilometro inguruko frontea zen. Bigarren zatian, berriz, fronte hori apurtu ondoren abiatu zen Mosulgo ofentsiba handia jaso dut. Une horretan lortu zuten kurduek Estatu Islamikoa geldiaraztea. Fronte horretan, istorio asko sortu ziren, eta nik horiek jaso nahi izan nituen. Lehen partea elkarrizketetatik abiatzen da: agertzen dira kazetariak, soldaduak, boluntarioak, espioiak... Biktimen senide askorekin hitz egin nuen ere. Denetariko jendearekin egin nuen topo, eta beren testigantzak jaso ditut: jende ona, gaiztoa, hala moduzkoak... eremu grisa zen hori.
Bigarren zatia egiteko ere formula berdina erabili duzu?
Ez, bigarren parte horretan agian elkarrizketa gutxiago daude oinarrian. Arrazoia da frontea geldituta dagoenean aukera gehiago dagoela jendearekin hitz egiteko. Baina bigarren partean, behin frontea apurtu zela, askoz azkarrago joan zen dena. Irakeko armadaren Urrezko Dibisioarekin batera aurrera egin nuen, enpotratuta, eta hor aukera gutxiago egon ziren jendearekin hitz egiteko. Baina ahalegindu nintzen. Adibidez, Mosulgo hiritarrak bilduta zeuden errefuxiatu guneetan sartu nintzen. Galdetu nahi nien ea zergatik egin zuten Estatu Islamikoaren alde. Pentsa, Mosulen bertan esklabo merkatuak egon ziren! Egunero, moztutako buruak, pertsona gayen exekuzioak... Horregatik zibilekin hitz egin nahi nuen. Zibilak direlako honen guztiaren funtsa, askotan lekuz kanpo uzten baditugu ere; askotan daukaten ardura kentzen zaie. Aleman herritarrek nazien alde egin zuten modu berdinean, hain justu. Biktimak izateaz gain, bazuten ardura bat. Estatu Islamikoaren preso egon ote ziren edo horren alde egin ote zuten jakin nahi nuen.
"ELKARRIZKETETAN ABIATZEN DA LIBURUA: SOLDADU, BIKTIMA, BOLUNTARIO EDOTA ESPIOI DIRENENAK"
Suposatzen dut une hori are arriskutsuagoa izango zela...
Bai, Mosulen egon ziren borrokaldiak ikaragarriak izan ziren. Hor fronterik ez zegoen. Irtenaldietan eta ateraldietan oinarritutako borrokak ziren... Black Hawk Down filmean bezala, egoera horren ideia bat egiteko. Egun bakoitzeko hogei bonba auto egon ahal ziren, eta ezohiko bideetatik egin behar zen aurrera. Sartu, den-denari tiro egin, eta berriro alde egin; halakoa zen borrokaldia. Batzuetan soldaduek auzo bat eskuratzen zuten, baina gauean berriro alde egin behar zuten, erasoak jasaten zituztelako. Alde handia dago, adibidez, Ukrainako gerrarekin. Hor frontea oso ondo zehaztuta dago. Ukrainan badakizu frontetik gero eta gertuago egonda, arriskutsuagoa dela egoera, errusiarren su-potentzia kontuan hartuta. Baina behintzat jakin badakizu hurbiltzen ari zarela arriskura. Mosulen, berriz, ez zegoen fronterik. Gerta ahal zitzaizun armadatik ehun metro aldentzea eta bahitua izatea. Edo zibil batekin hitz egiten ari zinela pentsatu eta, benetan, milizianoa suertatzea. Leihoetatik edo sotoetatik tiroak... zoramen hutsa zen.
Aipatu didazun eremu gris hori pertsonen artean egongo zen ere, seguru aski...
Bai. Funtsean, 2014an Estatu Islamikoak Sykes-Picot hitzarmenean ezarritako mugak birrindu zituen, eta Siria eta Irak batu zituen. Alde batetik, Estatu Islamikoa Sirian Bashar al-Assaden eta Errusiaren aurka borrokan ari zen; eta, aldi berean, kurduen eta Mendebaldeak eratutako koalizio baten aurka ari ziren ere. Baina, modu berdinean, Iranen eta Hezbolaren aurka borrokan ari ziren, horiek xiiten guneak babestu nahi zituztelako. Pentsa! Iran AEBei laguntzen! NATOko kide den Turkia ez zen Estatu Islamikoaren aurka argi azaltzen, interesatzen zitzaiolako kurduen aurka jotzea. Zoramen hutsa! Gutxiengoek, kristau siriarrek, yazidiek, kakiek... horiek ez zuten inoren babesik. Irakiarren beren artean ere, xiita eta sunitak zeuden bata bestearen aurka, eta kurduak beren programa propioarekin zihoazen. Baina kurduen artean ere, hamaika fakzio desberdin zeuden, elkar gorroto zutenak. Gatazka hori ulertzea ezinezkoa da. Ia-ia pertsona bakoitzak afiliazio desberdin bat zuen... horregatik zen horren zaila jakitea gerra non hasten zen.
Mosul batailoiko soldaduak, leherketa bati begira. MIGUEL GUTIERREZ-GARITANO
Zein izan da liburua idazteko estrategia?
Nire esperientziaren kontakizuna da, bai eta bertan aurkitu nuen giza paisaiarena ere. Erreportajearen teknika erabiltzen badut ere, liburuak gehiago du idazlearena, kazetariarena baino. Kazetari bat saiatzen da bertan ikusitakoa transmititzen, eta, normalean, ahalegintzen da zigilu pertsonal bat ez jartzen. Nire kasuan, ez zait axola nire zigilua edo iritzia sartzea. Kapitulu laburrak dira, arinak, irakurtzeko errazak, informazio kontzentratua dutenak... eta baita argazki asko ere. Niretzat garrantzitsua da ere pertsonen irudiak azaltzea. Eta atzematen da bertan ikusi nuen hondamendi soziala, ingurumenarena... tira, herritarrak beharrean, elkar gorrotatzen duten etniak dituen herrialde baten gainbeherari buruzko kontakizuna da.
Zure ustez, noiz abiatzen da egoera latz hori?
Aspaldi. Jende askok 2003ko gerra jartzen du abiapuntu gisa. Gezurretatik abiatutako gerra ilegala izan zen, noski. Baina nik askoz atzerago egingo nuke. Jendea ahaztu egiten da Iran eta Iraken arteko gerraz. Lehen Mundu Gerraren antzera, lubakietan borrokatu zen, milioi bat hildako eraginez. Eta gero Kuwaiten inbasioa dago, ondorengo Desert Storm ekarri zuena. Aintzat hartu behar dira ere Sadam Husseinek abiatutako arabiartze programa, gainerako taldeak alde batera utzi zituena... kurduak gaseztatzeraino. Estatubatuarrek alde egin zutenean, 2006ko gerra sektarioa hasi zen, sunita eta xiiten artean. Eta gero, amaieran, Estatu Islamikoa agertu zen. Hori izan zen behereneko puntua, hortik ezin zen baxuago erori. Estatu bat bezala aritu zen, eta Khemer Gorrien moduko hiltzaile krudelak izan ziren. Baina hauek, gainera, telebista bidez egiten zituzten beren ankerkeriak. Eta teknikoki ondo landutako emanaldietan egiten zuten, gainera. Oso gogorra izan zen. Arazoa da ez direla desagertu: orain estatu bat bezala ez dute jarduten, baina bai talde terrorista bezala. Eta Irakera bueltatzen ari dira Estatu Islamikoaren aldekoak; indar askorekin, gainera.
Ekialde Hurbileko herritarrek noizbait —guk bezala— bizitza proiektu bat izateko aukera izango duten esperantzarik al duzu?
Epe laburrera, behintzat, ez. Epe luzera, batek daki. Baina, esan bezala, argi dut baxuago erortzeko modurik ez dutela jada. Ez dut pentsatu nahi hori baino okerragorik etorriko denik etorkizunean. Egin zituzten basakeriak, animaliak balira bezala neska nerabeak esklabotzan hartuaz... hori baino baxuago erori daitekeenik pentsatzea zaila egiten zait. Etnia gorroto itzelak daude, eta bertako kristauak desagertzen ari dira. Funtsean, xiita edo sunita ez diren guztiak egoera latzean daude orain inguru horretan.
Beste behin ere, Mendebaldeak kurduak atakan utzi zituen...
Eurek laguntza hori behar zuten une horretan. Baina, diozun bezala, Mendebaldea eta, oro har, potentzia guztiak arazorik gabe baliatzen dira beraietaz, gero alde egiteko. Geratzen diren herritarrak hiltzera kondetatuta daude. Adibidez, Vietnamgo Miao herriarekin gertatu zen. Desert Storm operazioaren ostean, xiita talde batzuei ere eskatzen zitzaien matxinatzeko, baina gero laguntzarik gabe geratu ziren, salduta. Azken garaietan, Afganistanen ikusi dugu aireportuetan jendea nola pilatzen zen, talibanengandik ihes egin nahian. Hogei urte ondoren, Mendebaldekoekin batera lanean ari zen jende asko atzean utzita utzi dugu. Ondorioz, Afganistanen talibanen aurkako erresistentzia taldeak hor bakarrik geratu dira, inoren laguntzarik gabe.
"ORAIN KONTRARA GOAZ, MENDEBALDEKO GIZARTEAK GERO ETA TOTALITARIOAGOAK DIRELAKO"
Egitekoen zerrendan daukat Afganistanen egon zen ezagun bati galdetzea nola sentitzen den honekin guztiarekin...
Gogorra izan zen, bai. Baina nik utzi nahiko nioke irekita zirrikitu bat esperantzari ere. Pentsatu nahiko nuke hogei urte hauen ostean Afganistanen izandako presentziak onerako zerbait utzi duela. Matxinadak badira. Eta ez soilik Afganistanen: Iranen ere, gero eta gehiago dira. Baina, modu berean, esango nuke Mendebaldearen presentzia baino, faktore garrantzitsuagoa izaten dela internet... Inor ez da iraganezina, ezta pastunak ere, eta azkenean apurka-apurka korronte batzuk iristen dira... Orain, gainera, kontrako joera nagusitzen ari dela pentsatzen dut. Mendebaldeko gizarteak atzerantz ari dira: gero eta totalitarioagoak dira, eta hirugarren munduko herrialde asko, berriz, gero eta irekiagoak dira; askatasunerako desira dute. Horregatik, ez dut itxaropena galtzen. Gu txarrerako bidea egiten ari bagara, eurek bederen onerako bidea har dezatela.
Pozoi eta txikizio artean biziraun behar izan zuten herritar askok. MIGUEL GUTIERREZ-GARITANO
Eutsi Ukraina elkartearekin batera, bertan laguntzen egon zara behin baino gehiagotan. Zure esperientzia horiek liburu batean irakurriko al ditugu?
Seguru aski, bai. Nire hainbat hausnarketa dagoeneko zabaldu ditut; besteak beste, sare sozialetan. Baina bai, espero dut gerra bukatzen denean horretan jarriko naizela.
"PETROLIOA TARTEAN ZEGOELAKO, URTE LUZEZ GORRARENA EGIN ZAIO ERRUSIAREN MEHATXUARI"
Titularretatik desagertzen hasia da Ukrainako gerra. Geratuko al da ez aurrera ez atzera, kronifikatuta?
Baliteke, baina zailagoa da hori gertatzea. Geoestrategikoki Europa mehatxatzen duen gerra da, Afganistangoa ez bezala. Jende askok AEBen interesen araberako gerra baino ez dela dioen arren, geoestrategia pixka bat jakinda, badakizu ez dela hala. Europa da interes gehien duena Ukrainari laguntzeko. Errusiak urteak daramatza ekialdeko muga kolpatzen eta Europan esku hartzen saiatzen, Europa banatzen. Urte luzez gorrarena egin zaio mehatxu horri, petrolioaren negozioa tartean zegoelako. Baina ekialdeko herrialdeak, Errusiatik gertuen dauden horiek, beldurtuta bizi dira. Ez da berdina gai horren bueltan espainiar bati galdetzea, edo suediar, poloniar edo errumaniar bati. Esango dizute ahal den guztia egingo dutela Errusia geldiarazteko. Hemen, berdin zaigu. Zalantzarik ez nago potentziak, AEBak edo Txina, ahalegintzen direla ur nahasietan onurak eskuratzen. Baina agerikoa da ere Ukrainakoa Damoklesen ezpata dela Europarentzat, eta horregatik Ukrainari lagundu behar dio. AEBek agian utzi diezaiokete Ukraina laguntzeari —errepublikanoek hauteskundeak irabazten badituzte, adibidez—, baina Europarentzat ez dago hauturik. Errusiak orain duen itxaropena hor mantentzea da, gainerakoak nekatzen diren arte, Afganistanen. Dena den, aterabidea zaila da: laguntza jasota ere, Ukrainak orain ezin dio Errusiari irabazi, baina Errusia ere ez dago irabazteko moduan.
Ukrainarrak gehiegi tematu dira Bahkmut mantentzearekin?
Egia da hiria uztea gomendatu zitzaiola Ukrainari. Baina logika desberdinak dira. NATOk hori gomendatu dezake, estrategikoki egokiena delakoan. Baina ukrainarrek esaten zidaten Bakhmuten erresistentzia mantendu ezean, beste hiriren batean eman beharko dutela bataila, eta beste hiri hori ere txikituta geratuko zen, zibilen kalterako. Nahiago dute txikituta dagoen hiri batean borrokatzen jarraitzea.