MIKEL GARTZIA

"Paperjale garaiz iritsi da, eta hori abantaila izan daiteke"

Juanma Gallego 2023ko abu. 24a, 08:00

Sare berriak denbora gutxian jasotako harrera ona nabarmendu du Gartziak. MIKEL GARTZIA

Pertsonak beharrean, liburuak erdigunean jartzen dituen sare sozial euskalduna da 'Paperjale.eus'. Software librean abiatzen den ekimenari esker liburuak puntuatzeko eta iruzkinak egiteko aukera dago.  

ALEAren onena 2023: urtean zehar ALEAn argitaratutako eduki onenen aukeraketa, oporretan (berr)irakurtzeko: irakurrienak, interesgarrienak, gertukoa ezagutzeko proposamenak... 

Abaraska elkarteak martxan jarritako Paperjale.eus webgunea abiarazten buru-belarri ibili da azken asteotan Mikel Gartzia (Oiartzun, 1985) Lehen Hezkuntzako Gasteizko irakaslea. Liburuetan zentratutako sare sozial honen nondik norakoak azaldu dizkigu.

Paperjale ez da ohiko sare soziala. Nola definituko zenuke?

Liburuak baloratu, komentatu eta gomendatzeko sare soziala da. Alta eman eta gero, bertan dauden liburuak puntuatu daitezke, eta kritika edo iruzkinak idatzi daitezke. Euskaraz edo erdaraz irakurritako liburuak komentatzeko aukera dago, baina, berez, euskaldunontzako instantzia bat da hau. Hortaz, eskatzen dugu kritika edo iruzkina euskaraz idazteko. Horrez gain, erabiltzaileak iruzkin hori jarraian erdaraz ere jarri nahi badu, badu aukera. 

Hitz magiko horietako bat aipatu didazu. Instantzia. Zer da hori?

Twitter edo Facebook moduko sare sozialek zerbitzu itxiak ematen dituzten enpresak dira, beren zerbitzari propioekin. Paperjalen, berriz, BookWyrm izeneko software librea erabiltzen dugu. Ohi bezala, edonork hartu dezake software hori bere zerbitzari txikia martxan jartzeko, eta hala egin dugu guk. Instantzia izateak esan nahi du munduan dauden beste instantziekin federatzeko aukera duela. Alegia, erabiltzaileek elkarri jarraitu ahal diote sare horietan guztietan, iruzkinak irakurtzeko, edo, adibidez, bere liburu gogokoen zerrenda jarraitzeko. Hori federatuta egotearen abantailetako bat da. 

Izena oso bitxia da. Nola erabaki zenuten?

Prozesu parte hartzaile baten bitartez egin genuen, Mastodon sarearen bidez. Proposamen ugari egon ziren. Behin horiek guztiak jasota, inkesta bat jarri genuen, eta Paperjale izena gailendu zen. Hiztegian dagoen hitza da, eta liburuzale amorratua esan nahi du.

"ESPERO BAINO HARRERA HANDIAGOA IZAN DUGU. DENBORA GUTXIAN 300 BAT LAGUN BATU DIRA"

Aipatu didazu Abaraska elkarteak bultzatu duela sare hau. Zertan dihardu elkarteak, eta nola abiatu zuen Paperjale?

Software librearekin egiten diren sare sozialak euskaraz sustatzen dituen taldea da Abaraska, pertsona librezaleez osatutakoa. Duela urte batzuk foroak euskaraz sustatzeko lemmy.eus abiatu genuen. Ondoren hasi ginen Urtzi Odriozolari laguntzen Instagramen alternatiba librea eta euskalduna den pixelfed.eus garatzen. Eta duela sei hilabete peertube.eus sortu genuen, euskarazko bideontzat, hau ere software librearekin eginda. Peertuberekin alderatuta, azken kasu honetan, liburuei buruzko sare soziala sortzea errazagoa izan da, bideoek zerbitzari oso handia eskatzen dutelako.

Zer harrera atzeman duzue?

Espero baino handiagoa, egia esanda: 300 bat erabiltzaile sortu dira hilabete batean. Praktikan, zerbait egin dutenak ehun bat izan dira. Aktibo ez dauden horiei dagokienez, ez dakigu horietatik zenbat diren lehen egunean probatu eta berriro bueltatu ez direnak, eta zenbat diren erabiltzaile isilak, parte hartze aktibo izan gabe begira daudenak. 

Teknologian, zaila da industriak ezarritako estandar 'de facto' horietatik aldentzea, ezta?

Bai. Enpresa handiek dena monopolizatu nahi dute, eta erabiltzaile guztiak harrapatu, sare efektuarekin. Baina berez estandar irekia hau da, fedibertsoan dauden tresnek osatuta. Adibidez, posta elektronikoa estandar ireki bat da. Normaltzat hartzen dugu Yahoo posta batetik Gmail posta batera mezu bat bidali ahal izatea. Baina zergatik ezin da mezu bat bidali Twitterretik Facebookera? Liburuen kasuan, estandar konbentzionala deitu genezakeena Goodreads da, Amazonen esku dagoena. Baina esango nuke Euskal Herrian bederen oraindik ez dela oso ezaguna, eta, horrek erraztu dezake jendeak halako sare batean lehen izena ematerakoan Paperjalera jotzea. Nahiko goiz iritsi gara sare sozial mota honetara, eta hori abantaila da. Gainera, norbaitek aurretik Goodreads-en kontua izan balu, badu aukera bere eduki guztiak gurera esportatzeko.   

Pertsona beharrean, hemen liburua da erdigunean dagoena...

Hala da, bai. Errealitatea da irakurri irakurtzen dugula, baina esango nuke agian badagoela jendea ez dakiena sare sozial honen beharra bazuela. Ni zuzenean Paperjalen hasi naiz, eta ez nuen uste hainbeste gustatuko zitzaidanik. Ikusi dut oso erabilgarria dela. Hor bertan jasota dago zer irakurri dudan, eta zer iruditu zaizkidan irakurketa horiek. Beste sare sozialen kasuan, agian aldaketa egiten duzu ideologia edo etikagatik, Twitterretik Mastodonera pasata, adibidez. Baina, kasu honetan, erraza da zuzenean Paperjalerekin hastea.  

Eskolan, irakurritako liburuen inguruko koadernotxo bat egitera animatzen gintuen Javier Velasco irakasle kutunak. Kasu honetan ere, antzeko tresna gisa erabili daiteke sare sozial hau?

Bai. Orain sare sozial hau ezagutzera ematen eta sustatzen ibili naizenez, momentuz sarean iruzkin guztiak publiko egin ditut, baina egiten diren gauzak modu pribatuan ere egin daitezke. Bestela, aukera dago ere zure zerrenda indexatuta ez egoteko, eta, modu horretan, norbaiti lotura helarazi ahal diozu, soilik pertsona horrek izan dezan sarbidea zure zerrendara. 

Hainbat lagun moderatzaile zarete sare sozialean. Orain arte arazorik izan al duzue?

Ez dugu aparteko arazorik izan, baina gure lanaren partetzat jotzen dugu moderazio pixka bat egitea. Izan ere, sare sozial bat abiatu dugun heinean, ardura bat dugu zaintzeko hor barruan gertatzen dena. Pertsonaren batek beste bati errespetu falta egingo balio, abisua emango genioke, eta, hala eta guztiz ere, bere horretan jarraituko balu, ez genuke dilema askorik izango erabiltzaile hori ezabatzeko. Sare horretan jendea nola bizi den zaindu behar dugu. Aintzat hartu behar da, gainera, hau software librean oinarritzen dela. Beraz, norbait gure moderazioarekin ados ez balego, nahi izatekotan aukera izango du software hori hartu eta sare sozial propioa egiteko. Ondoren, guk ikusiko genuke sare sozial berri horrekin federatu nahi dugun ala ez. Etikoki edo politikoki oso interesgarria da hau. Instantzia bakoitzak bere arauak ditu, eta, demagun, norbait alemanez idazten hasiko balitz, esango genioke hau ez dela harentzako instantzia egokia.

Maila pertsonalean, zerbait deskubritu duzu?

Bai. Adibidez, orain Gerardo Markuletak euskaratutako Michel Houellebecq-en Sumisioa liburua irakurtzen ari naiz. Politika fikziozko nobela bat da, eta Paperjalen izan nuen horren berri. Bestetik, erabiltzaileen artean idazleren bat badago ere. Adibidez, ilusio asko egin zidan ikusteak Uxue Alberdi eta Ana Malagon idazleak badaudela. Polita da ikustea idazle bat zer irakurtzen ari den. Beraz, animatuko nituzke idazle gehiago, sare soziala probatu dezaten. 

Eta mundu birtualetik kalera zerbait atera zitekeen hemendik?

Lehenik eta behin argitu behar dugu Abaraska taldeko kideok boluntarioak garela. Paperjalen izena ematea doakoa izanda ere,  mantentze kostu batzuk baditu egitasmoak. Tira, burujabetza teknologikoa ez da soilik software librea doan hartu eta listo. Hortaz, tarteka kanpainak egingo ditugu Abaraska babesteko. Izan daiteke ekarpen ekonomikoa, edo moderazioan laguntzea, adibidez. Bestetik, maiatzean Beran egongo gara, Euskaltzaleen Topaguneak antolatu duen Bidasoko Euskara eta Kulturaren azokan, proiektua azaltzen. Baina atera daitezkeen bestelako ekimenak ez ditugu guk egingo. Paperjale hor dago, eta baliatu dezala baliatu dezakeenak. Adibidez, irakurle klub batek nahi badu erabili, logikoa irudituko litzaiguke. Erabiltzaileak berak antolatu daitezke ekimenak egiteko. Izan ere, hau tresna bat da, plaza publiko bat. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago