Maddalen Agirre

"Oso merke eta oso azkar erostera ohitu gara"

Anakoz Amenabar 2023ko abu. 24a, 06:00

Maddalen Agirre, Alde Zaharreko tailerrean. Argazkia: MIKEL BURUAGA

Hamaika koaderno bete zituen jantzien marrazkiekin umetan, eta arkatzarekin sortutako horiek begien aurrean ditu gaur egun, estanpatu koloretsuetako alkondaretan; Bartzelonan moda diseinua ikasi ostean ekin zion bideari, moda jasangarria ardatz, eta 'Medusa' izeneko seigarren bilduma du prest dagoeneko.

ALEAren onena 2023: urtean zehar ALEAn argitaratutako eduki onenen aukeraketa, oporretan (berr)irakurtzeko: irakurrienak, interesgarrienak, gertukoa ezagutzeko proposamenak... 

Pandemian landu zuen lehenengo kolekzioa Maddalen Agirre gasteiztarrak, Madd Moda zigilupean, birziklatutako oihalki vintagekin osatuta. Geroztik, estanpatuek gidatu dute bere sorkuntza, kolore kontrasteak nagusi diren alkandora eta kamisetak tartean, betiere gertuko moda jasangarriaren aldeko apustua eginez. Eta, dagoeneko, seigarren bilduma du kalean; greziar mitologiako Medusa gorgona oinarri hartuta, itsas hondoko izaki eta paisaietan inspiratutako jantziak aurkeztu ditu, Maria Garcia de Bikuña laguntzailearekin elkarlanean. Diseinu lanak, batetik, eta joskintza eta patroigintza tailerrak, bestetik, agendak utzi dion tarte txikian hitz egin du ALEArekin, Gasteizko Alde Zaharreko enpresa zentroan duen tailerrean.

Nondik hasi bilduma bat osatzen?

Ni estanpatuak diseinatzen hasten naiz beti. Batzuetan kontzeptu bat dut buruan eta estanpatu guztiak hortik sortzen dira, eta beste batzuetan estanpatu edo kolore desberdinen konbinaziotik sortzen dira. Azken bilduma honetan Medusaren ideiatik abiatu nintzen emakumeen figura eta gorputzeko atal desberdinak sortzeko, maskorrak eta sugeak irudikatzen duten elementuekin batera. Hortxe abiatzen da prozesu osoa.

Kolekzio desberdinen ostean, denborarekin, ildo berari eusten diozu?

Uste dut esentzia mantentzen dudala, hori esango nuke, nahiz eta kanpotik ez dakidan zer ikusten den. Saiatzen naiz nolabait barrutik ateratzen zaidan hori egiten; uste dut hori dela estilo jakin bat izateko modu bakarra. Batzuetan saiatu izan  naiz agian estanpatu mota desberdin bat egiten, asko gustatzen zaidana, baina beharbada niretzako ez dena naturala, eta azkenean ez dut hortik jarraitu... Hala ere, nire helburua bada beste mota batzuetara irekita egotea, abanikoa pixkat zabaltzea, eta jorratzea beste kolore konbinazio batzuk edo beste estanpatu mota batzuk...

Norentzako dira zure diseinuak?

Nire targeta zein den badakit gutxi gorabehera, erosle asko gertukoak direlako, Euskal Herrikoak. 30 eta 50 urte bitarteko emakumeak dira, baloratzen dutenak bertan egindakoa, diseinu originalak nahi dituztenak, eta zerbait desberdina bilatzen dutenak, nahiz eta nire asmoa emakume guztientzako moduko arropa erosoa eta originala egitea den. Hirugarren eta laugarren kolekzioetan generorik gabeko edo genderless izeneko jantziak egin nituen, patroi maskulinoa zuten alkondarak, baina oso mutil gutxik erosi zituzten. Dena den, ez dut nire burua batera edo bestera mugatu nahi, agian bueltatuko naiz horrelako zerbait egitera. Bilduma bakoitzean saiatzen naiz patroi desberdinak erabiltzen, gustuko dudalako, eta jendeak ere nola erantzuten duen jakin nahi dudalako. Mutilekin ikusi dut zailagoa dela.   

Publikoak mugatzen du zure lana?

Bai, gertatu izan zait kolekzio bateko pieza batzuk nire oso gustukoak ez izatea eta bat-batean sekulako arrakasta izatea, edo alderantziz... Tira, hortik ere ikasten dut. Hala ere, nire helburua momentuz ez da ahalik eta salgarriena egitea, ni gustora geratzea eta ahalik eta hoberen egitea baizik.

'Medusa' bilduma aurkeztu berri du Agirrek. Argazkia: M. BURUAGA

Baliabide gehiagorekin gehiago arriskatuko zenuke?

Bai, baliabide gehiagorekin gauza gehiago. Batez ere, patroi konplikatuagoak egingo nituzke, jantzi nahiko sinpleak egiten ditut eta. Ez dut inoiz beroki edo txamarrarik egin, eta gustatuko litzaidake. Momentuz ditudan baliabide eta denborara mugatzen naiz; pieza konplikatuagoak asko garestitzen dira, eta bertan ekoiztea oso garestia da berez.

"Bertan lan egiteak egiten du jasangarri nire marka, eta kolekzio txikia izateak, eta ez hainbeste materialak"

Gasteizen egiten duzu lan. Baina badago oraindik moda mugitzen den tokiren bat? 

Bai, badago, eta ez da Euskal Herria, eta Euskal Herrian ez da Gasteiz. Gasteizen moda ez da batere mugitzen, ez da batere sustatzen, eta ez da gehiegi baloratzen ere. Bilbon eta Donostian diseinatzaile gehiago ikusten dira, estudio gehiago, denda gehiago, baina hala ere tailer oso gutxi daude, eta ikasketak ere ez dira eskaintzen. Ez dugu moda diseinu ikasketa publikorik hemen, eta hori oinarrizkoa da. Ez da bultzatzen den sektore bat, argi eta garbi. Ikasketarik ez dagoen heinean, bertako diseinatzaile edo moda inguruan aritu nahi duten lagunak kanpora bidaltzen ari gara. Eta orain hemen zerbait egiten ari garenok kanpoan ikasitakoak gara, kanpoan lanean aritu den jendea, gauza interesgarriak egiten dituena, baina esfortzu handiarekin. Ez dago sarerik, adibidez, nahiz eta gure artean ari garen pixkanaka antolatzen –Dinagu–. Moda bultzatzen den  hiri handietan ere, Bartzelona edo Parisen esaterako, multinazionalek duten indarra horren handia da, zaila dela fast fashionaren kontra egitea. Oso aukera gutxi dago.

Ez al da kontrako joera ematen ari? Gertuko eta moda mantsoaren aldeko apustua? 

Fast fashionak bere indarra eta posizioa mantentzen du oraindik, baina kontrako joera hazten ari da, eta azkeneko bost urteetan asko nabaritu da. Estatu espainiarrean badaude alternatiba pila bat, egia esan, interesgarriak direnak: material jasangarriak, marka txikiak... Baina badago greenwashing asko ere marka handiek egiten dutena, kotoi organikoa erabiltzen dutela nabarmenduz... Gure sektoreko hausnarketa bestelakoa da, ordea: ez du inporta kotoi organikoa izatea, dimentsio horietan eta baldintza horietan lan egitea ez delako batere jasangarria. Eta kitto.

Nola egin moda jasangarri, orduan? 

Jasangarri egiteko ni saiatzen naiz material jasangarria erabiltzen: kotoi organikoa,  birziklatutako poliesterra edo azken honetan egin ditugun gerri poltsa batzuetarako erabili dugun piñatex materiala, larruaren alternatiba izan daitekeena... Halere, materialaz gain, uste dut nire marka benetan jasangarri egiten duela bertan egiteak eta oso kolekzio txikiak direla, mugatuak. Uste dut horrek materialak baino garantzi gehiago daukala.

Kontsumitzaileok aldatu dugu txipa erosterako garaian?

Beste alor batzuetan gertatzen den bezala, uste dut gehienok ulertu dugula zer dagoen, zein den arazoa, baina beste gauza bat da erosketa ohiturak aldatu ditugun. Zaila da. Ohitu gara oso merke eta oso azkar erostera, eta pieza batek 65 euro balio baldin baditu, kostatzen zaigu, asko pentsatzen dugu. Behintzat ulertu dugu, halere, eta portzentaje txiki batek bada ere, aldatu ditu bere ohiturak.

Inditex debekatuta duzu?

Ia, kar-kar. Garai batean nire buruari debekatu nion, baina gero egia da noizean behin oinarrizko arroparen bat erosten dudala...

Alde Zaharreko enpresa zentroan du tailerra Agirrek. Argazkia: M. BURUAGA

Arropa gehiegi gordetzen dugu armairuetan?

Ez dut uste hori arazo bat denik, baldin eta espazio arazo bat ez baduzu, noski... Arropa gordetzea ez da txarra, gustatzen baldin bazaizu edo uste baduzu berriro jantzi dezakezula. Marie Kondok esaten zuen moduan "dena bota!", arropak inolako baliorik ez balu bezala, ez dut uste konponbidea denik. Jantziek ere beren balioa dute, eta balio erantsia badute zuretzat, gorde.

Zer duzu ondo gordeta?

Baditut arropa batzuk botatzen ez ditudanak, janzten ez ditudan arren, txiki dauzkadalako edo gaur egun ez datorrelako bat nire estiloarekin, baina objektu bezala nirekin nahi ditudanak. Erosi nuen lehenengo alkondara vintagea, esate baterako, nire maiteenetako bat da; Gasteizko Aloha dendan erosi nuen, txikia dut kar-kar, baina betiko gordeko dut estanpatu oso berezia daukalako, eta vintagearekin izan nuen nire lehenengo kontaktua izan zelako.   

"Gasteizen ez da moda batere sustatzen, eta ez da gehiegi baloratzen ere"

'Vintage' arropa zuen berezitasuna Siberia dendak ere, ezta? Nolakoa izan zen esperientzia?

Bi urte pasatxo egon ginen dendarekin. Baina uste dut Gasteizen oso zaila dela arropa denda bat aurrera ateratzea, arropa denda txikiek ez dute irauten orokorrean. Guk denda eduki genuen garaian, eta aurretik ere, bazeuden beste denda txiki batzuk ere, baina gaur egun itxita daude.

Egia da, baita ere, ni oso gaztea nintzela eta agian ez nengoela prest, baina gauza asko ikasi nuen.

Jendea oso antzera doa jantzita?

Bai, nik uste dut homogeneizazioa nahiko orokorra dela. Inditexek eskaintzen duena, Decathlonek ere pixkat, baina oso antzera goaz denak. Eta adinetan ere nabari dut hori; lehen, umeak ginenean, oso desberdin janzten ginen umeak, gazteak, helduak eta edadetuak, eta orain denak oso antzera goaz, 10 urteko neskatilak eta 50 urteko emakumeak jantzi oso antzerakoak daramatzate. Niri horrek pena pixkat ematen dit; tribu urbanoak oraindik badaude, baina askoz ere gutxiago.

Madd Moda marka sortu du Agirrek. Argazkia: M. BURUAGA

Asko fijatzen zara jendearen janzkera eta estiloan?

Bai, asko fijatzen naiz. Lehenengo begi-kolpean, pertsona horrek interesa jartzen duen janzkeran edo ez. Azken batean, janzkeraren bitartez adierazten dugu zer garen, baina baita zer nahi dugun esan ere; zer nahi duzun besteek ikustea, eta baita zu zeu zaren parte bat. Gustatzen zaizun desberdintzea edo ez. Jende askok, adibidez, taldearen parte izatea bilatzen du, edo atentzioa ez deitzea, edo kontrakoa, desberdintzea, super modara joatea, edo alternatiboa dela adieraztea. Koloreak, arropa berria edo zaharra, plantxatutakoa... gauza asko daude pertsonalitatearen adierazle. Oso interesgarria da.

Noiz piztu zuen modak zure arreta?

Haur bat nintzela. Nire ahizpa ertainak asko marrazten zuen, neskak askotan, eta nik bera imitatzen nuen. Marrazkiak egin eta egin, halako batean Diseña tu moda jokoa oparitu zidaten gurasoek, eta nire moduan hobeto ikasi nuen marrazten, figurinak egiten, eta marka moduko bat ere sortu nuen, aldizkari bat egin nuen... Horrela hasi nintzen. Eta nerabezaroan ere beti gustatu izan zait; praka berde bat nahi nuen, eta bilatu arte jo eta ke ibiltzen nintzen. Ikasketak ere horretara bideratu nituen, Bartzelonako diseinu eskola batean lehenago, vintage-arekin sakonago Mexikon ostean...

Zein izan duzu erreferente?

Diseinatzaile handien artean, Vivienne Wetswood adibidez asko gustatu izan zait beti; apurtzailea da, baina aldi berean tradizioarekin jolasten du, Ingalaterrako jantzi tradizionalekin, koadroekin, kortseekin, eta gustatzen zait hori nola nahasten duen jarrera punkiago batekin, nola deseraikitzen duen. Niri asko gustatzen zait vintagea, klasikoa eta betiko arropa tradizionala, baina, batez ere, horiekin jolastu eta buelta batzuk ematea. Izen handien aldean, halere, betidanik fijatu izan naiz marka gertukoagoetan, ertainetan, gertukoago sentitzen ditut. SKFK, adibidez, asko gustatu izan zait beti, eta bidea oso interesgarria jorratu dute...

"Barrutik ateratzen zaidana egiten saiatzen naiz; norbere estiloa izateko modu bakarra da"

Aurrera begira, zer erronka markatu dituzu?

Bilduma konpletoagoak egitea gustatuko litzaidake, eta aberatsagoak: oihaletan, formetan... Askotan baliabide edo denbora falta dela eta, ez naiz iristen nik nahi dudan hori egitera. Baina, egia da, halere, bilduma batetik bestera hobetzen noala eta asko ikasten ari naizela.

Eta modak zer etorkizun du? Muga asko ditu apurtzeko oraindik?

Oraindik bai. Generoaren aldetik, esaterako, muga pila bat ditu apurtzeko. Frantziako Iraultza amaiera bitartean, gizonezkoak ere apaintzen ziren, emakumeen oso antzera: pelukak, makillajea, takoiak... Eta La gran renuncia masculina bezala ezagutzen dugun erabakiarekin, gizonen janzkera betiko aldatu zen. Traje maskulinoa hartu zuten, gutxi gorabehera gaur erabiltzen denaren antzekoa, serioa, kolore ilun eta neutroekin, eta emakumeen esku utzi zuten ostentazioa. Eta horrekin ez dugu apurtu, salbuespenak salbuespen. Emakumezkoek, aldiz, aspaldi erabiltzen dugu gizonezkoen janzkera, uztartu egiten ditugu bata eta bestea. Modak duen mugetako bat baino ez da. Alternatibak geroz eta gehiago, eta geroz eta interesgarriagoak izan arren, momentuz ez dut uste aldaketa sakonik datorrenik modan.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago