ALEAren onena 2023: urtean zehar ALEAn argitaratutako eduki onenen aukeraketa, oporretan (berr)irakurtzeko: irakurrienak, interesgarrienak, gertukoa ezagutzeko proposamenak...
Oso ondo gogoratu du Roberto Valenciak (Gasteiz, 1976) noiz eta nola utzi zuen Gasteiz: "Dorre Bikien kontrako erasoa baino bi egun lehenago igaro nintzen Miamiko aireportutik El Salvadorrera, 2001eko irailaren 9an". Txiripaz sartu zen, aireportuak blokeatu baitzituzten hurrengo egunetan. Jada hogeita bi urte luze egin ditu jaioterritik kanpo. "Euskadin jaiotako kazetari salvadortarra naiz" esan du, eta hala aurkezten du bere burua @cguanacas-ek sare sozialetan. Latinoamerikan, ikerketa kazetaritzaren eta "arnas luzeko" kronikaren artean dihardu, eta indarkeriaren eta maren fenomenoa sakon aztertu ditu. Besteak beste, Gabo Fundazioaren lehen saria jaso zuen, 2021ean, Frontera Sur, la frontera desconocida de América proiektuari esker. El Salvadorko presidente Nayib Bukelek adierazpen askatasuna murrizteko onartu dituen legeak kazetaritza arriskuan jartzen ari direla azaldu du Valenciak. "Ez dut kazetaritzarekin hautsi nahi, baina orain bizitzen ari garen unearen sentsazio gazi-gozoa daukat".
Zerk eraman zaitu indarkeriari buruz idaztera?
El Salvadorren, 2015. urtean, 106 homizidio egon ziren 100.000 biztanleko. Hori adierazle bat da. Euskadin, adibidez, 6,7ko indizea dago 100.000 biztanleko. Ez da bakarrik gure artean sarri elkar hiltzen dugula, elkarri lapurtzen diogula edo elkar jotzen dugula; hemen, semaforoen eztabaida batek homizidio bat ekar dezake, indarkeriak dena hartzen du, dena inbaditzen du. Latinoamerikako El Faro izen handiko egunkari digitalean Sala Negra izeneko proiektua martxan jarri genuen 2011n; indarkeriaren fenomenoa, haren sustraiak aztertu behar genituela uste genuen, hobeto ulertzeko eta azaltzen saiatzeko. Ez zen bakarrik El Salvadorren garatu, eskualde mailako proiektua zen, Guatemalan, Hondurasen eta Nikaraguan ere arazoa zegoelako. Biolentzia bizitzaren arlo guztietan hain presente dagoenean, ez da nitxo bat, ez da xakean espezializatzen den kazetari bat bezala; gure kasuan, profesional eta herritar gisa bizi dugun arazoaren aurrean zerbait egiten saiatzea da, erantzunen bat bilatzea.
Zergatik joan zinen Euskal Herritik El Salvadorrera?
1997an Egin egunkarian hasi nintzen lanean, baina bi urte eta gero itxi zuten, eta lan bila hasi nintzen. Bi urte eman nituen Italian, ikasketak bukatzeko, eta Garan ere kronika batzuk idatzi nituen. Bueltan, kazetaritzaren arloan jarraitu nahi nuenez, eta nire ingelesa nahiko makarronikoa denez, Latinoamerika zen alternatiba. El Salvadorrera joateko aukera sortu zen karrerako lankide bat urtebete lehenago joan zelako. Probatzera joan nintzen. Hilabete batzuk lehenago aritu nintzen ABLEetan lanean, eta hegazkinerako behar adina diru lortu nuenean joan nintzen. Gogoan dut 106.000 pezeta kostatu zitzaidala joan-etorriko txartela. Iritsi eta hilabetera egunkari superkontserbadore batean aurkitu nuen lana, Diario de Hoy-n; bere garaian, Romero monsinoreak El Diablo de Hoy deitu zion. Jauzia egin nuen Egin-Garatik Diario de Hoy egunkarira (kar, kar); eta han pare bat urtez egon eta gero, Prensa Gráficon freelance aritu nintzen, eta gero El Faron. Orain, freelance bezala nabil. Ez da erraza, baina gauzak ez zaizkit gaizki joan.
Erraza suertatu zitzaizun El Salvadorren integratzea?
Erraza da. Erdialdeko Amerikako herri latindarrek duten bertute nagusietako bat da jendea xarmagarria dela, oso erraza da han bizitzea. Halere, gauza askori uko egin behar diezu, batez ere segurtasunarekin lotuta, edo mendian ibiltzea… Niri, adibidez, hirian paseatzea asko gustatzen zait, eta San Salvadorren ez dago aukerarik, ez dago oinezkoentzako semafororik, adibidez, espaloiak aparkatzeko erabiltzen dira… Alde horretatik, hiria etsaia da, baina berriz diot, alde onean, nik uste dut jendea zoragarria dela, bizipoz handia dute, eta hori, batez ere Euskadi bezalako leku batetik etorrita, asko estimatzen da.
'Made in El Salvador' kroniken antologia kaleratu berri duzu. Zer da arnas luzeko kronika?
Nire ibilbide profesionalean bi etapa daude eta inflexio-puntu bat. 2001ean, iritsi eta lanean hasi nintzenetik, lehen etapa luze batean kazetaritza tradizionalagoa egin nuen. 2007an, berriz, Leila Guerriero kronikari argentinar ospetsuarekin ikastaro bat egin nuen, Panama Hirian, eta kazetaritza birplanteatzera eraman ninduen. Arnas luzeko kronika Latinoamerikan jartzen diogun izena da. Protagonistekin zenbat eta denbora gehiago igarotzera behartzen zaituen pieza bat da, eszenak sortzera… Niretzat, arnas luzeko kronikaren generoa deskubritzea shock bat izan zen, eta ikuskera horrekin maitemindu nintzen. Hortaz, kazetaritza mota hori egiten utzi didaten hedabideetan ibiltzen saiatu naiz, freelance bezala. Made in El Salvador-en denetariko kronikak bildu ditut, ez soilik indarkeriaren ingurukoak, baita futbolari buruzkoak ere adibidez.
"Munduan ez dago fenomeno kriminalik, eguneroko bizitzan, marek duten eragina duenik"
Halere, indarkeriaren inguruan aditu gisa hitz egiteko gonbidatzen zaituzte hainbat forotara. Nola azalduko zenioke gasteiztar bati nola sortzen diren marak?
Ameriketako Estatu Batuetako Los Angeles hirian sortu, eta El Salvadorrera inportatutako gazteen banda biolentoen fenomenoa da. MS-13 edo Mara Salvatrucha margotu ziren lehen hormak ez dira El Salvadorrekoak, Los Angeleskoak baizik; hori bai, Gerra Zibilean, AEBetara migratu zuten salvadortarrek margotutakoak. Fenomeno hori berez bortitzak diren gizarteetan garatzen da, eta El Salvadorren segurtasun publikoko arazoa baino segurtasun nazionaleko arazoa bihurtzen da. Bandek eguneroko bizitzan duten eragina izugarria da, batez ere, maila apaleko auzo txiroetan, eta marek duten "arrakastaren" zergatia da, hain zuzen, auzo pobreetatik bizi direla.
Komunitatean sustraituta daude, beraz?
Fenomeno paradoxikoa da. Norbait MS-13k kontrolatutako auzo batean bizi bada, eta senide bat aurreko kalean badu, eta hor 18-Sureños marak agintzen badu, ezin da hura bisitatzera joan, nahiz eta pertsona horrek marekin harremanik ez izan, nahiz eta pertsona horrek marak gorroto izan. Auzo batean edo beste batean bizitzeagatik duten gurutzea da, handicap bat. Baina, aldi berean, MS-13ren menpeko auzo batean bizi denaren benetako etsaia ez da auzoko mara, ondoko auzoko banda baizik. Arazoak izan ditzakezu, baita bizia galdu ere, kontrako banda baten auzoan deskuiduan sartzen bazara. Esango nuke munduan ez dagoela fenomeno kriminalik jendearen eguneroko bizitzan muturreko eragin hori duenik, batez ere pertsona pobreenen bizitzan. Maren boterea izugarria da; etxe batean indarkeria matxistari buruzko arazo bat baldin badago, marek esku hartzen dute. Emakumeak ezin die poliziei edo gizarte zerbitzuei deitu, iraina baita. Hutsune handia zegoen komunitateetan zabaldu dira marak, estatuaren presentzia oso urria den auzoetan.
Hirietako fenomenoa da?
Jatorrian bai, baina herrialde osoan zabaldu du. Nik esango nuke lurraldearen %60 eta %70 artean marek kontrolatzen dutela. Dena den, hori guztia berrogeialdian jarri behar da orain, Nayib Bukele presidentea buru duen administrazioak kolperik handiena eman baitie fenomenoa sortu zenetik.
El Salvadorreko gerraostearen kudeaketarekin zerikusia du talde biolentoen hedapenak?
El Salvadorreko Bake Akordioak izan dira urte luzez Nazio Batuen harribitxia; diru asko iritsi zen gerra osteko urteetan, laguntza asko, eta aurrerapen handiak egin ziren, adibidez, segurtasun publikoan, legeen eremuan, arkitektura juridikoan… Baina finean, nire ustez, alde batera utzi ziren gai gakoak, esate baterako, osasun mentalarena. Irudipena dut, gainera, gerra osteko urte horietako gauza asko estali nahi izan direla, eragile asko tartean zeudelako, enbaxadak, Nazio Batuak… Eta gogoratu behar da, hain justu, urte horietan eztanda egin zuela maren fenomenoak. MS-13 eta Barrio-18 taldeen artean polarizatu ziren beste banda txikiak, eta administrazioak gazteen talde biolentoen arazoa handitzen utzi zuen. Dena den, nire ikuspuntutik, zorra handiena osasun mentalarena da. Jarduera kriminala arrainontzi batean irudikatzen baldin badugu, marak dira arrain handiena, narkotrafikoaren aurretik; hori da El Salvadorren bereizgarria.
"El Salvador autokrazia bat da, munduko presidenterik herrikoienaren menpe"
'Carta desde Zacatraz' liburua idatzi duzu, maren fenomenoa azaltzeko saiakera.
Zortzi urteko ikerketa lana biltzen du, eta oso harro nago. Saiatu naiz azaltzen zergatik izan duten horren arrakasta handia marek herrialdean. Horretarako, 90eko hamarkadaren amaieran, oso ezaguna izan zen pandillero baten bizitzaren historia erabiltzen dut hari gisa, El Directo, lehen pandillero mediatikoa. Lehen elkarrizketak 2010ean egiten hasi nintzen, eta oso lan handia izan zen; 50 edo 60 elkarrizketa egin nituen bizirik ezagutu zuten pertsonekin, eta baita berarekin ere, izan ere, idazten ari nintzenean hil egin zuten. Liburua ez zen bere heriotzarekin amaitzen, ez zegoen gidoian, baina halere, ez zen ezustekoa izan. Uste dut maren fenomenoa pixka bat ezagutu nahi duen edonorentzat aukera on bat dela.
Zein da bandakidearen profila?
Jatorri apalekoa da; ez du zerikusirik Netflix-ek saltzen digunarekin, urrezko pistolak dituzten narkoekin. Bandakide aktiboa komunitateko gainerako pertsonak baino apur bat hobeto, baina nahiko gaizki bizi ohi da. Hala ere, estatusaren kontua dago, eta horregatik haurrek hor goian egon nahi dute, baina fenomenoa pobreena da. Pandilleroek droga mugitzen dute, baina gehiago dira narko txikiak, kantitate txikiak mugitzen dituzte, ez tonak. Oso fenomeno berezia da. Nik uste dut ez dagoela behar bezain ondo azalduta, eta uste dut inflexio puntu bat bizitzen ari garela. Ez dakit non egongo garen urtebetean.
Arazoak izan dituzu Bukeleren gobernuarekin azken urteetan. Kazetarien kontrako erabakiak hartu ditu?
Bukele oso trebea da espektro politikotik kanpo ere arerioak neutralizatzen, eta kazetaritza da gehien erasotzen duen elementuetako bat. Nik, bereziki, duela urtebete baino gutxiago alde egin behar izan nuen, Guatemalara irten behar izan nuen 18 Sureños bandari elkarrizketa bat egiteagatik. Hain justu, salbuespenezko erregimena hasi zenean argitaratu zen, eta salbuespenezko legediaren barruan hamar eta hamabost urte arteko espetxe zigorra ezarri ahal da marei hitza emateagatik, terrorismoa sustatzeko figurapean. Zer kontatuko digute hemen horren inguruan, ezta? Bada, BBCrekin argitaratu zen elkarrizketa hori figura horretan sartzeko arriskua zegoenez, prebentzioz, alde egin nuen. Lankide batzuk ere joan egin dira.
"Gerra ostean, zorra handiena osasun mentalarena izan zen, ez zioten gaiari erreparatu"
Zaila da kazetaria izatea El Salvadorren?
Oso zaila, betiko aktoreengatik, marengatik, baina baita estatuarengatik ere. Bukelek asko jarraitzen dio Trumpen ereduari: "Prentsak interesei erantzuten die, gezurretan ari dira, eta etengabe darabilte fake news-en kontu hori". Presidenteak duen ospearekin, hori nahikoa da hedabide edo kazetari bat erorarazteko. Adibidez, Cartas desde Zacatraz liburuaren aurkezpen batean egindako adierazpen bat hartuta, Errepublikako lehendakariordeak leporatu zidan bandakideen buruzagien aginduak eta mehatxuak epaileei helaraztea, eta zutabe bat idatzi behar izan nuen Washington Post egunkarian, hori gezurtatzeko. Horrela funtzionatzen dute: makila eta azenarioa.
Kazetarien kontrako neurri gogorragoak hartzeko prest ikusten duzu gobernua?
Bukelek nahiago du kazetariok geure burua autozentsuratzea, Nikaraguan Ortegak egiten duena egitea baino; azken horrek kazetarien gremioaren erdia herrialdetik kanpo du. Bukelek, oraindik ere haizea alde duenez, nahiago du gremioa beldurtuta eduki, kazetariak kartzelan sartzea baino.
Zer egoera politikotan bizi da El Salvador, marengatik salbuespen egoera ezarri eta gero?
Ia urtebete daramagu, egunero, giza eskubideak urratzen dituen salbuespen erregimen basati batean bizitzen. Bertan, presidenteak bost urterako aukeratzen dituzte, eta Konstituzioak esplizituki debekatzen du berrautaketa. Bada, Bukelek dagoeneko mugitu ditu piezak muga hori apurtzeko. Hauteskundeak datorren urtean dira, eta Bukelek alde handiz irabaziko du, jendeak maite duelako; %85-90 inguruko onarpen portzentajeak ditu berak kontrolatzen ez dituen erakundeek egindako inkestetan. El Salvadorren daukaguna autokrazia bat da, munduko presidenterik herrikoienaren menpe. 1992tik, zuzenbide estatu baten eraikuntzaren ikuspuntutik aurreratu zen apurra dinamitatu du Bukelek; eta kazetaritzaren ikuspuntutik, duela hamar urte onartu zen informazioa eskuratzeko legea eta eskubidea paper errea dira. Gaur, El Salvadorren, funtzionario batek ere ez dizu elkarrizketarik emango, hedabide independente batekoa bazara.
"Guatemalara irten behar izan nuen '18 Sureños' bandari elkarrizketa bat egiteagatik"
Zein da Nayib Bukele presidentearen arrakastaren jatorria?
San Salvadorreko alkatea izan zen FMLNrekin, eta presidentea izan nahi zuen frontearekin, baina trenen arteko talka bat egon zen. FMLNk ez zuen neurtu zeinen higatua zegoen hamar urteko gobernuen ondoren, ezer egin ez zuen urteen ondoren, eta Bukelek Nuevas Ideas alderdia sortu eta izugarrizko arrakasta lortu zuen. Orain, 84 diputatuetatik 60k Bukeleren aginduetara bozkatzen dute. Bukele publizista da, eta oso ondo daki zer eman herriari. Bereziki klase apalen artean du babes handiena, maren fenomenoak sekulako zama suposatzen duelako herritar pobreentzat, eta marei eman dien egurra ikusten ari dira. Gainera, Bukele hain trebea denez, herritarrei sinetsarazi die ez duela marekin negoziatu. Segurtasunaz aparte, gobernuak sistema publikoko ikasle guztiei ordenagailu bat eman die, eta laptop bat zortzi urtetik beherakoei. Oso trebea izan da. Pandemiaren kudeaketan ere nahiko ondo egin zuen, propaganda aparatu oso indartsua duelako, eta zerbitzu publikoen erabiltzaileek ere hobekuntzak nabaritu dituzte.
Garaituta daude marak?
Nik ez dut esango marak garaituta daudenik, esku gogorreko hogei urteetan ikusi dut marek badakitela, nola edo hala, baldintza berrietara egokitzen; beraz, ez ditut garaitutzat ematen, baina egia da 2016ko lehen bi hilabeteetan 1.400 hildako izatetik, 35 hildako izatera pasatu garela. Inflexio puntu batean gaude, eta ez naiz ausartzen esatera non egongo garen bizpahiru urtetan; orain arte ezagutu ditugun marak, duten boterearekin, desagertzea hipotesi sendoa da.
Zer zabaldu nahi izan du Bukele presidenteak nazioarteko telebista guztietara helarazi dituen bandakideen irudiekin?
Lau edo bost hilean behin egiten duen antzezpena da, baina orain ez du kasualitatez egin. Hori gertatzen da, hain zuzen ere, AEBetan epaiketa bat hasiko dela jakinarazten duten egun berean, eta MS-13 Bukelerekin negoziatzen egon zela aireratuko delako epaiketa horren harira. Arreta desbideratzeko egin du; Goebbelsen printzipioak hor daude, ez ditu Bukelek asmatu. Beste irakurketa bat ere egin daiteke irudi horien inguruan, manodurismoak onespen handia duela inguruan, eta Latinoamerikan ez dela tresna txarra politikarientzat.