Beñat Garaio

"Euskararen biziberritzeari bete-betean eragiten dio segregazioak"

Anakoz Amenabar 2023ko abu. 20a, 06:00

Elebilab ikerketa taldearekin hainbat lan egin ditu Beñat Garaiok. / Alea

Iaz amaitu arren, berriz ere mahai gainera ekarri du Beñat Garaioren tesia Koldo Mitxelena sariak; segretatutako eskola publikoek euskararekiko duten jarrera eta euskara maila aztertu ditu lanean.

ALEAren onena 2023: urtean zehar ALEAn argitaratutako eduki onenen aukeraketa, oporretan (berr)irakurtzeko: irakurrienak, interesgarrienak, gertukoa ezagutzeko proposamenak... 

Euskarazko tesirik onenak aitortzen dituen Koldo Mitxelena saria jaso berri du Beñat Garaiok (Gasteiz, 1990) Euskara eleaniztasunean irakasten duten eskolak aztergai lanarekin, Giza Zientzien arloan. D ereduko bi eskolaren indarguneak identifikatu ditu horretan. Gabeziak badaude ere, lorpen ugari nabarmendu ditu.

Jarrera ezkorra da nagusi eskola publikoak egiten duen lanarekin?

Bai, normalean hizkuntza biziberritzearen gaia eta hezkuntzarena ezkortasun handiz bizi dira, eta tentsio puntu batekin, ikus daitekeen bezala. Horri buelta ematen saiatu naiz, nire zuzendariekin batera, eta interesa duenarentzat eraikuntzarako oinarri batzuk eskaini ditugu.

Hainbat aurreiritzi bertan behera geratzen dira zure tesiarekin...

Bai, askotan jotzen dugu arazoak eta alde txarrak begiratzera, eta, noski, ez dut ukatzen zer hobetu dagoenik, baina ikusi nahi nuen D ereduko aniztasun handiko eskola publikoetan zer zegoen azpimarratzeko edo ospatzeko modukoa. Batzuetan aldaketak egiten ditugu jakin gabe zer den aldatu behar ez genukeena, eta askotan kritika asko egiten dira eta lausengu gutxi. Tesiaren defentsan esan nuen bezala, tesi hau ere baliagarria da eskola hauetan lanean ari diren irakasle, eragile eta gurasoentzat ere; baldintza horietan ere lan ona egin litekeela ikusteko, eta emaitza batzuk dakartzala.

Gasteizko bi eskola hautatu dituzu, antzerako ezaugarriekin.

Bi eskola hauek nabarmentzen dira etorkin jatorriko ikasleen ehunekoa batez bestekoaren gainetik edo oso gainetik egon delako, eta eskolako familien maila sozioekonomikoa batez bestekoaren azpitik. Hasieran bat aukeratu nuen, eta gero pentsatu nuen interesgarriagoa izango zela bi aztertzea, fenomenoa modu zabalago batean aztertzeko. Baldintzak horiek ziren. D eredukoak izatea, noski, eta klaustroaren eta eskola komunitatearen partetik ere egotea borondate bat bai euskararekiko, hizkuntza aniztasunarekiko, baina baita eskolaren biziberritzerako ere.

Euskararekiko jarrerei dagokienez, alde nabariak daude ikasle, guraso edo irakasleen artean?

Orokorrean hizkuntza jarrerak oso onak dira euskara, gaztelania edo ingelesa dela hezkuntza formalean irakasten den hizkuntza, eta baita eskola komunitate horietako hizkuntza aniztasunarekiko jarrerak ere. Hori irudi orokorra edo batez bestekoak ikusten baditugu. Taldeka aztertuta egon daitezkeen ñabardurak, ikusten dugu haurrek eta irakasleek oso modu garbian hizkuntza jarrera onak dituztela hizkuntza guztiekiko, eta gurasoen artean dago aldea. Orokortze errazegirik egin nahi gabe, argi ikusten da badagoela guraso multzo bat hizkuntza aniztasunaren alde egiten duena eta hizkuntza aniztasun horretan euskarak zubi-lana egiten duela; multzo hori bloke garrantzitsu bat da, asko eta asko etxean euskaraz egiten duten gurasoak, badaude atzerritar jatorriko guraso batzuk ere, eta badaude, baina gutxiago, etxean gaztelaniaz egiten duten arabar jatorriko familia batzuk.

Atzerritar jatorriko familiek euskararekiko duten atxikimendu faltaren inguruko aurreiritziak bertan behera, beraz...

Kasu honetan ikusten da askok izugarrizko borondatea dutela euskarara hurbiltzeko, hori jarreretan adierazten dute, baina baita erabaki batzuekin, beraien egunerokoan euskara txertatzen dute eta bultzatzen dute ahal duten moduan. Batzuetan atzerritar jatorriko familiek dituzten hizkuntza jarrerak gehiago hurbiltzen dira etxean euskaraz egiten duten familiek dituztenera, etxean gaztelaniaz egiten dituztenera baino. Beste lan batzuk begiratuta, askotan erronka ez dira atzerritar jatorrikoak izaten, etxean gaztelaniaz eta nolabait esatearren bertakoak diren familia horietan egoten da erronka gehiago, beste distantzia bat edo beste hoztasun bat izaten dute euskararekiko, betiere orokortu gabe, multzo horretan ere badaudelako euskararen alde asko egiten duten familiak. 

Euskara eta gaztelaniaz gainera, zer leku dute eskoletan gainerako hizkuntzek?

Asko da eskolaren eta kasuan kasuko irakaslearen arabera. Bazen asmoa tesian, baina azkenean ez nintzen sartu irakasleen hizkuntza praktikak aztertzera, baina beraien erantzunak ditugu. Askotan esaten dute saiatzen direla egunerokoan zehar txertatzen, loturak egiten, ahal duten heinean hizkuntza horiek klasekideei irakasten.  "Baliabideak, denbora, espazioa izango bagenu..." da askotan agertzen den erantzuna. Saiatu beharko ginateke hizkuntza horiei toki gehiago egiten, eta aniztasun hori ez maila diskurtsiboan garatzen, baizik eta modu praktiko batean.

"Hizkuntza aniztasunari garrantzia eta espazioa eman behar diogu"

Ikasleen euskara maila ere neurtu duzu. Ipuinen bitartez, ezta?

Elebilab taldeak urte luzez erabilitako metodologia bat da. Ikerlariak kontatzen du ahoz gora marrazkidun ipuin bat, testurik ez duena, eta gero ikasleek beste kide bati kontatu behar diote pantaila aurrean; grabatu egiten dugu eta esaten diegu bideo hori beraien eskolako ume txikiei jarriko diegula siesta orduan. Horrek testuinguruan jartzen ditu, eskatzen zaien zeregin komunikatiboan sartzen dira, eta modu bat da ikusteko bat-batekotasun maila bat daukan ekintza komunikatibo bat egiteko gai diren. Egia esan, gai dira ekintza hori egiteko, guztiek lortu zuten beraien kabuz egitea. Beste testuinguru soziolinguistiko batzuetatik hartutako informazioa dugu, adibidez Zumaian edo Lizarran hartutakoa, eta ez da alde nabarmenik agertu, ez txarrera ez hobera, ñabardura batzuk bai noski, baina denak dira gai kontakizuna ondo egiteko. Kasu batzuetan oso kontakizun aberatsak topatu ditugu, ipuin kontalari trebe batek egingo lukeenaren bezalakoa, eta batzuen kasua ere azpimarratzekoa da urte gutxiren buruan lortu dutelako gaitasun hori, beraien egunerokoan euskara erabiltzeko aukerak oso gutxi direnean. Ikusi dugu egunerokoan euskara gutxi erabiltzen dutela askok, askorentzat bigarren edo hirugarren hizkuntza da euskara, ikasgelan ere agian ez dute asko erabiltzen, baina hala ere gaitasuna dute, eta, ikusi dugunez, erantzunetan gogoa edo atxikimendua badute. Oinarria badago, aukerak badaude, gehiago xaxatu eta gehiago hitz egin dezaten aukerak ematea litzateke.

Badago zer hobetu. Zure ustez, zertan jarri behar da arreta?

Hizkuntza jarreraren esparruan uste dut sakondu beharko genukeela euskara Gasteizko hizkuntza aniztasunaren zubi-hizkuntza nabarmentzen. Maila diskurtsiboan gelditu ohi izan da, baina maila praktikoan egin daiteke. Eta ez bakarrik Gasteizen, nahiz tesi hau hemengoa izan. Gasteizek badu oinarri berezi bat, baditu ezaugarri berezi batzuk hizkuntza aniztasun honekiko sentiberagoa egiten dutena, bai sortu diren ekimenak, bai dituen ezaugarri demografiko eta soziokulturalak, bai dagoen jarreragatik ere. Maila praktikora eraman beharko litzateke: erraztasunak emanez, topaketak ahalbidetuz, eta batik bat hizkuntza aniztasun horri garrantzia eta espazioa emanez. Eta lortu beharko litzake hori gizarte talde guztietan; orokortu euskararekiko jarrera on horiek eta hizkuntza aniztasunarekiko jarrera on horiek, eta praktikara eraman. Baita ikusi dugu atzerritar jatorriko familia batzuek beraien nortasuna aipatu arren, beraien hizkuntzak hitz egiteari uzten ari direla, eurena utzi eta gaztelaniaz ari dira... Hor hizkuntza galera bikoitza ari da gertatzen, eta uste dut eskolak eta gizarteak bultzadatxo bat eman beharko geniokeela, eta gogoratu hizkuntza aniztasuna eta gure nortasuna lotuta doazela, eta jatorrizko hizkuntza bultzatzeak ez duela zertan ekarri beste hizkuntzetan gaizki moldatzea edo etorkizunera begirako baldintza okerragoak izatea. Ahozko gaitasunari dagokionez, berriz, esan bezala beraien kontakizunak onak izan dira, baina identifikatu ditugu hobetu beharreko arlo batzuk: izan daitezke ipuin bat kontatzerakoan dituzten baliabide faltak, adjektiboak, aberastasuna, askotan aipatzen den ergatibo famatua... Halako gauzatxoak ondo identifikatuta erraza litzateke lantzea. Hizkuntzak nola lantzen diren da garrantzitsua, eta ikasle horiek eredu batzuk behar dituzte, horien gainean lan egin, eta betiere beraien egunerokoan erabiliko dituzten testuinguru eta egoeretara bideratu.

Ahozkotasunak lekua hartu du azken urteetan eskoletan?

Beti izan da ahozkotasunarena kezka bat, eta adibidez bi eskola hauetan pedagogia aldaketak egiten ari dira; askotan pedagogia aldaketak irakasle- ikasle elkarrekintza aldatzea dakar, eta aldaketa horrek beraien hizkuntza ekoizpenak aldatzea. Ari dira horretan eragiten, eta bada kezka iturri, bada erronka, bada motibazio bat, baina ez daukate denborarik, ez daukate baliabiderik, ez dago prestaketa bateraturik irakasleentzat, eta ez dadila izan beraien denbora librean korrika eta presaka prestatutako zerbait, edo modu intuitiboan... Eragile askoren artean sortutako plan bat beharko litzateke, neurri sorta bat edo esku-hartzeko programa bat, eta hori irakasleei erraztu. Ari dira halako proiektuak garatzen Euskal Herrian, eta agian maila lokalean martxan dauden proiektu horiek orokortzea litzateke, egoera soziolinguistikora egokituta.

Euskararen normalkuntzaren aurka doa segregazioa?

Tesiko emaitza ezberdinetan agertu den bezala, zentzu batean ikasle hauek ez dute hainbeste aukerarik euskara gehiago erabiltzeko, beraien klaseetan etxean euskaraz hitz egiten duten klasekide gutxi dituztelako. Eta, horretaz aparte, maila sozioekonomiko eta soziokultural berdineko ikasle askok osatzen dituztelako taldetxo horiek. Segregazioak bete-betean eragiten dio euskararen biziberritzeari, eta segregazio mota hirukoitza da gainera: ez dutelako aukerarik kultura ezberdinetako elkareraginean aritzeko, ez dutelako aukerarik maila sozioekonomiko ezberdinetako kideekin aritzeko eta ez dutelako euskaldunekin nahasteko aukerarik. Beraiek euskara behar dute guk beraiek behar ditugun bezala, eta amorrua ematen dit "haiek" eta "beraiek" terminoetan hitz egitea, baina eskola eta auzo batzuetan argia da banaketa hori.

"Ikasleek euskararekiko atxikimendua eta gogoa badute"

Guraso batzuek euskaraz aritzeko arnasguneak eskatu dituzte eskoletan.

Arnasguneak sortzeak ez du bermatuko etorkizunera begira ikasle horiek guztiz euskaldunak izatea. Eta esperientzia pertsonalagatik diot; gurea D ereduko klasea zen, denak guraso euskalduneko ikasleak, eta gaur egun gure artean denok ez dugu euskaraz hitz egiten, eta batzuek ez daukate hainbesteko loturarik euskararekin. Uste dut euskara biziberritzeko denok aktibatu behar dugula, eta denok izan behar dugula aukera euskaraz gaitasuna lortzeko eta atxikimendua lortzeko. Hori esanda, arnasguneen presentzia ere beharrezkoa da. Uste dut maila askotan eragin beharko litzatekeela, aukera desberdinak izan, taldekatze malguekin, eta momentuak bilatuz, betiere aniztasun hori nahastuz, eta betiere jakinik euskara biziberritzeko frente guztietatik erantzun behar dela, bakarrak ez duela egoera aldatuko.

40 urte eta gero, orain arteko D eredua kolokan dago?

D ereduak ikusi da geroz eta emaitza okerragoak lortzen dituela gaitasunari eta erabilerari begira, ikasleen profila asko aldatu delako batik bat, eta egokitu egin behar delako. Horrek aldaketa izugarria eskatzen du hainbat esparrutan: metodologia aldaketa, ahozkotasunaren garrantzia, taldekatzeari ikuspegi pedagokiko eta kohesionatzaile batetik begiratzea, testuinguru soziolinguistiko desberdinak aitortzea eta horren arabera planifikatzea... Gauza asko dira, eta ikusiko dugu hezkuntza lege berriak horri erantzuten dion. Eta D ereduak eraldaketak behar baditu, egia esan, beste bi ereduek ez dakit zer behar duten...

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago