ALEAren onena 2023: urtean zehar ALEAn argitaratutako eduki onenen aukeraketa, oporretan (berr)irakurtzeko: irakurrienak, interesgarrienak, gertukoa ezagutzeko proposamenak...
Proyecto Lobo taldeko boluntarioek grabatu dute animalia, Araba eta Burgos artean. "Segurtasunagatik" ez dute zehaztu nahi izan zonaldea, baina Anguloko eta Losako haranen artean aurkitu dutela azaldu diote ALEAri. Fototranpeo izeneko teknikaren bitartez lortu dituzte irudiak, eta horietan ganadu-gorotz baten inguruan ageri da kanidoa, koleoptero baten gainean harrapaka. Txakala, maiatza hasieratik ekaina hasierara arte agertu da kameretan. Nolanahi ere, laginketa egiten jarraitzen dute inguruan.
Angel Manuel Sanchez Alcalako Unibertsitateko irakasleak eta Proyecto Lobo taldeko zuzendariak ALEAri azaldu dionez, fototranpeoko kamara baten gaueko irudiak erabiliz ezin da ziurtatu urre koloreko txakal bat (Canis aureus) denik ziurtasun osoz, "baina uste dugu oso bateragarria dela urre koloreko txakalarekin; hala ere, inguruan laginketak egiten jarraitzen dugu, espeziearekin bateragarriak diren zantzuak aurkitzeko; eta, DNA analisiak egin ahal izango dituzte eta ia ziurra dena baieztatu".
Irakasleak azaldu duenez, irudietan eta bideoetan argi ikusten da gorputz-mimikagatik lurraldean eroso dagoen ale bat dela, "buztanaren jarrerak nagusitasuna adierazten du, eta bere mugimenduengatik ikus dezakegu basa-kanido bat dela". Gainera, leku berean egindako irudietan oinarrituta egin duten alderaketan, fototranpeo ekipo berarekin, "ikus dezakegu azeri gorria (Vulpes vulpes) baino 1/3 handiagoa dela, buztana ere (luma-mototsa) txakalaren tipikoa da, eta buruko eta lepoko morfometria ere azeriarena baino askoz sendoagoa da", azpimarratu du Sanchezek.
"Esperotako aurkikuntza"
Alcalako Unibertsiteko irakasleak azaldu duenez, otsoen errolda egiteko Proyecto Lobo egitasmoaren barruan aspalditik ari dira txakala agertu den eremu horretan laginketak egiten, eta Losako haranean finkatuta dagoen otsoen familia-taldearen jarraipena egiten ari dira. "Txakalarena espero zen gauza bat da, duela hilabete batzuetako harrapaketa –edo Katalunian espeziearen egiaztapen positiboa gorotzetatik abiatuta– zerbait handiagoaren icebergaren punta izan zitekeen, eta batzuek uste genuenaren egiaztapena da bideoa". Are gehiago, ia ziur dago Sanchezek espeziea Espainiako estatuan ugaldu dela.
Araba eta Burgos artean grabatu duten animalia urre koloreko txakal bat dela egiaztatzen bada, Iberiar Penintsulan, kanido espezie horren ale bat agertzen den bigarren aldia izango litzateke. Izan ere, iragan urtarrilaren 8an, Agurain parean, auto batek harrapatuta aurkitutako animalia ere urre koloreko txakal bat zen, Iberiar Penintsulan egiaztatutako lehenengoa. Harrapaketaren lekutik, lerro zuzenean, 60 kilometrora aurkitu dute orain espeziearen bigarren alea.