ALEJO MORENO SAINZ

"Eguzkigrafiak lortzerakoan, zoriak pisu garrantzitsua du"

Juanma Gallego 2023ko abu. 18a, 06:00

Alejo Moreno diseinatzaile grafikoa da, eta argazkilaritza du zaletasun. ALEA

50 megapixeleko sakelakoen garaian, argazki gehienek ezer gutxi esaten dute. Zulatutako freskagarri lata bat, paper fotosentikorra eta pazientzia nahikoa izan daitezke, ordea, denboraren inguruan asko esateko.

ALEAren onena 2023: urtean zehar ALEAn argitaratutako eduki onenen aukeraketa, oporretan (berr)irakurtzeko: irakurrienak, interesgarrienak, gertukoa ezagutzeko proposamenak... 

Urte luzez diseinatzaile grafiko autonomo gisa aritu da Alejo Moreno Sainz (Gasteiz, 1976), baina, beste askori bezala, hari ere bokazioaren gainetik gailendu zaio prekarioan ibiltzeagatik sortutako ezinegona. Halere, ez du alde batera utzi aspaldiko zaletasuna: argazkilaritza estenopeikoaren bitartez irudiak lortzea. Bereziki, eguzkigrafiak ditu gustukoen.

Nola iritsi zinen eguzkigrafien mundu honetara?

Diseinu grafikoaren bitartez. Hasi nintzen zenbait efektu lortzen, eta ondorioztatu nuen zuzenean argazkien bidez lortu ahal zirela. Duela hamar edo hamabi urte hasi nintzen, argazkilaritza analogikoa probatzen, eta, horrela, argazkilaritza estenopeikoarekin egin nuen topo. Oso oinarrizkoa den teknika bat da. Agian gertatu zaizu siestan zaudela eta, pertsianaren zirrikituetatik, irudi txiki bat islatzen dela. Funtsean, horma beltzak dituen ontzi batean barruan zulo txiki bat jartzen baduzu, ontziaren parean dagoena islatuta agertzen da, buelta emanda. Argiaren ezaugarri bat da hori. Horrela hasi zen argazkilaritza, hain justu, irudi horiek lortzeaz gain, irudiak harrapatzeko teknika asmatu zenean. Ni pospolo kutxekin esperimentatzen hasi nintzen. Interneten aurkitutako tutorial batetik abiatu nintzen. Gero, argazki denda bat zeukan lagun batek material pixka bat utzi zidan, esperimentatzeko. Karrete asko iraungitakoak ziren, eta, horri esker ere efektu berezi batzuk lortu daitezke. Guzti honetatik asko erakartzen nauen kontua da zoriarena. Gutxi gorabehera kontrolatu dezakezu zer atera daitekeen, baina amaierara arte ez duzu jakingo zehazki zer lortu duzun. Ustekabeko emaitza oso atseginak eskuratu ditzakezu.

Argazkilaritza estenopeikoa zaharra izan arren, eguzkigrafiena nahiko berria da, ezta?

Bai. Diego Lopez Calvinek, Sławomir Decykek eta Paweł Kulakek 2000. urtearen bueltan asmatu zuten. Honetan, gakoa da Eguzkiaren ibilbidea harrapatzea. Zauden munduko tokiaren arabera, Eguzkiaren bidea modu batean edo bestean ikusiko duzu. Arku osoa ikusteko sei hilabeteko esposizioak egin behar dituzu, argazkia berez etengabe sortzen ari delako. Neguan arkurik baxuena egiten du Eguzkiak, eta udan, altuena. Aldi berean, inguruko paisaia ere marraztuta geratzen da. Teknika honetarako freskagarrien latak eta paper fotosentikorra erabiltzen dira. Zilindrikoak direnez, horrek ere sortzen du deformazio bat.


"Lortu nahi duzuna kontrola dezakezu, baina amaierara arte ez duzu jakingo zer lortu duzun".

Ondoren, beste prozesuren bat beharko da, ezta?

Bai. Paper fotosentikorra erabiltzen denez, papera fisikoki erretzen da, nolabait esateko. Mugitu ahala, Eguzkiak bere traza uzten du, eta horrek sortzen du negatibo moduko bat. Behin lata jasota, gela ilun batean ireki behar da. Kasu honetan ez da zertan guztiz iluna izan behar, denboraren poderioz paperak sentikortasuna galtzen duelako. Gero paper zati hori eskaneatzen dut, oso bereizmen handiarekin, irudia handitu ahal izateko. Ondoren, irudi programa baten bitartez tratatu behar da. Hori da, berez, egiten den errebelatua, modu digitalean. Besteak beste, irudia positibatu behar da —paperean negatiboan agertzen delako—, eta baita buelta eman ere. Kontrastea eta horrelako parametroak ere egokitu behar dira, behin betiko emaitza lortu ahal izateko.

Latak non jartzen dituzu?

Tentu handiz hautatu behar da kokatzeko lekua. Zenbaitetan, margotu eta guzti egiten ditut, ingurunean kamuflatzeko. Orain, adibidez, pare bat jarrita ditut, baina badago jendea dozenaka dituena jarrita aldi berean. Batzuetan jendeak kentzen ditu. Horregatik, gero eta gehiago, lagunen etxeetan jartzen ditut, nolabaiteko kontrola izateko. Baina eman dira egoera bitxiak. Behin Baltimorren [AEB] grabatutako irudi batzuk ikusi nituen: halako kamera bat zubi batean zegoen jarrita, eta norbaitek abisua eman zuen. Lehergailuen indargabetzaile bat bidali zuten, badaezpada ere!

Bat-bateko argazkien garai honetan, honek guztiak 'zen' argazkilaritza ematen du... 

Bai. Nik zaletasun honekin pazientzia asko lantzen ikasi dut. Batzuetan, nahigabean, tarte oso luzeak gertatu dira. Duela gutxi Ondarroan hiru urtez utzitako kamera bat berreskuratu dut, pandemia aurretik utzi nuelako, eta jaso gabe geratu zelako. Esperimentatzeko bidea ere ematen du. Adibidez, azken elurtean saiatu naiz teilatuetako elurraren eragina jasotzen, eta esperimentatu nahi dut ere zuhaitzen hostoekin. Izan ere, urtaroaren arabera Eguzkiaren argia gehiago edo gutxiago igarotzen da hostoen artean.

Zure irudiekin erakusketa bat egin zenuen Gasteizen. Nolako esperientzia izan zen?

Pandemia aurretik izan zen, Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan. Koldo Mendaza bertako irakasleak animatu ninduen egitera, eta benetan oso esperientzia polita izan zen. Jende asko harritu zen irudiekin. Udan ere Tabakaleran ibilitakoa naiz, tailer bat ematen, eta Donostian zehar hainbat kamera jarri ditugu. Orain da horiek jasotzeko unea, ea zer uzta jasotzen dugun!

Argazki gehiago ikusteko, jarraitu Alejo Morenoren lana Instagram-en eta Flickr-en.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago