Mikel Larretxi

"Inolako mozorrorik gabe benetan garen bezalakoak izatea da garrantzitsuena"

Mikel Buruaga 2023ko abu. 17a, 08:00

Mikel Larretxi, Mara-Mara liburu-dendan egindako aurkezpenean. Mikel Buruaga / ALEA

Kalean da Gorri eta borobila ipuin ilustratua. Mikel Larretxi idazleak eta Cristina Achiaga ilustratzaileak dozenaka ume eta familiaren aurrean aurkeztu zuten ekainaren 10ean, Falerinan. Liburuaren egilearekin hitz egin du ALEAk.

ALEAren onena 2023: urtean zehar ALEAn argitaratutako eduki onenen aukeraketa, oporretan (berr)irakurtzeko: irakurrienak, interesgarrienak, gertukoa ezagutzeko proposamenak... 

Mikel Larretxi (Gasteiz, 1990) Haur Hezkuntzako irakaslea da Urkide ikastetxean, eta hamar urte baino gehiago daramatza arlo horretan lanean. Azaldu duenez, ipuin ilustratuak dira bere tresna pedagogiko erabilienetako bat. Hain zuzen ere, horrela jaio zen Gorri eta borobila ipuin ilustratua sortzeko ideia, "ikasgela batean, malabare jokoz inguratuta, klaseko haurrekin pailazo batek galdutako sudurra nola berreskuratu planteatzen".

Ondoren topatu zuen ipuina irudietara eraman duen pertsona: Cristina Achiaga ilustratzailea. Liburua dagoeneko eskura daiteke Astrolibros, Mara-Mara eta Zuloa liburu dendetan; eta horren barruan (QR kode batean), Ane Gebara ipuin kontalariak, Gindi Auzmendi soinu diseinatzaileak eta Javi Sevillaren Black Cat Studios estudioak ondu duten audio-liburua dago ere. Baina argitaratutako 600 aleen erdia baino gehiago saldu egin dute jada, beraz, bizkor ibiltzea komeni da. 

 

Zergatik erabaki zenuen ipuin bat egin nahi zenuela?

"Terapia moduan idaztea egin ohi dudan zerbait da"

Haur Hezkuntzako maisua naiz, eta ipuinak beti erabili ditut klasean tresna moduan; bai ikasteko, bai irakasteko. Eta klasean beti egin dudan zerbait da ipuinak inprobisatzea edo umeekin ipuinak kontatzea eta asmatzea. Orain dela urte asko, zazpi edo zortzi urte, asmatu nuen ipuin hau, edo, hobe esanda, istorio hau. Momenturen batean, ez dut gogoratzen zehazki noiz, erabaki nuen paperera eramatea edo idaztea. Terapia moduan idaztea egin ohi dudan zerbait da. Normalean ipuinak, aukera ematen didatelako pixka bat inprobisatzeko eta kreatibitate hori zabaltzeko. Istorio hau hor utzi nuen idatzita, duela hiru urte arte.

Nondik atera zen ideia edo istorioa?

Neuk malabareak egiten ditut. Egun batean malabareak hartu nituen klasean, eta hasi nintzen istorio honen inguruan hitz egiten. Pailazo baten istorioa da —hasieran pailazo hori Txomin deitzen zen—, eta klasean planteatu nuen pailazo baten sudurraren galeraren aurrean zer egin genezakeen. Hor hasi ziren aukerak agertzen, eta idatzi nuen ipuin hori. Beti buruan izan dut ideia, asko gustatzen zaizkidalako ipuinak eta beti 200.000 irakurri ditudalako.

Orduan, duela hiru urte...

Esan nuen: tira, aurrera. Eta ekin nion ilustratzaile bat bilatzeko prozesuari. Hiru hilabete inguru eman nituen bilatzen, batez ere Instagramen, sare sozialetan eta abar. Eta Cristina [Achiaga] topatu nuen, proiektu honen ilustratzailea izango zena. Lanean hasi ginenean, azkar konturatu ginen konplizitate izugarria zegoela, eta berak nire hitz guztiak marrazki bilakatu zituen, ti-ta batean. Neuk ematen zizkion ilustrazioetan edo marrazkietan agertzea nahi nuen elementuak... eta, jo, oso oso pozik gaude emaitzarekin.

 

Zer istorio topatuko dugu ipuinean?

Elkarbanatu nahi izan dugun mezua emozioen kudeaketarekin lotuta dago. Beti pentsatu dut emozioen kudeaketa ez dela asko lantzen eskoletan eta, oro har, gizartean. Landu duguna da emozioen kudeaketa elementu bereizgarri baten galeraren aurrean. Kasu honetan, sudur bat, pailazo baten sudurra. Horrez gain, ipuinaren beste mezu potente bat zera da: batzuetan kareta edo mozorroa janzten dugula hainbat egoeratan murgiltzeko, eta inolako mozorrorik jantzi beharrik gabe benetan garen bezalakoak izatea dela garrantzitsuena.

"Beti pentsatu dut emozioen kudeaketa ez dela asko lantzen eskoletan eta, oro har, gizartean"

Umeei zuzendutako ipuina al da?

Azken aldian jende askok galdetzen dit hori, eta erantzun erromantiko bat dut haientzat, Printze txikia ipuinean agertzen den moduan: 0 eta 99 urte bitarteko umeei zuzenduta dagoela. Jakina, hori da argudio poetikoa edo erromantikoa. Nik uste dut 5 urtetatik aurrera kapaz direla mezua ulertzeko, eta hortik aurrera, 8 urtera arteko umeentzat, bereziki. Dena den, ipuinak askotan erabiltzen dira manipulatzeko, marrazkiak ikusteko... Elementu oso indartsua da gela batean, beraz, 2 edo 3 urteko ume batek har dezake ipuina eta modu berean disfrutatu. Eta ez dakit, nik, adibidez, 32 urte ditut eta ipuin nahikotxo irakurtzen ditut. Beraz, nolabait, guztiontzako ipuin bat da.

Nolakoa da zure idazketa prozesua?

Askotan etxean jartzen naiz, momentu zen moduko batean, disko bat jartzen dut, eta zerbait idazten hasten naiz. Batzuetan istorio horiek erabiltzen ditut gero gelara eramateko; beste batzuetan terapia moduan, niretzat. Kasu honetan, imajinatzen dut istorio hau buruan neukala eta azkar batean idatzi nuela; egia da beti ti-ta batean idazten dudala, inprobisazioari ateak zabalduz. Gero, ideia zehaztuta neukala, forma eman diogu, eta garrantzi handia eman diogu sonoritateari, hitzen arteko erlazioari, kohesioari... Azken finean, prozesu nahiko naturala izan da.

 

Topatu dituzun bidelagunei buruz, lau hitz:

Cristina Achiaga, ilustratzailea: Proiektu honen %50a bera izan da. Ipuina beti planteatu dugu bihotzetik ateratako motibazio batengatik. Orduan, dena oso naturala, oso espontaneoa eta oso erraza izan da. 

"Proiektu honen %50a bera izan da Cristina Achiaga ilustratzailea"

Gindi Auzmendi, soinu diseinatzailea: Audio-liburuaren ideia pote bat hartzen agertu zen, lasai asko. Pentsatu nuen ideia oso ona zela, azken finean umeek asko erabiltzen duten zerbait delako. Eta etxean ipuinak kontatzerakoan, formatu hori izatea lagungarria da. Orduan, esan genuen: "Tira, aurrera". Gindirekin hitz egiten, proposatu zidan Ane Gebararekin kontaktuan jartzeko...

Ane Gebara, ipuin kontalaria: ...eta, azkar batean, Hala Bedi irratian geunden. Grabaketa egiten hasi ginen Aneren ahotsarekin, irribarre askoren artean, eta neuk ere pertsonaia batzuei jarri nien ahotsa.

Javi Sevilla, Black Cat Studios: Grabazioa Black Cat Studios estudioan bukatu genuen. Gindik egin du soinuaren diseinu guztia, eta Javirekin audio eta pista batzuk grabatu genituen, baita beste batzuk errepikatu ere. Bi egunetan egin genuen dena, eta gero Gindik egin zuen audio-ipuinaren gorputz osoa: ahotsak, soinu-efektuak, musika... Eta bueno, azkar batean eginda zegoen, prozesu oso naturalean.

Zer moduz joan zen ekainaren 10eko aurkezpena?

"Kultura bultzatu behar da, eta ipuinen mundua oso polita da"

Oso oso ondo, primeran pasa genuen. Ume asko, familia asko eta lagunez inguratuta egon ginen. Gure intentzioa zen zerbait motza eta erakargarria egitea, eta agertokian Ines Argomaniz zeinu-hizkuntza interpretatzailea egon zen gurekin, ipuinaren beste irakurketa bat egiteko. Bitartean, Cristina, ilustratzailea, marrazki bat egiten ibili zen zuzenean. Neure aldetik, aurkezpena hiru bloketan banatu nuen: hasieran inprobisazioa, umeekin eta inguruan nituen elementuekin jolasten eta elkar-eragiten, malabare-jolasekin eta abar; gero, ipuinaren irakurketa egin nuen; eta, azkenik, proiektu honetan modu batean edo bestean lagundu didaten guztiei eskerrak emateko unea iritsi zen.

Azken mezuren bat zure irakurle potentzialei?

Bihotzetik enfokatu dugun zerbait izan dela, eta, beraz, gehiago edo gutxiago gustatu, jendea gure proiektua ezagutzera animatu nahi dut, kultura bultzatu behar delako, eta ipuinen mundua oso polita delako.

https://alea.tok-md.com/argazkiak/BvB/GorriEtaBorobila_Paginas_6y7.jpg
Ipuinean aurkituko diren ilustrazioetako bat.
Egilea: CRISTINA ACHIAGA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago