Hizkuntzen mapa aberatsa

Anakoz Amenabar 2023ko abu. 13a, 08:00

Frantseseko eskoletan landu dute ikasleek hizkuntza aniztasunaren inguruko lana. / Alea

Hizkuntza aniztasuna ardatz duen ikerketa lana egin dute Gasteizko Unamuno ikastetxeko lau ikaslek; hurrengo urtean institutuak eskainiko duen Ikerketa Batxilergoaren lehendabiziko pausoa da.

Zenbat hizkuntza entzuten dira Gasteizko Miguel de Unamuno ikastetxean? Zenbat ezagutzen ditu bertako hezkuntza komunitateak? Zeintzuk dira ama hizkuntzak? Zenbateko lekua du euskarak? Hizkuntza aniztasunaren inguruko ikerketa lan bat egin dute Batxilergoko 2. mailako Ane Orbe, Unax Polidura, Josune Antolin eta Uxue Tobarias ikasleek, eta ostiralean, hilaren 24an, aurkeztuko dituzte ondorioak. Hizkuntza komunitate aberatsa dela jakin bazekiten arren, sorpresaren bat edo beste ere aurkitu dutela aurreratu dute.

Leire Bengoetxea frantses irakaslearen ekimenez egin dute ikerlana. Hurrengo urtean EAEn Ikerketa Batxilergoa ezarriko duen lehenengo eskola publikoa izango da Unamuno, eta aurten proba egitea erabaki dute. "Programazioan eskolako hizkuntza aniztasunaren inguruko ikerketa txiki bat aurreikusten nuen, eta ikusirik hurrengo urtean proiektu hau abian jarriko dela, proba pilotu bat egitea erabaki nuen", azaldu du irakasleak. "Lau ikasle bakarrik ditut frantses eskolan, oso langileak, eta aukera polita zela uste nuen". Hala, ikasleek txosten akademiko bat osatu dute; besteak beste, munduko hizkuntza aniztasunaren inguruko informazioa jaso dute, EAEko hezkuntza eleaniztuna jorratu dute, Unamuno eskolako egoera zein den azaldu dute, eta emaitzak bildu dituzte, ondorio, bibliografia eta eranskinekin. "Horretarako, egindako lanen artean, aurretik galdetegi batzuk bidali dizkiegu ikasle, irakasle eta familiei, zenbat hizkuntza hitz egiten dituzten eta ama hizkuntza zein duten jakiteko", aipatu du Josune Antolinek.

"45 hizkuntza zenbatu dituzte Unamunon, eta guztiekin mapa bat osatuko dute"

Bulgariera, wolofera, galiziera, hassania, errumaniera, euskara. Guztira, 45 hizkuntza zenbatu dituzte, baina gehiago ere egon daitezkeela uste dute. Horiek guztiak mapa handi batean jarriko dituzte eskolan, hizkuntza bakoitzaren fitxa labur batekin; izena, munduan dituen hiztun kopurua, eskolan dituena, hizkuntza bakoitzaren bizitasuna eta hizkuntza bakoitzeko eskolako hiztun baten bideoarekin ere osatuko dute lana. Apirilean antolatu duten aste kulturalaren barruan paratuko dute erakusketa.

Eskolatik Leire Bengoetxeak zuzendu du lana, eta kanpotik Beñat Garaio soziolinguista izan dute tutore. Azterlana amaituta, ostiralean, epaimahai baten aurrean defendatu beharko dute beraien lana, Unamunoko irakasle eta EHUko Elebilab ikerketa taldeko kideez osatutako mahaiaren aurrean. Hizkuntza aniztasunaren inguruko aurkezpenean, baina, festak ere izango du lekurik, erakusketa inauguratu eta egindako lana ospatzeko tartea ere izango baitute.

Hizkuntzak, erronka

Unamunoko zuzendari Lorea Gabiolak ere gertutik jarraitu du gazteek egindako lana, Ikerketa Batxilergoa izango denaren lehendabiziko pausoa izango baita hau. "Guretzat hau entsegu bat ere bada, hurrengo urtean ikasleek egin beharko duten lanaren aurretik; benetako ikerketa akademiko bat, barneko eta kanpoko tutoreekin, eta aurkezpenarekin". Gainera, azaldu duenez, jorratzen ari diren gaiak, hizkuntza aniztasunak, bete-betean eragiten dio ikastetxeari, eta hurrengo urteetako erronka nagusietako bat izango dute. "Aniztasuna gure institutuan gauza nahiko berria da, Gasteiz asko aldatu da azkeneko urteetan, eta orain arretaz begiratzen diogu datorrenari, egoera berrira egokitzeko". Aurrera begira, kultura guztiak aintzat hartuko dituen proiektua dutela prest azaldu du, euskara "aterpe eta ardatz" izango duen egitasmoa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago