Itsaso Velez del Burgo

"Iristen direnean, txinpantze kumeak traumatizatuta daude"

Juanma Gallego 2023ko abu. 10a, 06:00

Kongon txinpantzeekin lan egiten du Velez del Burgok. ALEA

Kongon primateentzako babesleku batean lanean dago Velez del Burgo, isilpeko ehizaren ondorioz umezurtz geratu diren txinpantzeei bigarren aukera bat eskaini ahal izateko. Talde handia bildu dute, baina animaliak behar bezala askatu ahal izateko lan asko geratzen zaie oraindik.

ALEAren onena 2023: urtean zehar ALEAn argitaratutako eduki onenen aukeraketa, oporretan (berr)irakurtzeko: irakurrienak, interesgarrienak, gertukoa ezagutzeko proposamenak... 

Gutxitan bueltatzen da jaioterrira Itsaso Velez del Burgo primatologoa (Gasteiz, 1984), baina amarekin hilabete bat pasatzera hurbildu denean eskatu diogu Lwiron (Kongoko Errepublika Demokratikoa) txinpantzeekin egiten duen lana azaltzeko. Bertan dagoen primateentzako babeslekuaren zuzendari teknikoa da Velez del Burgo.

Ingurumen Zientziak eta primatologia ikasi zenituen. Zerk eraman zintuen horiek ikastera?

Txikitatik beti gustuko izan ditut animaliak, eta sentsibilitate handia izan dut haiekiko. Animaliekiko maitasunagatik etologo izan nahi nuen. Baina Jesus Obrero ikastetxeko orientatzaileak ez zekien oso ondo zer ikasi behar zen etologo izateko. Adibidez, etologo izan nahi duten askok psikologia ikasten dute, ikasgairen bat dagoelako. Baina nik ingurumenarekiko interesa nuenez, Bartzelonan Ingurumen Zientziak ikastea erabaki nuen. Bertan primatologia masterra zeukatenez, eta nik animaliekin lan egin nahi nuenez, hori egitea erabaki nuen.

Eta nola iritsi zinen gero Kongora?

Masterraren praktikak egiteko Mexikora joan nintzen, tximino orrolariak ikertzera. Bertatik Afrikara joan nahi nuen gero, baina ez nekien ingelesez. Horregatik au pair gisa joan nintzen Hegoafrikara, bertan haurrak zaintzera. Behin ingelesa ikasita, primateekin lan egiteko aukerak gehiago zabaldu ziren. Bertatik Ginea Konakryra joan nintzen, urtebetez txinpantze basatiak ikertzera. Zaila zen behatzea, ez daudelako gizakiei ohituta. Gu ikusi orduko, berehala alde egiten zuten, hain berezkoa duten alarma oihuak bota ondoren. Beraz, kakak, janari hondarrak edo erabilitako tresnak jasotzen genituen, eta habiak ikertzen genituen... Berriki emaitzak atera dituzte, eta, adibidez, ikusi da txinpantzeek eltxoak uxatzen dituzten zuhaitzak lehenesten dituztela habiak egiteko. Orduan kontaktuan jarri nintzen Erresuma Batuko primatologo batekin. Tximu handiak naturan askatzen lagundu nahi nuela esan nion, eta gomendatu zidan babesguneetan lan egiteko, eskarmentua hartzeko. Lwiro babeslekuko Carmen Vidal zuzendariarekin hitz egin nuen, eta sei hilabetez joateko eskatu zidan. Bosgarren hilabetean oso larri gaixotu zen, toxoplasmosia hartuta, eta ebakuatu behar izan zuten. Gero Lorena Agirre etorri zen, eta biok ondo moldatu ginen. Bertan geratzeko eskatu zidan, eta hala egin nuen. 

"TXINPANTZEAK ASKATZEAK DENBORA EMANGO DU. PROZESUA EZIN DAITEKE ERDIRA GERATU"

 

Nolakoa da babesleku horretako egoera?

Txinpantzeak babestuta daude legez, eta ezin dira ez ehizatu ez maskota bezala erabili. Baina bertan arazo handi bat dago, isileko ehiztariek ehizatzen dituztelako, haien haragia saltzeko. Suzko armekin eta txakurrekin sartzen dira oihanean, eta txinpantze helduak tirokatzen dituzte. Erortzen den txinpantzeak kume bat baldin badu, maskoten legez kanpoko merkatuan saltzen dute. Kumea beso artean daramatenez, txinpantze amak harrapakin errazagoak dira ehiztarientzat. Bertako agintariekin lan egiten dugu: rangerrek txinpantze bat aurkitzen badute, konfiskatzen dute, eta guri ekartzen digute. 

Espezieen trafikoa arma eta drogenaren parekoa da, baina horretaz gutxitan hitz egiten da, ezta? 

Bai. Espainian orain hobetu da kontua, legea aplikatzen delako. Baina 1980ko hamarkadan ohikoa zen hondartzetan txinpantzeak ikustea beraiekin argazkiak egiteko. Titi tximino txikiak, kaputxinoak... oraindik badira horrelakoak. Oso krudela da horrelako animaliak edukitzea. Gainera, txikiak direnean oso politak dira, baina gero handitzen dira, eta oihanetik atera zirelako mantentzen duten traumari gehitzen badiogu etxean oso baldintza artifizialetan dituzula, horrek trauma handia sortzen du, eta animalia arriskutsuak bilakatu daitezke horren ondorioz. Guk zentroan txinpantzeak, tximinoak eta loro grisak hartzen ditugu, azken hauek ere askotan saltzen direlako animalien merkatuan.

Txinpantze umezurtzak artatzen dituzte Lwiron. © BRENT STIRTON

Nola lortu daiteke basati den animalia bat ez etxekotzea?

Konplikatua da. Primateak orokorrean oso animalia argiak dira, eta bizirauteko behar dituzten portaera asko ikasitakoak dira, amaren edo taldearen bidez. Normalean iristen zaizkigun txinpantzeek bi urte dituzte, baina amarekin sei urte bete arte egon ohi dira. Gero taldean jarraitzen dute. Emea baldin bada, beste talde batera joaten da; arra baldin bada, bizitza osoa ematen du jatorrizko taldean. Amak kume gehiago izan arren, gainerako seme-alabak alboan mantentzen dira, eta kume berriak zaintzen dituzte. Gugandik oso antzekoak dira horretan ere. Baina gure txinpantzeek ezin dute ikasi berez ikasi beharreko guztia, hala nola zer espezie jan, non aurkitu fruituak, nola erabili eskura dituzten botika naturalak... Bestetik, alde afektiboa dago: iristen direnean oso traumatizatuta daude, ez dute ez irri egiten ezta jolas egiten ere. Beraz guk eman behar diegu ama-gizaki bat, beraiek ziur sentitzeko. Hori beharrezkoa da beren berreskuratze psikologikorako. Egia da gizatiartuta daudela, baina pixkanaka desgizatiartzen ditugu. Hau da, hasieran gurekin daude, baina, ondoren, berrogeialdiaren ostean, ikusten dugunean pixka bat egokitu direla, txinpantzeen taldean sartzen ditugu, eta bertan giza kontaktua txikiagoa da. Askatzerakoan ere pixkanaka egin beharko dugu, eta gure zaindariek irakatsiko diete nola jardun oihanean. 

Duela gutxi txinpantzeen eta gorilen arteko 'gerrak' ikusi dira. Onerako ala txarrerako, gurekiko oso antzekoak dira, ezta?

Bai. Adibidez, animalia espezie bakarrenetako da sufrimendua nahita eragiten duena. Oso territorialak direnez, gerra egin dezakete, eta arerioa torturatu modu kontzientean. Hatzak apurtu, barrabiletara jo, ipurditik hesteak atera... oso kontu gogorrak. Diozunez, onena eta txarrena dute. Bonoboak, adibidez, fisikoki oso antzekoak izan arren, sozialki guztiz desberdinak dira.

Behin norbaiti entzun nion hauek ezin direla telebistako dokumentaletan azaldu, egun osoa txortan ematen dutelako.

Bai, kar kar! Oso bitxia da alde hori. Gizarte matriarkal eta baketsua dute, patriarkalak eta gerrara oso bideratuta dauden txinpantzeen aldean. Horretan oso trebeak dira: duela gutxi ikusi dira txinpantze taldeak gorila familiei eraso egiten eta kumeak hiltzen. Baina uste da habitatak galdu dituztelako izan daitekeela, estresagatik, orain arte inoiz ez baitzen ikusi. Auskalo, akaso da gutxitan egon garela hori ikusteko. BBCk badu bideo bat kamera termikoekin grabatutakoa, eta bertan txinpantzeak ikusten dira puntu bat bezala. Eta hor oso ondo ikusten da estrategia bat darabiltela. Talde osoak tximino bat jarraitzen du, eta pixkanaka eramaten dituzte txinpantze alpharengana. Azkenean honek tximinoa akabatu eta besteen artean banatzen du harrapakina. 

Nolakoa da egun arrunt bat Lwiron? Ala ez dago egun estandarrik?

Ez. Egun bakoitza desberdina da. Hori da lan honetan politena. Dirua lortzen saiatzen naiz, sare sozialak kudeatu, txostenak egin, txinpantze kumeak zaindu, kudeaketa lanak egin... askotariko gauzak. Gehien gustuko dudan jarduna da integrazioena: behin berrogeialdia pasata, animalia berri bat bere talde sozial berrian sartzea, talde horretan onar dezaten. Hor orduak eman ditzaket txinpantzeen arteko elkarrekintzak behatzen.

Normala denez, dirua lortzea zailena izango da...

Bai. Baina azken urteotan zorte asko izan dugu, Kongon parke desberdinen artean egiten delako Giving day for Apes izenekoa. Saiatzen gara jende asko lortzen ditu kopuru txikia emango duena. Horri esker, bederatzi edo hamar hilabetez biziraun ahal izan dugu, eta horrek lasaitasun bat ematen dizu, beste gauza batzuetan kontzentratzeko, modu desesperatuan dirua lortzen ahaleginak egin behar izan gabe. 

"NOSKI GUARDIEK ARMAK BEHAR DITUZTELA. ARE, PRESTAKUNTZA  MILITAR GEHIAGO BEHAR DUTE"

Noiz askatuko dituzue animaliak?

Momentuz loroak askatu ditugu, eta aurten tximinoak askatu nahi ditugu. Txinpantzeak askatzeak denbora gehiago emango du. Nahiko garestia da. Abiatu baino lehen, prozesua bukatuko duzula argi izan behar duzu; ezin daiteke erdira geratu. Batetik txinpantze basati asko ez dauden eremu bat aurkitu behar dugu, bestela hauek etorri berriak hil ditzaketelako. Isilpeko ehiza ez duen eremua izan behar da, gainera, eta itxi egin behar dugu, Lwiron dugun hesiaren moduko bat jarrita, txinpantzeak ingurune berrira egokitu daitezen. Hasieran zaintzaileak aterako dira eme batzuekin, irakasteko une bakoitzean zein zuhaitzek ematen duten fruitua. Hori ere aurretik ondo ikertu eta prestatu beharko dugu. Orotara 40-50 laguneko taldea askatu nahi dugu. Horrela beste txinpantzeetatik edo edozein arriskutatik babesteko moduan egon daitezen. Espezie berri bat askatzean, espezie aterki kontzeptua abiatzen da: espezie batetik abiatuta, ekosistema osoa babesten duzu. Bestetik, inguruetako komunitateekin ere lan egin nahi dugu, badaezpada ere gure txinpantzeetako bat iritsiz gero, guk erantzun bat eman ahal izateko. Txinpantze batek joera izan dezakeelako komunitateetara hurbiltzeko, kasurako, patatak jatera ohitu delako. Noizbait gertatu da txinpantze bat askatu eta horrek oihanean geratu nahi ez izatea, berreskurapen zentrora bueltatu nahi zuelako. Oso gustura egoten da babeslekuan, eta aukera hori errespetatu beharra dago. Prozesu horrek bost edo hamar urte eman ditzake, bigarren edo hirugarren belaunaldia sortu arte. Horiek izango dira benetan basatitzat hartu ahal izango ditugunak. 

Afrika Erdiko Errepublikan dagoen Luis Arranzek behin esan zidan hitz politak ondo daudela, baina berak guardia armatu gehiago behar zituela parkean... 

Ados nago Luisekin. Isilpeko ehiztariak armatuta doaz, eta baita gerrillak ere. Absurdoa da pentsatzea parkeetako guardiak armatuta egongo ez direla, horrek heriotzara bidaltzea suposatuko lukeelako. Noski armak behar dituztela. Are, prestakuntza militar gehiago behar dugu natura zaintzen ari den jendearentzat. Noizbait gertatu zaigu norbaitek dirua eman nahi ez izatea guardiak armatuta daudelako. 

"BATZUETAN DIOTE AFRIKAN LUR ASKO DAGOELA USTIATZEKO, BAINA LUR HORI ANIMALIENA ERE BADA"

Erraza da Europatik erresilientziaz eta hezkuntzaz hitz egitea, ezta?

Oso erraza da, bai, baina egunerokoa kudeatu beharra dago. Gu gauden tokian, Kongoko ekialdean, koltana, urrea edo diamanteak daude. Nazioarteko interes bat dago eremu hori ezegonkor mantendu dadin. Gure eskualdea lasaiago dago, baina lau kilometrora gerrillak ditugu.

Ai ama! Lasaiago bai, lau kilometrora baino ez!

Tira, 2018ra arte gauez tiroak entzuten genituen, bertan bandit armé deritzenak daudelako, armatutako lapurrak. Bertan dagoen armen kontrola eskasa da, eta bertakoei etxeetan daukaten apurra lapurtzen diete. Beraz, gauez ez gara ateratzen, eta etxean ranger armatuak ditugu.

Bateragarriak dira Afrikan pertsonen garapena eta animalia basatien kudeaketa?

Niretzat arazorik handiena da giza presioa, gizaki gehiegi garela. Hamar edo hamabost seme-alaba izaten jarraitzen bada, ezinezkoa izango da hau mantentzea. Erabateko mentalitate aldaketa bat bat egon behar da. Batzuetan jendeak dio Afrikan oraindik lur asko dagoela ustiatzeko, baina lur hori animaliena ere bada. Onartu behar da ere bertako espezieentzako habitatak mantendu behar direla. Baina kontserbazioaren onura ekonomiko bat egon ezean, habitat horiek ez dira kontserbatuko. Turismoa lagungarria da, edo karbono bonuak, baina hori bertako komunitateetara iritsi behar da. Guk hemen ere animalia asko desagerrarazi ditugu; ezin diegu besterik gabe esan afrikarrei beraiek gauza bera ez egiteko. Onura bat izan behar dute. Baina egoera larria da: adibidez, 1990ko hamarkadan elefanteak Lwirora iristen ziren, baina orain ez da bat ere iristen, babestuta ez zegoen oihan guztia deforestatu dutelako.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago