Arabako Aldundiak eta Santa Maria la Real Fundazioak beste hiru enplegu anezka jarriko dituzte abian urrian, Arabako 60 langabeturi baliabideak eskaintzeko. Bi anezkak aurrez aurreko saioak eta online saioak izango dituzte eta Gasteizen egingo dira; hirugarrena, berriz, osorik online izango da lurralde osorako.
Izena emateko epea urriaren 11ra arte egongo da irekita. Lana aktiboki bilatzeko talde hauetan 363 arabarrek parte hartu dute 2016tik, eta haietatik %60 inguruk besteren konturako lanpostu bat aurkitu dute, euren negozioa martxan jarri dute edo profesionaltasun ziurtagiriak lortu dituzte lan praktikekin batera.
Arabako hiru enplegu anezka berriak urriaren erdialdean hasiko dira, bost hilabete iraungo dute eta talde bakoitzean hogei plaza izango dira. Honako hauek izan daitezke partaideak: langabezian dauden pertsonak, 18 eta 60 urte bitartean dituztenak (biak barne), prestakuntza maila desberdinekoak (DBH, Lanbide Heziketa, Batxilergoa, unibertsitate graduak, eta abar) eta edozein lanbide sektoretakoak, aldez aurreko esperientziadunak edo esperientziarik gabeak.
Lan arloan espezializatutako teknikariek orientazioa eskainiko diete partaideei, eta gidatu egingo dituzte haien enplegagarritasuna hobetzeko eta laneratzea indartzeko, tresna digitalak (aplikazioak, sare sozialak…), zeharkako gaitasunak, lan ibilbideak eta enpresekiko harremanak baliatzearen bitartez. Hortaz, besteak beste, adimen emozionaleko dinamikak egingo dituzte, lan prospekzioko plan bat egingo dute eta beren lanbide helburua fokalizatuko dute. Lan bilaketa aktiborako talde horiek beste jarduera hauek ere egingo dituzte: curriculumak eguneratu eta lan elkarrizketen simulazioak egin hautaketa prozesuetan konfiantza eta segurtasuna areagotzeko, enplegagarritasun mapak egin eta enpresekiko harremanak planifikatu eta gauzatu.
Programako parte hartzea borondatezkoa eta doakoa da, eta bertan partaide izan nahi direnek urriaren 11ra arteko epea dute izena emateko, www.lanzaderasdeempleo.es web atarian edo aurrez aurre Gasteizko Ignacio Ellacuria udal ikastegiaren bulegoetan (Castro Urdiales kalea, 10-12, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara). Ikastegi horretako lokalak Gasteizko Udalak lagatakoak dira, eta Arabako hiriburuko bi anezken egoitza izango dira.