Euskal Herria eta Argentina arteko zubia eraikitzen

Erredakzioa 2023ko uztailaren 31

Iñaki Landak, Garazi Suinagak, Garazio Fernandezek eta Larraitz Goikoetxeak parte hartu dute programan. Argazkia: 'Anima zaitez!'.

'Anima zaitez!' proiektuari esker, komunitateen arteko loturak sendotu dituzte Villa Mariako euskal etxean.

Gasteizen bizi diren lau lagun –Iñaki Landa, Garazi Suinaga, Garazi Fernandez eta Larraitz Goikoetxea– aukeratu dituzte aurten Anima zaitez! programan parte hartzeko. Astebete egin dute Villa Mariako (Cordoba) Euzko-Etxea euskal etxean euskal kultura partekatzea ardatz duen egitasmoarekin; euskara, sukaldaritza tradizionala, institutuetan hitzaldiak, dantzak eta musika eskolak izan dituzte egunotan.

Argentina erdigunean dagoen herria da Villa Maria, 90.000 biztanle inguru dituena. Eta Flor Deniz Anima zaitez! programaren koordinatzaileak azaldu duenez, euskal komunitate garrantzitsua iritsi zen lurra lantzera. "Gure aitona-amonak lanean hasi ziren eta behitegiak, gaztandegiak etab. martxan jarri zituzten. Batez ere nekazaritzan eta abeltzaintzan lan egin zuten. Hona, batez ere, Nafarroatik iritsi ziren, baina baita Gipuzkoatik, Zuberoatik, Lapurditik eta Arabatik ere ".

Luis Carricabururen familia, adibidez, Nafarroako Arraiotz herritik etorri zen. 1930. urtea zen. "Argentinan finkatuta zeuden euskaldunek lagunak, senideak eta bizilagunak gonbidatzen zituzten, mundu guztiarentzako lana zegoen, lurra, eta guk bagenekien lan hori aurrera eramaten", azaldu du. "Milaka izan ziren honaino iritsi zirenak eta Villa Maria bere ezaugarri geografikoengatik bereziki interesgarria zen; oso ondo lantzen ziren alpapa, zekalea eta artoa, artzain sistemarako oinarrizko produktuak".

"Dantza eta musika, euskara edota gastronomia tailerrak antolatu dituzte egonaldian"

Programa honen seigarren edizioa jarri dute abian euskal etxean. Helburua euskal kultura partekatzea da, azaldu dutenez, inplikatutako alde guztiek (argentinarrak eta euskaldunak) esperientzia aberasgarria bizi dezaten. "Euzko-Etxea euskal etxearen ahaleginari esker, Atlantikoaren bi aldeak lotzen dituen zubia eraikitzen ari gara hemendik", azaldu du koordinatzaileak.

Hala, Euskal Herritik heldu diren lau lagunek astebete daramate Villa Mariako euskal etxea osatzen duten 300 bazkiderekin elkarlanean. "Garazi Suinagak euskararen euskalkiei buruz emandako hitzaldiarekin hasi ziren ekitaldiak. Ondoren, Iñaki Landa eta Larraitz Goikoetxea sukalde tailerraren buru izan ziren marmitakoarekin, patata tortillarekin eta La Viña tartarekin. Astea dantza eta bertso tailerrekin osatu zen", azaldu du Garazi Fernandezek. 

Sukaldaritza tailerra izan dute Iñaki Landarekin, besteak beste. Argazkia: 'Anima zaitez'

Euskal etxeak jarduera hauek bideratu ditu Cordobako herritarrengana iristeko eta komunitateak Euskal Herriarekin dituen harremanak indartzeko, esan dutenez. "Villa Mariako euskal etxeak Anima zaitez! ekimenarekin bilatzen duena euskal gazteak ezagutzea da, gure euskal etxean egiten dugun lana eta gure hiri ederrak eskaini behar duen guztia erakustea; aldi berean, euskal kulturaren hainbat alderdiri buruzko ezagutzak ematen dizkigute, bertan gertatzen denaren ikuspegi eguneratua izateko aukera emanez", nabarmendu du Denizek.

Profil osagarriak

Aukeratutako kide bakoitza eremu konkretu batean espezializatuta dago, aipatu dutenez. "Funtsezkoa da hori bakoitzaren prestakuntza eta ezagutzak aprobetxatzeko eta tailer ezberdinak garatzeko, hala nola, dantzak eta musika, euskara hizkuntza... baina baita gastronomia ere", azaldu du euskal etxeko lehendakari Emilia Zugastik.

"Kontua ez da eskolak ematea, inolaz ere. Konpartitzea da kontua, dena oso dibulgatzailea eta praktikoa izan dadin dinamikak sortzea", esan du Iñaki Landa irakasle gasteiztarrak. "Proposamen honetatik gehien motibatzen nauena jendea eta euren familien istorioak ezagutzen jarraitzea da". Euskal filologia ikasi duen  Garazi Suinagak, adibidez, euskarari eta mitologiari lotutako tailerrak proposatu ditu. Kultur aniztasuna sustatzen duten proiektuak bultzatu nahi ditu, eta horregatik esperientzia hau aberasgarria izango dela uste du. Musikari ere arreta berezia eskainiko zaio, batez ere arlo honetako irakaslea den Garazi Fernandezen eskutik. Bere kasuan, asmoa euskal dantzen eta txistuaren inguruan lan egitea da, txikienentzako proposamen berezi bat egiteaz gain. Ostadar taldeko kidea izateaz gain, irakaslea ere bada Larraitz Goikoetxea Urdangarin, eta dantza, musika eta gastronomia tailerretan parte hartuko du Villa Mariako egonaldian. Esperientzia honekin euskal diaspora barrutik ezagutu nahi du, baita euskal etxeek egiten duten lan garrantzitsua ere.

Euskal etxe "oso aktiboa"

1946ko irailaren 29an sortu zen Villa Mariako Euzko Etxea, 77 urteko lanean funtsezko topagunea izan dena euskal kulturarentzat eta bere garaian bere jaioterria atzean utzi zutenen ondorengoentzat. Euskara, dantzak edo musika korala barne hartzen dituen tailerren egitarau bizia antolatzen du, topaketen, hitzaldien eta proiekzioen antolakuntza ahaztu gabe. "Edizio honetan programa kalera atera nahi dugu, herriak euskal etxean egiten duguna ezagutu dezan. Horregatik, bi norabidetan lan egingo dugu. Alde batetik, dagoeneko parte hartzen duen jendeari zuzendutako jarduerak egingo ditugu, eta, bestetik, herriko beste espazio eta erakunde batzuekin egindako jarduerak ", gogoratu du Flor Deniz koordintzaileak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago