Araiako antzerki festak 30 urte beteko ditu

Erredakzioa 2023ko abuztuaren 8a

Los Absurdos taldearen 'Gruyere' lanak itxiko du jaialdia, Arrazpin. Argazkia: Los Absurdos.

Hiru hamarkada beteta, Jaione Azkonak hartu du jaialdiko zuzendaritza, Javier Alkorta 'Txortas'-en lekuan.

Hiru hamarkada. Umorea eta antzerkia batuta, 30 urte bete ditu Araiako jaialdiak, eta merezi moduan ospatuko dute herrian abuztuaren 11tik 15era eta lurraldeko beste hainbat txokotan 5etik 27ra bitartean. Aldaketa nabarmen bat ere badakar aurtengoak, Javier Alkorta Txortas-ek agur esan baitie zuzendari lanei, eta haren lekua Jaione Azkonak hartu du. 

Elkarlanean aritu dira biak aurtengo jaialdia antolatzen, eta horren emaitza da abuztuan aurkeztuko duten programa: 12 antzerki konpainia izango dira Araian, eta 8 antzezlan eramango dituzte Arabako 23 herritara. 30. urteurrena ospatzeko, gainera, edizio guztietako material grafikoarekin erakusketa bat antolatuko dute Araian, jaialdiaren ibilbidea irudikatuko duena.

'La Ternura'

Egitarauaren hainbat lan aurkeztu zituzten aurretik, eta dagoeneko prest da osorik. Besteak beste, Alfredo Sanzolek zuzendutako La Ternura obra arrakastatsua, abuztuaren 11n Arrazpi Berri kiroldegiak hartuko duen barruko ikuskizuna. Hurrengo egunean, abuztuaren 12an, Familia Sarekada euskarazko komedia ikusi ahal izango da, Vaiven konpainiak gidatuta. Abuztuaren 13an MyL2.0 obra antzeztuko dute, Mariana Collado eta Lucio A. Baglio dantza eta komedia bikotearekin. 14an, berriz, Las XL-k ikuspuntu feministatik egitako Degenérate mucho obra aurkeztuko dute. Eta azkeneango egunean, abuztuaren 15ean, Gruyére lanak itxiko du jaialdia; Los Absurdos taldearen antzezlan honek bikote batek bankuarekin dauzkan zorrak ordaintzeko biziko duen epopeia kontatuko du. 

Urtero bezala, kaleko antzezlanik ez da faltako. IdoLoca nafarraren ¡Qué circo de mujer!, La Nördika konpainiaren Cándido, L’Actitud, Kataluniako Jam konpainiaren kargu, Trapu Zaharra-k taldearen  ¡Dale Ramón!, aurtengo Leioako Umore Azokan ikuskizun onenaren saria irabazi duena, Soñando magia David Vegaren esku, Jimena Cavallettiren Mecha eta Ramiro Vergaz-en Whitte bottom, 2021ean Panorama Circada saria irabazi zuena. Araian kaleko ikuskizunak eskainiko dituzten zazpi konpainiek parte hartuko dute Arabako zirkuituan ere, eta hauei beste bat batuko zaie: Ameztu Antzerkia konpainiaren Ipurbeltz antzezlana.

Ikuskizunetarako sarreren salmenta, abonuen salmentarekin batera, uztailaren 28an hasiko da www.jaraialdia.com webgunearen eta Entradium plataformaren bitartez; abonua abuztuaren 7ra arte eskuratu ahal izango da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago