Antzinako Musika Astea "hitzak" hartuko du irailaren 1etik 10era

Erredakzioa 2023ko uztailaren 27a

Ander Telleria akordeoi jotzailea Araian izango da, irailaren 2an. Argazkia: A. Telleria

Hamalau kontzertu izango dira, eta beste hiru kontzertu Txikien Astean, hitzaldi bat eta proiekzio batekin batera.

Irailarekin 1etik 10era bueltan izango da Arabako Musika Astea. Jose Miguel Gonzalez zuzendari artistiko berriaren eskutik, Hitzetik abiatuta eraikitzen izango du goiburu aurtengoak. "Desadostasun garai konplexu hauetan, inoiz baino beharrezkoagoa dirudi gelditzea, geure buruari begiratzeko denbora ematea eta elkarrizketa eraikitzaile bat hastea, lehenik norberarekiko eta gero besteekin", azaldu du zuzendariak.

Hala, 41. edizio honetan, musika "aliatua" izango dela gogoratu dute, eta inoiz baino gehiago, topaketarako, hitzerako, pentsamendurako eta komunikaziorako espazio egokia izan nahi du. Programetako askok testua izango dute lanaren oinarri; hasteko, Juan de Antxieta (edo Johannes de Antxieta, bi eratara sinatzen baitzuen) dago, antzinako musikaren euskal konpositore garrantzitsuena, eta haren corpusa polifoniaz osatuta dago, batez ere erlijiozkoa. Haren heriotzaren 500. urteurrena ospatuko dute, bi kantari gasteiztarrekin: Carlos Mena eta David Sagastume. "Bi formazio oso desberdinek konpositore azpeitiarraren aberastasuna eta originaltasuna erakutsiko digute", azaldu dute antolatzaileek.

Antxieta beste programa batzuetan ere egongo da, bere estiloa bere garaikideen estiloarekin kontrajarri ahal izateko; hala nola, Armonía Concertadak proposamena egingo du (Maria Cristina Kiehr, Jonathan Alvarado eta Ariel Abramovich), KEA ahots taldearen edo Tetraphillia ensemblearen eta Ander Telleriaren proposamenekin batera.

Ahots musikak presentzia izaten jarraituko du, Asturiasko El León de Oro abesbatzaren eskutik; "arimarekin elkarrizketa" aurkeztuko dute, polifonista espainiar eta ingelesen lanek osatua. Era berean, Alicia Amo sopranoa entzuteko aukera izango da, Musica Boscareccia ensemblearekin. Baina hitzak, batzuetan, ez du ahotsik behar komunikatzeko: hori erakutsiko du Jorge Jimenez biolinista barrokoak, Tercia Realidad taldearen buru, Farinelliren ariak biolinera eraman baititu. Baita Isabel Villanuevaren biolak ere; isiltasunetik abiatuta, "erritual" bat egingo du San Vicentejo ermitan. Errepertorioa oso berezia eta zentzuz egina da, Hildelgarda von Bingen abiapuntu eta Kurtag helmuga izango baitira.

Kirmen Uribe idazleari egindako enkargua da edizio honetarako proiektu berezietako bat. Bere bertso eta pentsamenduei ahotsa emango die, Enrike Solinis sortzailearen gitarra lagun duela.

Bi kontzertutan –Kirmen Uriberena (larunbata, hilak 2) eta Carlos Mena Daniel Oiarzabalarekin (astelehena, hilak 4)– 3 euroko prezioa ordaindu beharko bada ere, besteak doakoak izango dira, baina gonbidapena beharko da: www.entradium.com.

Besteak beste, Guardia, Kexaa, Armentia, Artziniega, Araia eta Kanpezura helduko dira saioak. Hemen kontsulta daiteke egitarau zabala.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago