Espainiako Estatu osoan, PPk irabazi ditu hauteskundeak, eserleku gehien lortuta, baina PSOEk gehiengo osoa (176 diputatu) osatzeko aukera izango luke Sumar, ERC, Junts, EH Bildu, EAJ, BNG edota Coalición Canariaren babesa eta ezkerreko blokea berrestea lortuz gero; hau da, Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako alderdi subiranista guztien babesa beharko luke PSOE-Sumar koalizio gobenuak. PP-Vox blokea gehiengo osotik urrun dago momentuz.
Bi blokeetako batek ere gobernua eratzeko gehiengorik osatuko ez balu, Pedro Sanchez sozialista edo Alberto Nuñez Feijoo popularra presidente izendatzeko, hauteskundeak errepikatu beharko lirateke.
EAEn, berdinketa teknikoa eman da PSE-EE, EAJ eta EH Bilduren artean, bosna diputatu lortuta. PPk bi ordezkari lortu ditu, Araban eta Bizkaian; Sumar koalizioak, berriz, diputatu bakarra lortu du, Bizkaian. Vox alderdi ultraeskuindarra ordezkaritzarik gabe geratu da. Nafarroan, PSOEk bi diputatu lortu ditu, EH Bilduk bat, PPk bat eta UPNk beste bat.
Araban lau diputatu zeuden jokoan, eta, espero zen bezala, PSE, EH Bildu, PP eta EAJren artean banatu dira, ordena horretan, alderdi bakoitzak ordezkari bat lortuta: Daniel Senderos, Iñaki Ruiz de Pinedo, Javier De Andres eta Mikel Legarda, hurrenez hurren. Sumarrek 2019an Elkarrekin Podemosek lortutako diputatua galdu du, duela lau urte galdutako ordezkaria berreskuratu duen PPren mesedetan.
Senatuari dagokionez, Arabatik hiru senatari lortu ditu PSOEk, boto gehien lortuta: Julia Maria Liberal Liberal, Adolfo Lander Vera eta Paula Somalo Garcia. EH Bilduk, lehen aldiz, senatari bat lortu du, lurraldean laugarren bozkatuena: Josu Estarrona Elizondo.
GRAFIKOAK
HAUTESKUNDEAK ARABAN