⛅ EGURALDIA

Asteburu beroagoa

Erredakzioa 2023ko uztailaren 21a

Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Datozen 72 orduetan eguzki orduak eta ostarteak izango ditugu, eta tenperaturek berriro gora egingo dute .

Atzoko egunaren parekoa izango da ostirala, hodeiak eta ostarteak tartekatuko direlarik. AEMETen arabera, euri pixka bat bota dezake ere. Ipar osagaiko haizea izango dugu, aparteko indarrik gabekoa. Gasteizen 13 eta 22 gradu arteko aldea espero da.

Asteburuari berari dagokionez, ez da ezustekorik espero, tenperaturetan ez bada. Goizetan lainoa agertu daiteke zenbait tokitan. Gainerakoan, hodeiak eta ostarteak izango ditugu, bai larunbat zein igandean ere. Larunbat goizean estaliago egongo dela iragarri dute. Modu berean, larunbat arratsaldean Eolo indartsuago ibiliko da, eta igande goizean hegoaldeko osagaia hartuko du. Termometroetan, gora egingo du galinstanoak: larunbatean 13 graduan hasi eta 27raino igo daiteke Gasteizen. Igandean, berriz, 14 eta 31 gradu artean ibiliko da. Ohi bezala, hegoaldean beroa askoz gehiago nabarituko da: igandean AEMETek 38 gradurainoko tenperaturak iragarri ditu Oionerako. Eguzki krema botatzeko egunak izango dira, indize ultramorea dezente altua egongo delako: 0 eta 11 arteko eskalan, indizea 8 eta 9 artean egongo da.

Bidali eguraldiari buruzko zure argazkiak erredakzioa@alea.eus helbidera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago