Kudeaketa errazteko Correosen eskaera onartu egin du Hauteskunde Batzorde Zentralak, eta 24 ordu luzatuko du posta bidez botoa emateko epea. Zehazki, ostiral honetako, uztailaren 21eko, 14:00ak arte izango da horretarako aukera, Espainiako Estatuko Correosen edozein bulegotan; izan ere, horixe da bulegoen ohiko itxiera ordua eguerdietan. Horrez gain, ostegun honetan 22:00ak arte irekiko dituzte bulego guztiak.
Dokumentazio guztia entregatu den arren, joan den asteartean oraindik jasotzeke zeuden bidalketen %9,07, 170.000 inguru. Gainera, dokumentazioa jasotzeko hasiera batean helbide bat adierazi eta gero beste helbide batera bidaltzeko eskatu zuten pertsonen dokumentazioa berriz bidali behar izan da kasu askotan. Posta bidezko boto eskaeren errekorra hautsi da hauteskunde hauetan; zehazki, 2.622.808 pertsonak eskatu dute Espainiako Estatu osoan.
Epea gaur, uztailaren 20an, ostegunean, amaitzekoa zen; eta hauteskundeak igande honetan izango dira, uztailaren 23an. Orain, Correosek ziurtatu beharko du botodun gutun-azalak hauteskunde mahaietara iristea legez ezarritako epeen barruan.