Babestutako edukia

Gasteizko IKAk udako ikastaro trinkoak eskainiko ditu aurten ere

Erredakzioa 2023ko abu. 4a, 08:00
Gasteizko IKAko Aratz Euskaltegia. Argazkia: IKA

Euskara ikasle askok oporrak hartu badituzte ere, Gasteizko IKA euskaltegietan ez da etenik: jo eta su ari dira udako ikastaro trinkoetan. Uztailean, abuztuan eta irailean izango dira.

Ohi bezala, martxan dira Gasteizko IKAren udako ikastaroak. Abuzutan, egunean 5 orduko taldeak dituzte maila guztietan, A1etik C1era. Irailean, zabalagoa izango da eskaintza: 5 orduko taldeez gain, eguneroko 2 ordukoak ere eskainiko dituzte, goizez zein arratsaldez. 15 eguneko ikastaro trinkoak ere eskainiko dira iraileko bigarren hamabostaldian, B1, B2 eta C1 mailetan, egunean 4 ordukoak, goizez nahiz arratsaldez.

Iraileko ikastaroetan izena emateko epea irekita dago, eta gasteiz.ikaeuskaltegiak.eus webgunean dago informazioa eta matrikulatzeko esteka.

Bestalde, irailean, 2023-2024 ikasturteko matrikulazio kanpaina abiatuko du Gasteizko IKAk, eta berriro ere eskaintza zabala izango da mailari, maiztasunari eta eguneko ordu kopuruari dagokienez. Urriaren 3an hasiko da ikasturtea, eta ekain amaieran amaitu.

Hainbat erakundek ematen dituzte euskara ikasteko dirulaguntzak; besteak beste, HABEk, Gasteizko Udalak edota Arabako Foru Aldundiak. Nabarmentzekoak dira, halaber, Vital Fundazioak IKArekin duen hitzarmenari esker eskaintzen dituen bekak, 18-25 urte bitarteko gazteei zuzenduak.

Maila guztietako eskolak eskaintzen ditu IKAk, A1etik C2ra. Talde batzuk egunerokoak dira, egunean 2, 3 edo 5 ordukoak. Beste batzuk, berriz, astean 2, 3 edo 4 egunekoak, egunean 2 edo 2,5 ordukoak. Txandaka ibiltzeko aukera ere badago. Helburua da ikasle guztiek izatea aukera, ahal duten erritmoan, ikas-prozesuan aurrera egiteko.

Ordutegi finkoetara lotu ezin diren ikasleentzat, autoikaskuntza ere eskainiko dute, A1etik  C2ra; ikasle bakoitzari, gainera, tutore bat esleitzen zaio, ikas-prozesu osoan laguntzeko. Beheko mailetan, HABEren Boga sistema erabiltzen da, eta goi-mailetan, berriz, IKAren Moodle plataforma, autoikaskuntzarako berariaz egokitua.

Ikaslearen asmoa edozein dela ere, gertuko eta konfiantzazko harremana dute helburu IKA euskaltegian. Berdin du ikasleek zer egin nahi duten: euskararen munduan lehenengo urratsak eman, dakitena indartu, ahaztutakoa berreskuratu edota hizkuntz eskakizun baterako prestatu. “Motibazioa eta autoestimua indartzen saiatzen gara, gurera datozenek euskara irrika har dezaten”.

Gasteizko IKA 1989an sortu zen, eta hiru hamarkadatik gora daramate Euskal Herriko eta mundu zabaleko txoko guztietatik etorritako lagunak euskalduntzen. “Irakasle gehienek 20 urtetik gora daramate euskara eskolak eta trebakuntzak ematen. Hala ere, egunero gaurkotzen dugu euren jarduna”, azpimarratu dute. “Metodologia komunikatiboa dugu oinarri. Helburua komunikatzea da beti, euskaraz hitz egin, esaten dizutena ulertu, idatzi, eta irakurritakoa ulertzea. Eskoletan erabiltzen dugun materiala geuk sortzen dugu: material propioa erabiltzen dugu. Horretarako, lantalde bat aritzen da modu jarraituan materiala gaurkotzen eta, behar denean, sortzen”.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide