Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak Santa Maria de Garoña zentral nuklearra eraisten hasteko baimena eman du jada. Horrekin batera, Nuclenorren (Endesa eta Iberdrolaren sozietatea) instalazioen titulartasuna hondakin nuklearrak kudeatzen dituen Enresa enpresa publikoari eskualdatzeko baimena eman du ere.
Baimena emanda, zentral nuklearra desegiteko lanak datozen egunetan hastea eta 2033ra arte luzatzea aurreikusten da; horretarako, 350 pertsona inguruk lan egin beharko dute. Eraisteak 475 milioi euroko aurrekontua izango du. Prozesua bi fasetan banatuko da:
- 1. Fasea (2023-2026): igerilekuak hustu, erregaia kudeatu eta turbinak desmuntatzeko prestaketa jarduerak, eta ondoriozko hondakinak kudeatzeko behar diren sistemak eta instalazioak aldatzea. Era berean, gastatutako erregaia igerilekutik zentraleko aldi baterako biltegira (ATI) eramango dute.
- 2. Fasea (2027-2033): erreaktorearen ontziaren segmentazioa, askoz ere delikatuagoa. Izaera erradiologikoko eraikinen desegitearen ostean, deskontaminazioa, desklasifikazioa eta eraispena gauzatuko dira. Azkenik, ingurua lehengoratuko da.
Atzera bueltarik ez
Arabaren mugakide den Tobalinako Harana (Burgos) udalerrian kokatutako zentral nuklearra 1971an jarri zuten martxan, 466 megawatteko (MW) potentziarekin. 2012ko abenduan deskonektatu zen sare elektrikotik, Nuclenorrek Industria, Energia eta Turismo Ministerioari hura ustiatzen ez jarraitzeko erabakiaren berri eman zionean. 2013ko uztailean ustiapenaren behin betiko amaiera deklaratu zuten, baina 2014ko maiatzean Nuclenorrek baimena berritzeko eskaera aurkeztu zuen. 2017ko abuztuan, Espainiako Gobernuak ukatu egin zuen eskaera.