Uztailaren 23an izango dira Espainiako hauteskunde orokorrak. Bozketa egunerako sei egun eskas falta dira, eta astelehen honetan EITB Focus makroinkesta plazaratu du EITB taldeak, Espainiako Kongresurako boto-asmoa aztertuz. Ekainaren 28tik uztailaren 11ra bitartean, EAEko 2.400 pertsona elkarrizketatu dituzte telefonoz; 800 lurralde historiko bakoitzean.
EITB Focusen arabera, EAJk, EH Bilduk eta PSEk bosna diputatu lortuko lituzkete EAEn; Sumar koalizioak diputatu bakarra eskuratuko luke, 2019an Unidas Podemosek jasotakoak baino bi gutxiago (Arabakoa eta Gipuzkoakoa galduta); eta PPk bi diputatu lortuko lituzke, 2019an baino bat gehiago (Arabakoa berreskuratuta).
Alderdirik bozkatuena EAJ izango litzateke EAEn, botoen %28 eskuratuta, baina 2019an baino emaitza okerragoekin: diputatu bat eta botoen %4 galduko lituzke. Bigarren postuan EH Bildu izango litzateke, %6ko hazkundearekin —%18,8tik %24,7ra— eta ordezkari bat gehiago lortuta. PSE-EEk ere hazkunde nabaria izango luke —%4 gehiago, %23,1eko babesarekin—, diputatu bat gehiago lortuta.
Sumar koalizioak diputatu bakarra eskuratuko luke, Bizkaian, 2019an Elkarrekin Podemosek lortutakoak baino bi gutxiago eta botoetan %5 atzera eginda. Bestalde, PPk diputatu bat irabaziko luke Araban, eta Bizkaikoa mantenduko luke; botoei dagokienez, %1,4ko igoera izango lukete popularrek —%8,9tik %10,3ra—.
Hala ere, EITB taldearen inkestaren arabera, eserleku batzuk jokoan egongo lirateke oraindik, zenbait lurraldetako azken ordezkaria boto gutxiko aldearekin erabakiko baita.
Araban, Sumarretik PPra
EAEko emaitzetatik harago, Arabari dagokionez, PSE-EEk, EH Bilduk eta EAJk errepikatu egingo lituzkete 2019ko emaitzak, ordena horretan, eserleku bana lortuta. Bestalde, PPk 2019an galdutako ordezkaria berreskuratuko luke, eta Sumar koalizioak, berriz, galdu egingo luke Unidas Podemosek duela lau urte lortutako diputatua; hau da, Guillermo Presak ez luke mantenduko Juantxo Lopez de Uralderen eserlekua.
Boto kopuruari dagokionez, PSE izango litzateke Arabako lehenengo indarra, %3,4ko hazkundearekin —%22,1etik %25,5era—. Hazkunderik handiena EH Bilduren kasuan emango litzateke, %4,7ko hazkundearekin —%16,2tik %20,9ra—. Bestalde, EAJk behera egiten jarraituko luke, %2,9ko jaitsierarekin —%23,7tik %20,8ra—.
PPk ere igoera nabaria izango luke, botoen %3,9 gehiago lortuta —%15etik %18,9ra—. Sumar koalizioak, berriz, beherakada handia izango luke gure lurraldean, Unidas Podemosek 2019an lortutako botoen %6,6 galduta —%16,6tik %10era—. EITB Focusen arabera, Arabako laugarren ordezkaria eskuratzeko lehia eskasa litzateke, bi alderdien arteko aldea 14.000 boto ingurukoa bailitzateke.