Igande honetan, berriz ere, Arabako lurretan izan da Ironman triatloi proba, eta mundu osoko kirolariak bildu dira igerian, bizikleta gainean eta korrika.
Emakumezkoen kategorian, Gurutze Frades durangarra izan da irabazlea. Uribarri-Ganboako urtegian 3,8 kilometroko igeriketa proba zazpigarren postuan amaitu ondoren, bi gurpilen gaineko 180 kilometrotan zehar aurreratu da hirugarren posturaino, eta, azkenean, buruan jarri da Gasteizko kaleetan zehar, 42,2 kilometroko maratoian. Proba osoa 8 ordu eta 46 minututan amaitzea lortu du, lehen postuan. Fradesen atzetik Svenja Thoes alemaniarra geratu da bigarren postuan, 8 ordu eta 53 minuturekin; eta hirugarren postuan Els Visser holandarra iritsi da, 9 ordu eta 9 minuturekin.
Gizonezkoen kategorian Gwenaël Changeon triatleta frantsesa nagusitu da aurten, proba osoa 8 ordu eta 22 minututan burututa. Igeriketa proba hamaseigarren postuan amaitu arren, sailkapena iraultzea eta lehen postuan jartzea lortu du bizikleta gainean, probaren amaiera arte. Podiumean, berarekin izan dira David Mendes gasteiztarra eta Nicolas Durif frantsesa.