Itziar Gonzalo Ogasuneko foru diputatuak gaur goizean ezagutzera eman diru 2022ko errenta aitorpenaren kanpainaren zifrak. Aurkeztutako proposamenen kopurua iazkoa baino handiagoa izan da: 189.182 aitorpen, guztira. Horietatik, zati handi batek, hau da, % 67k baino gehiagok, zergadunaren aldeko itzulketa izan du.
Gonzalok adierazi duenez, "normaltasuna izan da kanpainaren joera orokorra, eta, horregatik, oso balorazio positiboa egiten dugu, eta pozgarria da". Eta etengabeko hobekuntza azpimarratu du, "herritarrei errazteko harremana Foru Ogasunarekin modu arin eta eraginkorrean". Ildo horretan, honako hau nabarmendu du: "Arabako Foru Ogasuna, aurreko kanpainetan bezala, nahierako zerbitzu bat ematen saiatu da kanpaina honetan, eta, horregatik, zergadunek arreta indibidualizatua eta presentziala edo harreman digitalagoa aukeratu ahal izan dute".
Errentaren balantze ekonomikoa
2022ko errenta kanpainan, 132.702 aitorpen egin ditu Foru Ogasunak berak, hau da, aurkeztutako aitorpen guztien %70. Aitorpenak aurkezteko, 90.602 zergadunek Foru Ogasunak egindako Rentafacil proposamena berretsi dute, eta 42.100 Gasteizko, Laudioko eta Guardiako ogasun bulegoetan egin dira, aurrez aurre. Gainera, 38.471 gestorien bidez aurkeztu dira, eta 18.009 bete dira egoitza elektronikoaren bidez, Rentared modalitatean.
Aurkeztutako aitorpen guztietatik, 127.515 itzultzekoak izan dira, 140 milioi euro guztira, eta zergadunaren aldeko batez bestekoa, berriz, 1.102 euro.
Bestalde, Foru Ogasunaren alde dirua sartu beharreko aitorpenak 51.437 izan dira, 114 milioi euro guztira, eta 2.229 euroko batez besteko diru sarrera. Ondorioz, Arabako Foru Ogasunak kanpaina honetan jaso duena baino ia 26 milioi euro gehiago itzuli ditu.
Beste datu batzuk
Aurten zerga aurkeztera behartuta ez dauden zergadunek itzuli beharreko aitorpen gehiago aurkeztu dituzte. Horrela, Ogasunak berak 26.471 aitorpen proposamen egin zituen aurkeztu beharra eduki gabe itzuli beharreko kuotaren emaitza zuten zergadunei.
Bestalde, Gonzalok azaldu duenez, aurrezkiaren zerga oinarria %11 baino gehiago handitu da, batez ere kapital higiezinaren etekinen (%18) eta ondare irabazien (%7,8) gehikuntzetan oinarrituta. Kenkariak, berriz, % 5,5 handitu dira. Nabarmentzekoa da dohaintzen (%57), etxebizitzan inbertitzearen (%26) edo desgaitasunaren (%10) ondorioz kendutako zenbatekoaren igoera.