Zehazki, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Sailaren 2021eko apirilaren 22ko aginduaren zenbait puntu baliogabetu ditu Gasteizko epaileak. Agindu horren bidez, EAEko bitartekoen poltsa bat eratzeko hautaketa prozesurako deialdia egin zuten, toki erakundeetarako idazkaritza eta kontu hartzailetza eskalarako funtzionarioentzat gordetako lanpostuak betetze aldera.
Idazkari, Kontu-hartzaile eta Diruzainen Bizkaiko Elkargo Ofizialak agindu horren kontra aurkeztu zuen helegitea. Elkargoak bi premisatan oinarritu zuen bere helegitea: hizkuntza jakitea eskatzea baldintza gisa -eta ez meritu gisa-, eta prestakuntza ikastaroa egokia ez izatea estatu mailako hautagaiei legez erreserbatutako funtzioak betetzeko, baita bitarteko gisa ere.
Helegitea aurkeztuko du Jaurlaritzak
Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Olatz Garamendik, agerraldi batean, aditzera eman duenez, ez dago epaiarekin ados, eta helegitea jarriko dutela jakinarazi du; EAEko Justizia Auzitegi Nagusira joko dute, eta, bitartean, epaia etenda geratuko da. Garamendik uste du toki entitateen funtzionamendurako "hain garrantzitsuak" diren lanpostu horiek euskara maila egiaztatzen duten profesionalez bete behar direla. Sailburuaren iritziz, soilik horrela "berma" daitezke hizkuntza eskubideak; eta kritikatu duenez, "epai honek euskararen erabileraren normalizazioa, gure erakundeen antolaketa eta autogobernua urratzen ditu".
"Oldarraldi judizialaren salaketa"
Euskara sustatzeko neurrien kontrako "oldarraldi judiziala" salatzeko, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak udal legearen aurka emandako epaiaren kontra agerraldi jendetsua egin zuten, atzo goizean, Bilbon, ehun udal ordezkarik Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, eta, arratsaldean, euskararen kontrako epai sorta horren beste adibide hori ezagutarazi zuen Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ehun udalek baino gehiagok egin zuten bat Albia lorategietako argazkian, eta, tartean, 77 alkatek; EH Bildukoak eta EAJkoak ziren gehienak, eta plataforma independenteetako hautetsi batzuk ere bertaratu ziren. Lehen lerroan, Bilboko eta Donostiako alkateak egon ziren: Juan Mari Aburto eta Eneko Goia; Gasteizko alkatea, Maider Etxebarria ez zen egon agerraldian. Halaber, udalerri handietako udal ordezkariak ere izan ziren: Getxoko alkate Amaia Agirre, Barakaldoko Amaia del Campo, Errenteriako Aizpea Otaegi, Galdakaoko Iñigo Hernando, eta Hernaniko Xabier Lertxundi, besteak beste.