Gutxituak, baina kimuez bapo

Erredakzioa 2023ko uzt. 13a, 17:28

2011n ekimena abiatu zuenetik, laugarren edizioa izango da aurtengoa. Argazkia: HIGA

Uztailaren 17tik 21era HIGA topaketen laugarren edizioa egingo dituzte, Gasteizko Montehermoso jauregian.

Hizkuntza asko entzuten dira Gasteizko kaleetan, baina, uztailaren 17tik 21era sinfonia horretara beste hainbat eta hainbat batuko dira. Besteak beste, ekpeye, amazighera, khana, quechua, garifuna, nla'kapamcheen, chuvash, uchinaaguchi, khroskaybs, wymysouera, ladinoa eta friuliera hizkuntzak. Ezagugarri bat komunean dute guztiek: hizkuntza gutxituak dira. Alabaina, hizkuntza horiek biziberritzeko estrategiak landuko dituzte data horien bueltan Arabako hiriburuan, horretarako kemena duten gazteen eskutik. 

Orotara 75 gazte izango dira, 65 hizkuntza-komunitate gutxituren ordezkari. Montehermoso jauregian bilduko dira aste horretan, HIGA Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketaren 4. edizioaren barruan.

315 gaztek egin dute hautagaitza aurtengo jardunaldietan parte hartzeko, 130 hizkuntza gutxituren ordezkari gisa. Guztiak gonbidatu ezin eta, horien artean, antolatzaileek 75 aukeratu dituzte.  Ohar baten bitartez ezagutarazi dutenez, bidelagun izan duten irizpide nagusia izan da "ahalik eta hizkuntza eta gazte profil gehien gonbidatzea". Parte hartuko duten gazteen artean musikariak, ekintzaileak, eduki sortzaileak, irakasleak, edota hizkuntzalariak daude.

"Uste dugu HIGAk aukera paregabea eskaini lezakeela guregandik oso urrun dauden hizkuntzak eta gazteak gertu-gertutik ezagutzeko", nabarmendu dute.

Egun horietako planei dagokienez, goizetan hitzaldi eta tailerrak izango dituzte, eta bazkal ostean hizkuntza biziberritzeko proiektuak jorratuko dituzte. Arratsaldeetan, berriz, elkarren arteko harremanak indartzeko ekintzak izango dituzte, eta, gauetan, kontzertu eta kultura emanaldiak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago