Arabako foru gobernu berria martxan jarri ostean, lehen proiektuak abiatzen hasi dira azken egunetan. Astelehen honetan, Aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak —Jon Nogales PSEko foru diputatua buru— 4,8 milioi euroko inbertsioa iragarri du 2023ko Bide Zoruen Plan berrirako.
Urteko azken sei hilabeteetan zehar, Arabako 82 errepideren bide tarteetako zorua hobetzeko helburua du planak, eta esku hartzeak aurreikusten ditu Lehentasunezko Intereseko Sareko zein Oinarrizko Sareko bide nagusietako batzuetan, hala nola A-1, N-240, N-124, A-132 eta A-624 eta A-625 errepideetan, baina ahalegin handiena bigarren mailako bideetan egingo du, jarduketa gehienak eskualdeko, tokiko eta auzoko sareetan izango baitira.
Foru diputatuak gogora ekarri duenez, aurreko legegintzaldiaren hasieran hartutako konpromisoa zen planaren inbertsioa bikoiztea, eta 2021ean gauzatu zen agindutakoa. Orain beste aurrerapauso bat eman nahi dute: aurtengo inbertsioa 2022koa baino %20 handiagoa da, eta 2019an zein aurreko ekitaldietan baino %220 handiagoa.
"Xedea da beste bultzada bat ematea gure errepideen kontserbazio eta mantentze lanei, eta hala, haien segurtasuna hobetzea", azaldu du Nogalesek. "Inbertsio hauek behar bezala planifikatzeak aukera emango digu, gainera, diru kutxa publikoei dirua aurrezteko epe ertain eta luzera, galtzadak gehiago hondatzea saihestuko baita. Programa honek, gainera, inbertsio publikoaren bidez jarduera eta enplegua bultzatzen lagundu nahi du, eta Arabako gizarte eta lurralde kohesioan lagundu".
Zein errepidetan esku hartuko da?
Bide Zoruen Planak Arabako eskualde guztietako banatutako 82 errepidetan esku hartzea aurreikusten du, denboraren, elurraren zein izotzaren ondorioz zuloak, pitzadurak eta deformazioak dituzten bide tarteak eta gune zehatzak konpontzeko. Bide zati osoak fresatu eta beroan aglomeratutako asfaltozko errodadura geruza birjarriko dira kasu batzuetan, eta beste gune jakin batzuetan hartxintxarrezko ureztatzeen tratamenduak aplikatuko dira.
"Oso garrantzitsua da Arabako eskualdeak elkarren artean komunikatzen dituzten eta herri guneetara bide ematen dituzten errepideak mantentzea, lurraldea egituratzeko eta landa ingurunean bizi direnei kalitatezko zerbitzu publikoak emateko", azpimarratu du Bide Azpiegituren diputatuak.
Lehentasunezko Intereseko Sarea
Lehentasunezko Intereseko Sarearen lau errepidetan esku hartuko da: nazioarteko ibilbideak, aireportuetarako sarbidea, autonomia erkidegoen arteko trafiko handia jasaten duten ibilbideak eta ibilgailu astunen kopuru handi bati erantzuten diotenak. Gune jakin batzuen bide zorua berrituko da eta errei osora egokitu, bi noranzkoetan, fresatuta eta errodadura geruza birjarrita:
-
A-1. Bi bide tarte oso, 4,3 kilometro, eta gune jakin batzuk, bi noranzkoetan, egokitzea, fresatuta eta errodadura geruza birjarrita, Burgosko lurralde mugaren eta Nafarroako lurralde mugaren artean, Gazeoko lotunea barnean sartuta.
-
N-124. Bide tarte osoa, kilometro bat, Gatzaga Buradon parean, lotunea barnean sartuta, eta zuloak, pitzadurak eta deformazioak dituzten gune jakin batzuk konpontzea.
-
N-240. Legutio aurretik bitan banatutako bide tartean 1,4 kilometroko bide zatia berritzea.
-
N-622. Zuloak, pitzadurak eta deformazioak dituzten gune jakin batzuk konpontzea, fresatuta eta errodadura geruza birjarrita.
Oinarrizko Sarea
Lurraldea egituratzen duten, Araba beste autonomia erkidego batzuekin lotzen dituzten eta trafiko handia daukaten Oinarrizko Sareko errepideei dagokienez, lau bidetan esku hartuko da:
-
A-132. Santikurutze Kanpezu eta Nafarroako lurralde mugaren arteko 2,6 kilometroko bide tartean bide zorua berritzea. Esku hartze hori osatzeko, konponketak egingo dira Arabako Mendialdeko errepide horretan hondatuta dauden guneetan, fresatuta eta errodadura geruza birjarrita.
-
A-623. Gune batzuk konpontzea 5 kilometro baino gehiagoko bide tarte batean hondatuta dauden eremuetan.
-
A-624. 1,2 kilometroko bide tarte osoa Menagarai parean eta konponketa jakin batzuk Amurrio eta Izoria artean.
-
A-625. Amurrio iparraldeko, Markixanako eta Gardeako lotuneetako zuloak eta gune hondatuak konpontzea.
Bigarren mailako errepideak
-
A-2126. Oiongo zeharbidean eta herri horren eta Nafarroako lurralde mugaren artean. Hondatutako guneen konponketa jakin batzuk
-
A-2124. Herrerako mendatean, errodadura geruza berrituta, 3 kilometro baino gehiago dituzten bederatzi bide zati osotan.
-
A-2521. N-622 errepiderako eta Izarrarako sarbideetan hondatutako guneetan konponketa jakin batzuk egitea, eta errodadura geruza berria zabaltzea 1,3 kilometroko bide tarte batean, Goiuri inguruan.
-
A-2602. Artziniegaren eta Burgosko lurralde mugaren artean. Hondatutako guneen konponketa jakin batzuk
-
A-2622. Pobes eta Espejo artean.Hondatutako guneen konponketa jakin batzuk
-
A-2620. Kruzetako mendatean hondatutako guneetan konponketa jakin batzuk egitea eta errodadura geruza berria zabaltzea Ibarrako saihesbidean.
-
A-2625. errodadura geruza berri bat konpondu eta zabaltzea 1,3 kilometroko bide tarte batean, Espejo iparraldean.
Tokiko eta auzoko sareak
Azkenik, Arabako eskualdeak elkar komunikatzen dituzten eta herrigune txiki eta ertainetarako sarbide gisa balio duten tokiko eta auzoko sareetan, guztira 67 bidetan esku hartuko da, kasu batzuetan hartxintxarrez ureztatuz eta beste batzuetan fresatuz eta bide zati osoetako zein gune jakin batzuetako zorua birjarriz. Hainbat herritako sarbideak hobetuko dira, hala nola Arrieta, Bikuña, Lotza, Montoria, Ihurre, Caicedo Yuso, Sarria eta Dallo, besteak beste.
Jon Nogales Bide Azpiegituren Saileko foru diputatu berria.
Argazkia: AFA
BIDE ZORUEN PLANA 2023