Lehorteak neguko lehorreko laboreen %20 ingururi erasan diela ondorioztatu du Jaurlaritzak, lehen sektoreko eragileekin atzo egin zen Nekazaritza eta Klima Aldaketaren Mahaiaren ondoren jakinarazi dutenez.
Nekazaritza Sailak ohar batean esandakoaren arabera, egoera "hobetu egin da" euri gehiago egin duelako maiatza eta ekainean zehar, hamahiru hilabete ondoren prezipitazioek batezbestekoa baino txikiagokoak izateari utzi diotelarik.
Diotenez, Bizkai eta Gipuzkoaren kasuan, "orokorrean egoera ez da bereziki larria", euriteek egoera leheneratu dutelako. Ekoizpenei dagokionez, urtea "normala" izango dela espero dute.
Araban, ordea, egoera "oso aldakorra" da eremu batetik bestera, baina oraindik metatutako uren eskasia dago, batez ere Araba erdialdean eta Arabako Errioxan.
Zerealen, koltzaren eta landare proteaginosoen kasuan —ilarrak edo babak— lehortearen erasana %20 ingurukoa izan dela dio Jaurlaritzak. Gauzak hala izanik ere, dagoeneko hasia den zerealen uzta "espero baino hobea" izaten ari dela aurreratu dute nekazarien ordezkariek, Jaurlaritzaren oharraren arabera.
Ureztatze laboreei dagokienez —hala nola patata edo erremolatxa—, azken euriteek lortu dute gauzek onera egitea, baina joan den asteko txingor ekaitzak sortutako kalteen beldur dira orain.
Abeltzaintzan, ardura nagusienetakoa da bazken eskuragarritasuna. Lastoaren prezioa aurreko kanpainan baino %280 garestiagoa dela dio Jaurlaritzak. Egoera arintzeko, Nekazaritza Sailak aurreratu du 1.000 tona lasto erosiko dituela Frantzian.