Azkeneko egunak dira Gasteizko Udalak eta Arabako Aldundiak abian jarri duten Gazte Sortzaileak deialdian izena emateko; uztailaren 14ra arte izango da horretarako aukera. Euskarazko gazteen sorkuntzara bideratutako beka da, eta 16 eta 35 urte bitartekoei zuzenduta dago; euskarazko sorkuntza sustatzea eta gazteek beraien sorkuntza proiektuak garatu ahal izateko aukerak eskaintzea du helburu.
Hautatutakoek 4.000 euro arteko laguntza jasoko dute eta sorkuntza prozesu osoan alboan izango dituzten profesionalek eskainitako aholkularitza. Sei hilabeteko epea izango dute esleipena onartzen duten unetik proiektua prestatzeko; tarte horretan, udaleko euskara eta gazteria zerbitzuetatik proiektuen jarraipena egingo dute.
Bi kategoria daude, eskatzailearen adinaren arabera. Bata 16 eta 24 urte bitarteko pertsonentzat, eta bestea 25 eta 35 urte bitarteko gazteentzat, eta banaka edo taldeka aurkeztu daiteke. Proiektuek ahozko adierazpenari estu lotuta egon beharko dute eta euskarazko kulturari ekarpena egitea izango dute helburu. Hainbat modalitatetakoak izan daitezke; hala nola antzerkia, bakarrizketa, poesia-errezitaldia, bertsolaritza, ikus-entzunezkoak, edo, are, hainbat genero uztartu ditzakete. Formatu txikiko jarduerak lehenetsiko dituzte.
Izena eman ahal izateko Gasteizen edo Arabako Lurralde Historikoan erroldatuta egotea ezinbestekoa da. San Martingo bulego teknikoetan edo gizarte etxeetako hiritarren arretarako bulegoetan aurkeztu behar dute proiektua. 18 urtetik beherakoek gurasoen edo legezko tutorearen baimena aurkeztu beharko dute.