Duela bi hilabete, lehen aldiz hauteskunde sindikalak egin ziren Miñaoko Novargi Industries SL enpresan. ELAk hautagai bat aurkeztu zuen, baina enpresak langilea kaleratu du orain; sindikatuaren arabera, "prozesuan zehar hautatua izan ez zedin kanpaina aktiboa" egin ondoren.
"Ez da enpresa honetan bizi izan den jazarpen sindikal bakarra, langile talde batek lehen aldiz antolatu eta hauteskundeak egitea erabaki zuenetik", ohartarazi du ELAk. "Harrezkero, sistematikoki kaleratzeak izan dira, eta enpresako giroaren ondorioz hainbat langilek borondatez alde egin dute".
Sindikatuak "harriduraz" hartu du enpresak "muga guztiak gainditu eta enpresan jarraitzen zuen hautatu gabeko hautagai bakarra kaleratu izana". Izan ere, azaldu dutenez, hauteskundeen ostean langilearekiko jarrera "nabarmen" aldatu zen: "Erantzukizunak kendu zitzaizkion, eta harremana ez zen berdina. Hori gutxi ez, eta onartezina da langilea kaleratzea, oinarrizko eskubideen urraketa garbi bat besterik ez baita".
ELA sindikatuaren zerbitzu juridikoek "tresna guztiak" jarri dituzte martxan "erasoari" erantzuteko, eta langilearen berronartzea lortzeko.